Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Nothomb eta Pla euskarara ekarri ditu Igela argitaletxeak

Amelie Nothomb idazle belgikar-japoniarraren «Hodien metafisika» eta Josep Pla-ren «Kale estua» eleberriak euskaraz eman ditu argitara Igela argitaletxeak, Garazi Arrula eta Jexux Mari Zalakainen itzulpenekin, hurrenez hurren. XX. mende erdialdeko Kataluniara garamatza Plaren kontakizunak; autismoaren bidezidorretatik barrena, Nothombek.

Aktualitateak begirada Katalunian fokatzen duen honetan, «kasualitate kosmiko» gisa izendatu zuen Igelako editore Xabier Olarrak Katalunia eta Belgikarekin zerikusia duten bi liburuen aurkezpena. Izan ere, katalana da Albert Pla eta haren “Kale estua” eleberria ekarri du euskarara Jexux Mari Zalakainek eta, bestetik, nerabezarora arte Japonian hezia izan bazen ere, jatorri belgikarra du Amelie Nothombek eta honen “Hodien metafisika” nobela itzuli du Garazi Arrulak.

«Bi eleberri zerikusirik ez dutenak, baina bata bestea bezain interesgarria», ohoratu zituen lanok Olarrak.

Zalakainek espetxean zela itzuli zuen Pla-ren “El carrer estret”. «Ilusio berezia egiten dit liburu hau kalean ikusteak, oso baldintza kaskarretan, kartzelan eta eskuz baitago idatzia», esan zuen itzultzaileak, eta eskerrak eman zizkien eskuizkribuak transkribatzen eta txukuntzen lagundu zioten Joserra Etxebarria eta Joseba Azpeitiari. Baita Humberto Roma kazetari katalanari ere, hark espetxera bidalitako «liburuz betetako pakete» baten bidez izan baitzuen Pla-ren berri. «Nire katalana hobetzen nenbilen, kartzelak ematen duen denbora aprobetxatu nahirik,» eta Palafrugellen jaiotako (1897-1981) autorearen berri izan zuenean interesgarri iritzi zion euskal irakurleentzat, XX. mende erdialdeko Kataluniaren berri ematen baitu.

Zalakainek zehaztu zuen Pla katalanista kontserbadorea izan zela, eskuindarra, pragmatikoa «eta frankismoarekin jolasean baino gehiago ibilia». Hala ere, bere hizkuntzarekiko maitasuna adierazi izan zuela nabarmendu zuen Zalakainek eta, kazetaria izan zenez, idatzi zituen lanetatik gehienak kronika edota erreportajeak zirela ere esan zuen. “Kale estua” eleberria stendhaltarra dela ere esan zuen: «Stendhalek zioen ‘bide batean zehar ispilu bat pasatzea besterik ez da nobela’, eta horrelaxe osatu zuen Plak bere nobela hau: Torrelles deritzan herri bateko zoko eta pertsonaia guztien ispilua pausatu eta isla hartuz». Plak Kataluniako herri txiki horretako giroa du hizpide eleberrian eta bertara bizitzera doan albaitaria da kontakizuneko protagonista: irakurleak haren begietatik jasoko ditu herriko pertsonaia eta bitxikerien inguruko kontuak. Idazlearen estilo zorrotza eta hitz bakoitza aukeratzeko zein adjektibatzeko zuen gaitasuna ere goraipatu zituen itzultzaileak, «zaporea, doinua eta esanahia gustatzen zaionarentzat da nobela hau, gustura irakurtzekoa».

Azkenik, Zalakainek nabarmendu nahi izan zuen haur literatura alde batera utzita katalanetik euskarara itzuli diren «bospasei» eleberri besterik ez daudela, eta hori ere izan duela Pla euskarara ekartzeko arrazoi.

Nothomben megalomania

Bestetik, gerraosteko Japonian kokatu zuen Nothombek “Hodien metafisika”. «Mendebaldeko okupatzaileak, estatubatuarrak bereziki, garaile eta haien nahieran ibili ziren herrialde suntsituan», zehaztu zuen Olarrak, aurkezpenean egoterik ez zuen Garazi Arrula itzultzaileak bidalitako testu bat irakurriz. Testuaren hasieratik bertatik idazleak «malabarismo filosofikoak» darabiltzala esan zuen eta Bibliari eta bestelako testuei erreferentzia «sarri inplizituak» ere badaudela nabarmendu. «Hala, mistikotasun kutsu batek estaltzen du liburua», azpimarratu zuen.

Nobela honetan Nothombek autismoa du hizpide. Olarrak aditzera eman zuenez, Enric Gonzalezi emandako elkarrizketa batean Nothombek bi urtera arte autismoa izan zuela ziurtatzen du, diagnostikorik egon ez bazen ere, eta amonak emandako txokolate zuriaren bidez «sendatu» omen zen autismotik. «Neure buruarekin elkarrizketa zeharo megalomanoan aritzen nintzen, Jainkoa nintzela sinetsita nengoen», kontatzen du Nothombek aipatu elkarrizketan, eta bizipen horiek partekatzen ditu “Hodien metafisika”-n.

Eleberria itzultzeko orduan tonuarekin asmatzea izan da Arrularentzat ataka handiena. «Tonua iruditzen zait ematen zailena, larritasun umoretsu hori; Nothomb ezaugarritzen duen esajerazio naturalizatuak eta zinismo zorrotzak blaitzen du liburu hau ere», ziurtatu zuen.