Ariane KAMIO
DONOSTIA

Euskal kulturaren soka tenkatua

EHUko Laida ikerketa taldeak Euskal Herrian garatutako kultur adierazpenetan politikak izan duen eragina aztertu du «Autonomia e ideologia: tensiones en el campo cultural vasco» liburuan. Hamar irakasleren ikerketak batu dira bertan eta literatura, artea, zinema eta futbolaren eremuetan haztatu dute autonomiaren eta ideologiaren artean euskal kulturan izan diren «tentsioak» aztertuz. Jon Kortazarrek egin ditu koordinazio lanak.

Politikak euskal kulturaren adierazpen desberdinetan izan duen eraginaren inguruko zenbait adituren hausnarketak jasotzen ditu “Autonomia e ideologia: tensiones en el campo cultural vasco” liburuak. Gatazka politikoak sortutako tentsioa euskal literaturaren eta kulturaren garapenean ere eman da. Zeintzuk izan dira politikak Euskal Herrian garatutako kulturaren adierazpen desberdinetan izan dituen eraginak? Nola islatu dira tentsio ideologiko horiek arte, literatura, zinema edo kirolean? Galdera horien erantzunak edo argipenak aurkitzen saiatu da “Autonomia e ideologia: tensiones en el campo cultural vasco” liburukia. Iberoamericana-Vervuertek editatu eta EHUko literatura katedradun Jon Kortazarrek koordinatu duen lanak Laida Literatura eta Identitatea Ikerketa Taldeari lotutako hamar bat irakasle eta ikertzaileren ekarpenak bildu ditu.

Ikerketak Itamar Even-Zoharren metodologia du oinarri, literaturaren soziologian oinarritzen den lan moldea –berak idatzi du epilogoa–. Liburuaren jatorria literaturaren eta nazioaren arteko harremanei buruzko hausnarketa izan zen. «Galiziako irakasle batek –Anton Figueroa– defendatzen du literatura minorizatuetan ideologiak beste literatura nagusietan baino pisu handiagoa duela. Literatura handietan ekonomiak agintzen badu, hemen ideologiak ere agintzen du», aipatu du Kortazarrek. Literaturan aztertu zuten lehenengo egoera hori eta gero beste eremuetara zabaldu zuten. «Tentsioa niretzat oso hitz polita da, zeren adierazten dit alde horretatik neurri batean gauzak ez daudela geldirik, mugimenduan ari garela, hau batzuetan xake partida bat izaten dela, eta mugimendu bat egiten denean beste zerbait ere mugitu egiten dela».

Ikergaiak

Liburukiaren lehenengo kapitulua Anton Figueroaren teoriak zabaltzen du, eta planteatzen du zein neurritan den autonomia alde batetik indar bat eta ideologia beste bat, eta nola gauzatzen diren indar biak. Adibide nahiko urruna ematen duela iritzi dio Kortazarrek, dena Galizian eta gerra aurrean.

Liburuan hiru adibide literario txertatu dira, horietako bi Arestirengan oinarritutakoak. Zein pisu duen Arestiren poesian ideologiak, eta neurri batean ideologia batek, Arestik defendatzen duenak, nola tentsioa sortzen duen gerraostetik datorren ideologia nazionalistarekin. Arestiren antzerkia ere aztertu dute, eta baita ere 1985ean oihartzun handia izan zuen Bernardo Atxagaren eta Txillardegiren arteko eztabaida ere, «zer egin behar ote zuen literaturak».

Literaturaren ostetik egin dira beste kultur eremuetara zabaldutako ikerketak. Tomas Harrington AEBetako irakasleak, esaterako, azaltzen du Engracio Aranzadi Kizkitzaren irudia, zein modutan Kizkitzak gerra aurrean EAJren barruan izan zuen «ikaragarrizko garrantzia eta gaur egun nola ez duen hainbesteko inportantziarik».

Horiez gain, Txomin Agirreren paisaia aztertu da, baita euskal kantagintza berria deitutakoa ere. Artean, Ismael Manterolak aztertu du kasik 60ko hamarkadatik nola joan den aldatzen euskal artea. «Artista batzuk lurraren alde, identitatearen alde nola agertu diren eta beste batzuk abangoardiaren alde eta neurri batean artearen autonomia defendatuz».

Futbolari begiratua egin dio Ekain Rojok, ikusiaz futbola zein neurritan erabiltzen den balio identitario moduan. Eta, azkenik, zinema. “Ocho apellidos vascos” izan da ikertutako lana: «Garrantzitsua zen aztertzea zergatik pelikula horrek izan duen izan duen arrakasta».

Lan gehiago ere etorriko dira: «Pentsatzen dugu tentsio bat dagoela autonomiaren eta ideologiaren artean eta hemen fruitu batzuk agertu baditugu, jarraituko dugu tentsioa ikusten den beste adibide batzuekin, beste garai batzuetan eta beste esparru batzuetan. Adibide bat jartzearren, oso garbi daukat Arestiren ostean nahi nukeela aztertu Saizarbitoriaren lanean aberriaren alde eta kontra nola agertzen den tentsio hau», amaitu du Kortazarrek.