Amalur ARTOLA
LEKAROZ
Interview
ERNESTO PRAT URZAINKI
IDAZLEA

«Baztan berde, bukoliko eta polit honetan ere bada miseriarik»

Hiru liburu, eta hirurak ihesean zela idazten hasiak. Idazteak, etxera itzularazten duelako. «Hiru ilargi laurden»-en ostean (Metaziri, 2013), literatura erotikoari helduta idatzi zuen «Orpoz orpo» (Txalaparta, 2014), eta «Telleria eta gero, zer?»-ek nobela beltzean korapilatzera eraman du.

Aroztegiko proiektuari argi berdea eman berri dio Nafarroako Gobernuak. Lekarozko eremu horretan, luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitza egin nahi dituzte; 340 biztanleko herrian. 2009an, lekaroztarrek ezetz esan zioten proiektuari; 2016an, Baztan osatzen duten hamabost herriek. Eta, hala ere, aurrera jarraitzen du makroproiektuak, Lekarozera bertan nahi ez duten turismo eredu bat ekarri eta bertako errealitatea errotik eraldatuko lukeenak.

Trama horri lotuta eta Aroztegia “Telleria” berrizendatuta, espekulazioa, ustelkeria, momia egiptoarrak, musika asko, kamiseta erreibindikatiboak eta, batez ere, «benetako» Baztanen geografia zeharkatzen duen eleberri beltza idatzi du Ernesto Prat Urzainkik.

Gai horri nobela oso bat eskaintzeko, garrantzitsua behar du zuretzat Aroztegiko aferak.

Bai. Betidanik erakarri izan naute balizko garapen horren gaineko gaiek. Itoizko mobidetan parte hartu dut, AHTren aurkako zenbait ekintzatan, Erdiz Bizirik-en eta Aroztegian ere bai. Aroztegikoa harri berean bi aldiz muturkatzea da. Halako proiektuek hanpatu zuten higiezinen burbuila eta gero pikutara joan zen eta krisia etorri zen, baina hala ere segitzen dute eskema berberarekin. Proiektu espekulatzaileak egin dituzte turismoaren eta garapenaren izenean, eta Baztanen bertan, Erratzun, bada urbanizazio fantasma bat: espaloiak eta farolak daude eta ez dago etxerik. Eta, gainera, hango promotoreetako bat Aroztegiaren aferan sartua dago... Ikusten da eredu horrek ez duela funtzionatzen, baina errepikatu egiten da eta, makurragoa dena, errepikatzen da instituzioen babesarekin.

Nafarroako Gobernuarena?

Lehen proiektuan promotoreek egin zuten atzera; beste promotore batzuek aurkeztu zuten proiektu berria, eta auzitegiek bota zuten atzera; bigarren bat aurkeztu zuten eta hori kudeatu dute UGPS, alegia, udalaz gaindiko eragina duen plan sektorial baten bidez. Horren tramitazioa orain bi urte onartu zuen UPNko Gobernuak eta orain, nahiz eta Geroa Bai dagoen, segitu du aitzinera, argudiatuz UGPSa gibelera botaz gero kalte-ordaina eman behar zaiela promotoreei. Baina UGPSa onartu eta bi urtera obrak ez badira hasten kalte-ordainaren aukera deuseztatzen da. Orain beste argudio batzuk darabiltzate, lana, turismoa... denok dakigularik azkenean lau gorbatadun aberastuko direla eta herritarrek, nekazari eta abeltzainek, krisian segituko dutela.

Errealitateari asko lotzen zaion eleberria da. Zenbat du egiatik?

Gauza erreal pila bat daude. Telleriaren gatazkaren inguruko trapu zikin gehienak egiazkoak dira, datuak, iruzur fiskalak... horiek guztiak Aroztegiko promotoreek egin dituzte eta prentsan ere argitaratu dira; nik txertatu ditut traman Aroztegia kendu eta Telleria ipinita. Eta ematen du fikzioa, pasatu egin naizela trapu zikinekin, baina egiazkoak dira.

Noiz erabaki zenuen afera hori literaturara eramatea?

Ihesean egon nintzen lau urtez eta, 2009an, ailegatu zitzaidan eskuorri bat, informazio pila batekin. Borroka horretan parte hartu nahi nuen eta, denborari aurre egiteko ipuinak idazten hasia nintzenez, zirriborro bat idatzi nuen. Gero, jada Lekarozen, (H)ilbeltza kolektiboarekin hasi ginelarik nobela beltzaren astearen antolakuntzan, Joseba Otondok [egun Baztaneko alkatea] zirriborroa berrartzera motibatu ninduen, eta hurrengo (H)ilbeltzan Jon Alonsorekin pote bat hartzen galdetu zidan ea zerbait idazten ari nintzen. Blokeatua nengoela esan nion, eta igortzen banion kritika egingo zidala esan zidan.

Aste batzuetara, bi e-mail igorri zizkidan ekarpen pila batekin eta hirugarren zirriborro bat idatzi nuen, argitaletxetara bidali nuena. Jon Alonsoren ekarpena funtsezkoa izan zen, kritika zintzoa egin zidan, nik kontuan hartu nuena.

(H)ilbeltza da Lurra emakumezkoa izatearen arduraduna.

Mutila zen hasieran. Antzeko ezaugarriak zituen, kinki itxurakoa eta horrela, baina ez nuen sobera garatua. Lehenengo (H)ilbeltzan, Itxaro Bordak eman zuen solasaldi bat aztertuz, nobela beltzetako pertsonaiak ikusten zen argi eta garbi, salbuespen batzuk kenduta, denak zirela gizonezkoak, heterosexualak, erdi alkoholikoak eta emakumeekin harreman gatazkatsuak zituztenak. Bordak sortu zuen Amaia Ezpeldoi, detektibe lesbiana. Eta nik pentsatu nuen nobela beltza idaztekotan nahi nuela ere emakumeen papera aldarrikatu eta mundu heterosexualarekin apurtu. Hortik etorri zen Lurra, eta gertatu da gauza kurioso bat: aldatu dizkiot joera sexuala eta sexua, eta esaten didate Lisbeth Salander-en itxura izaten ahal duela. Beharbada fisikoan, baina Salanderrek du memoria fotografikoa, antisoziala da.... eta Lurra da justu kontrakoa, zalantza aunitz ditu, arras soziablea da, bestan eta musikan eta gaztetxean ibiltzen da, plataforman militatzen du. Eta bisexuala da, heterosexuala eta lesbiana ez izateagatik.

Ez da ez polizia ez ikertzailea.

Polizia ez zela izango argi nuen. Nik polizia-nobela eta nobela beltza desberdintzen ditut: polizia-nobeletan eskema sinpleagoa da, hilketa bat gertatzen da eta nobelan zehar bilatzen da hilketa argitzea. Beltzean, eskema konplexuagoa da. Zerbait gertatzen da –hilketa bat nahi baduzu–, horren gainean eraikitzen da bertsio ofiziala eta bada kazetari, detektibe edo herritar bat sinesten ez duena eta hasten dena trapu zikinak bilatzen, egia bilatzen bertsio ofizialaren gainetik. Niretzako poliziak ez du sinesgarritasunik, eta Euskal Herrian gutxiago, egiaren bila joateko. Bertsio ofiziala defendatzeko bai ikusten dut naturaltasun osoz, baina egia bilatzen duena da errebeldea, antisistema edo ezkertiarra. Orduan, kinki bat, hori etortzen zitzaidan bertsio ofiziala dudan jartzeko.

Lurraren osaba Luzio azaltzen den bakoitzean daraman kamiseta erreibindikatiboen berri ematen zaio irakurleari.

Herri mugimenduak goraipatu nahi nituen. Baztan euskalduna eta kakotx artean abertzalea da, baina baita oso pentsaera kontserbadorekoa ere eta pertsonaia ardibeltz edo errebelde hauek horrekin haustera datoz. Baztanen badelako horrelako jenderik. Pertsonaia deskribatzeko modu bat ere bada, zer eramaten duzun, zure ideologiaren pista ematen ari zarelako. Luzio Lurraren aitaren anaia da, eta Lurraren aita da kontserbadore nabarrista, UPNko parlamentaria, eta bertze anaia da ardi beltza, iraultzailea.

Bestelako xehetasun asko ere ematen dira, hasi ostatuetatik eta garagardo marketaraino.

Hori ekarri dut ihesean nengoen garaitik. Ihesean nintzelarik idazten nituenak baziren modu bat Baztan kurritzeko; Baztandik urrun nintzen, fisikoki oso urrun eta etorkizunari begira ere iruditzen zitzaidan oso urrun nengoela, eta gozatzen nuen Zubi Punta bisitatzen, Elizondoko gaztetxean kontzertu bat ikusten... Ez nituen bilatu zehaztapen horiek, atera zitzaizkidan behar nituelako, agian etxetik hain urrun ez sentitzeko.

Lehendabiziko eleberria ere ihesean idatzi zenuen.

Bai, eta “Orpoz orpo” [literatura erotikoa] ere bai. Lehen partea ihesean, bigarrena espetxean.

Bitxia da: zehaztapenez josi duzu eleberria, baina sexu eszenetan irakurlearen irudimena jarri duzu lanean.

Hori da Jon Alonsori kontuan hartu ez nion kontu bat (barreak). Erraten zidan sexu eszenak beste modu batera, esplizituago beharbada, idatz nitzala, baina “Orpoz orpo”-n dagoen sexu guztia idatzi eta gero, ez dakit, ez nuen sexuari hainbertze garrantzia emateko gogorik. Agian jendeak beste zerbait espero zuen, baina... sexua nahi duenak aski du “Orpoz orpo” hartzea (barreak), hor badu nahi adina.

Egungo literaturan zenbait autore ematen ari diren Baztanen irudi idilikotik urrundu zara.

Ez da hautu kontzientea izan, baina ohartu naiz herri mugimenduen Baztan, herritarren Baztan agertzen dela liburuan, ohiko egoerak, errepideetako kontrolak... Baztanen daude foralak, guardia zibilak eta, mugan egoteagatik, Otxondo eta Azpegi aldean polizia nazionala eta batzuetan jendarmeak, elkarlanean. Hemen badaude kolore guzietako poliziak. Eta denok dugu buruan kotxea hartzean, Arraiozko errotondan ez bada Ordokiko bidegurutzean egon daitezkeela. Liburuan agertzen dira kontrol batzuk... Baina zoritxarrez, literaturak beste Baztan bat agertu du: mitifikatua, berdea, lainopekoa eta naturari atxikia... baina hau leku normal bat da. Beharbada, leku hori eraiki da hemendik kanpo idatzitako literaturan; ez da kontatu, adibidez, mutil-dantzan emakumea baztertzeko saiakerak egiten direla, desahuzioak daudela... Baztan berde, polit, mitiko eta bukoliko horretan horrelako miseriak ere badaude eta, hemendik idatzita, naturaltasun osoz sartzen dira miseria horiek guztiak liburuan.

Eleberri horiek turismoaren gorakada nabarmena ekarri dutela esaten da...

Bisitak aunitz handitu dira. Bertze eztabaida bat da ze garapen klase, ze turismo klase bilatzen duzun. Lehengoan Whatsapp-ez igorri zidaten Madrilgo agentzia baten iragarki bat, antolatzen dituena autobus bidaiak Baztanera: Iruñean gaua pasatu, Bertizera etorri, Elizondon ibilbide literarioa egin eta buelta Iruñera. Horrek zer aportatzen dio Baztani? 50 pertsona horiek ezagutu al dute Baztan? Ba, ez. Fikzio batean oinarritutako istorio bat kontatu diete eta badira pare bat negozio negozioa egiten dutenak: turistak ardiak bezala ikusten dituzu txokolatea erosten, eta dendatik autobusera. Denak poltsekin.

Nik uste ekarri duela jende aunitz Baztanera, baina ez zaie erakusten zergatik diren etxeak horrelakoak, ez dakite hemengo hizkuntza euskara dela, ezta Baztango lurren %80 komunala dela ere.

Liburu eta pelikula horiek produktu komertzialak dira eta hori diren heinean sosak sortzen ari dira batzuentzat, kontsumoan oinarritutako turismo zikin bat bultzatuz. Turismoa, garapena bezala, ona izaten ahal da segun eta ze neurritan.

 

«Erdal munduak orain ‘deskubritu’ duen arren, Baztan betidanik egon da euskal literaturan»

(H)ilbeltzak, Baztango nobela beltzaren asteak, hirugarren edizioa bete du. Badirudi bide onetik doala.

Bai, hemen Idazleekin Solasean izeneko ekimena egiten da eta bertan genbiltzan kide batzuk ikusten genuen erdal munduak “deskubritua” zuela Baztan eta amorrua ematen zigun, euskal literaturan betidanik existitu izan baita. Iruditu zitzaigun euskarazko literatur aste bat izan zitekeela Baztan euskal munduan kokatzeko modu bat eta nobela beltza zela arras genero aproposa kritika soziala egiteko, gizartearen trapu zikin eta ilunak agertzeko. Euskal komunitateak arras ongi hartu zuen eta urtetik urtera pixka bat handituz joan da.

Nobela beltza, beraz, bada zenbait salaketa bestela agian iritsiko ez ziren irakurleengana iristeko bidea.

Beltzak kritika soziala egiteko balio du, kontua ez baita zer gertatu den hilketa batekin baizik eta horren inguruan zer dagoen, ustelkeria, bazterketa, arrazismoa... eta azkenean denak du halako kutsu ezkertiar bat, nahiz eta eskuineko nobela beltzak ere badiren.

(H)ilbeltza bada ikasteko modu bat ere, eta klasikoak aldarrikatzekoa. Klasikoen artean aipatzen da Mariano Izetaren “Dirua galgarri” (1962) izaten ahal dela euskaraz idatzi zen bigarren nobela beltzeko liburua, eta hori (H)ilbeltzari esker jakin da. Elizondoarra da Izeta eta hemen denok ezagutzen dugu, euskararen aldeko lanagatik eta abarrengatik, baina oso gutxik zekiten nobela beltzarena. Eta, zeharka, euskal kultura aldarrikatzeko modu bat ere bada (H)ilbeltza. Erraten ari dira liburu batzuek paratu dutela Baztan literaturaren mapan eta nik erraten dut erdal literaturan paratuko zela, Baztan euskal literaturan aspaldi dagoelako. Erdal munduak jaten gaitu, erdal munduan gertatzen denak baldintzatzen du dena; ba, gure txikitasunean, gure errealitatea aurkeztu nahi dugu.

Nobela beltzaren sustapena ere hartu duzue helburutzat, beka bat sortuta.

Probatzen ahal genuela pentsatu genuen. Udalak bazuen partida bat, Txalaparta ere gogotsu da eta hiruren artean egin dugu.

Herri mugimenduetan ikasia dugu gauzak konplexurik gabe egiten, sinesten egiten ahal dugula nahi dugun guztia, indarra gure baitan dagoela. Eta, bidea, ibiliz egiten dela.A.A.