Amalur ARTOLA
DONOSTIA
JULEN KALTZADA HIL DA

Umezurtz utzi du aberria

«Probidentziala izan da», pentsatu du askok Julen Kaltzadaren heriotzaren berri izandakoan. 82 urte zituela hil da, bere memoriak argitaratu eta bost egunera. Herri Gaztedi, Burgosko prozesua, AEK… Bere bizipenekin batera, Euskal Herriko azken zortzi hamarkadetako mugimendu sozial eta politikoen lekukotza ere utzi du. Hori, bere azken ekarpena.

1935. urtean jaio zen Julen Kaltzada, Busturian. Aita, berak bi urte eskas zituela, Gernika suntsitu eta gutxira hartu zuten atxilo eta urte bereko abuztuan fusilatu zuten Derioko hilerrian. Aita ezagutu gabe, zazpi senideko etxe batean, ama alargunarekin batera izan zen hezia. Bizipen horrexekin abiatzen du Julen Kaltzadak bere memorien kontaketa, iragan ostegunean aurkeztu zen “Umezurtzen aberria” (Txalaparta) liburuan.

Etorri behar duenaren iragarlea balitz bezala, bost egun beranduago, atzo, zendu zen Euskal Herriko mugimendu sozial eta politikoetan buru-belarri jardun zuen gizona, bihotzeko ebakuntza baten ostean. Busturiko semea larunbatean agurtuko dute, Andra Mari elizan 17.00etan abiatuko den hileta-elizkizunean. Ondoren, omenaldi zibila egingo diote zortzi hamarkadako ibilbidean zehar alboan izan dituen senide, lagun eta herrikideek.

Bizi izan zituen 82 urteetan pilatutako oroitzapenak hustu zituen Kaltzadak “Umezurtzen aberria”-n. Eta, horiekin batera, Euskal Herriko azken 80 urteetako borroka sozial eta politiko bizienen testigantza ere utzi du. Izan ere, busturiarra ez zen geldirik egoteko jaioa: 1958an apaiztu eta Herri Gaztedi mugimenduan aritu zen lanean. Bizkaiko Ikastolen sorreran hartu zuen parte. Derioko itxialdian ere egon zen. Eta, frankismoaren aurkako borrokan buru-belarri sartua zela, 1969an beste lau abaderekin batera torturen kontrako gose greban parte hartzeagatik hamar urteko zigorra ezarri zioten, «errebelamendu militarra» egotzita. Zamora ezagutu zuen. Baita historiara Burgoseko prozesua izenarekin pasatu dena ere: Iurretako abade-etxean ETAko militanteak hartu izana egotzita hamabi urteko zigorra ezarri zioten. 1977ko amnistiarekin berreskuratu zuen askatasuna.

Urte horietaz Txalapartak argitaratutako “Euskadi eta askatasuna. Euskal Herria y la libertad” (1993) bilduman mintzatu zen Kaltzada bera. «Iurretan nengoen jada ETAren lehen atrakua izan zenean (...). Orduan izan zen abade bat etorri zitzaidanean beste hiru mutilekin, etxean gau batez gorde ahal nituen galdetuz (...). Zelan ez nien utziko, bada? Abade bat izanik mundu guztia hartu behar duena, pekatariak onartu behar dituena, denei lagundu behar diena. Kontra egitekotan, goiko zanpatzaileei bakarrik», ziurtatzen du elkarrizketan.

Burgoseko prozesua ere aipatzen du: «Luzatuz eta luzatuz zihoan. Denon artean prestatzen genuen zer esan behar genuen. Judizioa apurtu genuen eguna hunkigarria izan zen. denok zutik eta besoa gora ‘Eusko Gudariak’ kantatzen… Francoren erregimenaren kontrako epaiketa nola bilakatu zen».

Bere izaeraz, zituen iritziei duintasunez tinko eusteko zuen adoreaz, ere egin zuen berba: «Ni ez naiz aurpegi-handia, lotsorra baizik. Serioa bai, eta batzuetan berba gutxikoa, baina ez aurpegi-gogorra (...). Eskua ez ezik berba ukatu izan diot inoiz bati baino gehiagori. Makina bat agintari fariseo baitugu, beren kopeta ‘demokraziaz’ apaindu eta Euskal Herria saltzen dutenak».

Kaltzadaren izaera irmo horren berri badu Xabier Amurizak. «Oso metodikoa, zehatza, bai kartzelan bai kanpoan bai denean, berak pentsatua zeukan hori oso metodikoki eramaten zuen aurrera eta oso inflexiblea zen bere iritzietan, tinkoa. Burugogorra, baina batez ere ekintzailea». Apaiz garaian ezagutu zuten elkar, 60ko hamarkadan. «Euskal Herriko pizkunde garai horretan Julen izan zen erreferentzia handienetakoa». Zamorako espetxean euren bizitzak batera joan ziren: «Min-minak, lagunak, hurbilekoak ginen», ekarri du gogora heriotzaren berri izandakoan etsipenak hartu duela ziurtatzeaz batera, eta espetxetik ihes egiten ahalegindu zirenekoa etorri zaio gogora: «Tunel bat egin genuen, 17 metrokoa, kanporaino. Ihes egitea bakarrik falta izan genuen; orduantxe harrapatu gintuzten. Julen zen ihes egin behar zuenetako bat, bera zen Jon Etxaberekin batera kondena luzeena zuena, hogeita bi urte. Kartzelan motin bat ere egin genuen –gaineratu du–, sei-zazpi pertsonako nukleo bat geratu ginen isolaturik, eta Julen ere hantxe».

Euskalgintza batuz

Francoren heriotzak ireki zuen panorama berrian, “Egin” egunkariaren sorreran hartu zuen parte. Euskalgintza ere izan zen bere bizitzako beste ardatzetako bat –gazteleraz jakin ez eta erdaraz apaiztu behar izan zuen bezala alfabetatu behar izan zuen gero euskaraz herriz herri mezak eman ahal izateko– eta 80ko hamarkada AEKren gidaritzan eman zuen. Koordinakundearen arduradun zela eratu zen AEK zazpi herrialdeetan eta lehenengo Korrika ere orduan egin zen. Egunkaria Sortzen taldeko kidea ere izan zen.

Garai haietan ezagutu zuen Kaltzada Beñi Agirrek. AEKko arduradun zen Kaltzada, Gipuzkoakoa eta lehendakariordea Agirre: «Urte zailak ziren, baina ilusio handikoak, mugimendu handikoak. Aire berriak zetozen eta euskalduntze alfabetatzea ez zegoen hortik kanpo. Julen sekulako grina eta nortasuna zituen pertsona zen. Oso lotuta zegoen Bizkaiko taldearekin, baina bere bizipenengatik Euskal Herri osoko perspektiba zuen eta bere figura ere oso garrantzitsua izan zen herrialde guztietako jendeak elkartzeko eta proiektua amankomunean jartzeko». Bere izaera nabarmendu du batik bat Agirrek: «Bere nortasuna, bere grina, bere euskararekiko zaletasuna eta baita jendea biltzeko gaitasun hori. Denetariko jendea ginen, gazteak, zaharrak, kultura ezberdinetakoak, baina bera gai izan zen denak bere ingurura bildu eta proiektu enblematiko bat martxan jartzeko».

Azken hamarkadak idazletzari emanak bizi izan zituen. “Herriak eta Gizonak” (1979) saiakera idatzi zuen, Klasikoak eta Gaiak argitaletxeentzat hainbat itzulpen egin zituen eta Euskal Herriko hainbat hedabidetan (“Zeruko Argia”, “Anaitasuna”, “Argia”, “Egin”, “Egunkaria”, GARA, “Berria”...) bere pentsamendua eta herriarekiko maitasuna adierazten zituen hainbat artikulu idatzi zituen.

Inurri lana

“Umezurtzen aberria”-n bildu ditu oroitzapen guzti horiek Kaltzadak. Bere eskuz eta oroimenez idatzitako liburua den arren, busturiarrak aurtengo uztailaren 18an, 82 urte bete zituen egun berean, jakin zuen bere memoriek argia ikusiko zutela. «Bi aurkezpen egin genituen, bigarrena Bilboko Kalderapekon», azaldu du Amurizak. Berak eta Martin Orbek idatzi diote hitzaurrea, eta Edorta Jimenezek egin ditu edizio lanak. Tartean, baina, berrehun pertsonak jarri dute liburua argitaratu ahal izateko dirua. Auzolanean.

Lehen aurkezpena, Kaltzadaren urtebetetze egunean egin zuten. «Bildu ginen lagun talde handi xamar bat, bazkaltzen. Berak ez zekien garbi zertarako, ilobek, arrebak... ekarri zuten. Orduan iragarri genion liburua egina zela. Berak hori guztia aspaldi utzia zuen bere iloba batengan, Joxerrarengan. Hark jarri zuen prozesua martxan, dirua bildu zen liburua egiteko eta... Pentsa. Berak ez zuen espero, momentu horretan behintzat, liburua argitaratu izana. Hunkigarria izan zen beretzat».

Biografian, haurtzarotik hasi eta bere bizitzako une gogoangarrienak biltzen ditu Kaltzadak, munduaren inguruan zuen ikuskera, ekintzaile nekaezinak errealitatea iraultzeko duen gaitasunaren gaineko kronika. «Liburua irakurtzen duenak hor aurkituko du Julen», amaitu du Amurizak.