Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA-KARAKORUM

Zortzimilakoen neguko denboraldiak ateak zabaldu ditu

Hiru espedizio dira Himalaiako eta Karakorumeko erraldoiak igotzen saiatuko direnak. Bigarren urtez jarraian, Alex Txikonen erronka Everest izango da. K2 mendian, berriz, talde poloniar batek jardungo du. Eta Nanga Parbaten, Elisabeth Revol eta Tomek Mackiewiczek.

Everest, K2 eta Nanga Parbat; horiek dira neguan igo nahi diren zortzimilakoak. Mugimendua hasi da dagoeneko, hori erakutsi zigun iragan abenduaren 24an Alex Txikonek. Etxekoa egun horretan Katmandura abiatu zen, eta laster da kanpaleku nagusia antolatzen. Duela aste pare bat kazeta honetan aurreratu genuenez, lemoarrak, bigarren urtez jarraian, Everest (8.848 m) izango du helburu.

Jakina denez, munduko mendi garaiena oxigeno artifizialik erabili gabe igo nahi du. Hori da bere benetako erronka; izan ere, orain arte inork ez da pastelaren ginga hori eskuratu. Everest “neguan”, berez, hamabost mendizalek erdietsi dute. Eta horietako batek, Ang Rita nepaldarrak, igoeran zein jaitsieran ez zuen oxigenorik erabili. Gailurra 1987. urteko abenduaren 22an egin zuen; beraz, neguaren lehen egunean. Baina araudirik gabeko kirol “arautu” honetan igoera hori ez da “ontzat” eman; hots, ez da negu astronomikoan eginiko benetako gailurra izan.

Hori da, hain zuzen ere, Txikonek bilatzen duena: behin betiko “mamuak” uxatu. Horrekin esan nahi dugu espedizio guztia (hasi zein bukatu) negu astronomikoan egingo duela.

Irizpide hauek, nolabait esan, kontsentsua dute. Baina badira beste izaera bateko iritziak dituztenak. Adibidez, Denis Urubkok dio benetako neguko igoera bat lortzeko espedizioa abenduaren lehenean hasi eta otsailaren 28an bukatzen dela. Hain zuzen ere, bi hilabete horietan jarduten dela negu gordinean, eta ez martxoko udaberriko giroarekin.

Horretaz gain, bada beste irizpide bat. Nepalgo Gobernuak irizpide administratiboa indarrean jartzen du: neguko espedizioei eman beharreko baimenak azaroaren 15ean ematen hasten da.

Iritziak iritzi, irizpideak irizpide, euskal mendizaleak kontsentsu zabalena duen “arauari” eutsi dio. Horretarako etxetik abenduaren 24an irten zen, eta laster batean lanean topera ikusiko dugu.

Iazko espedizioarekin alderatuta, badira azpimarratzekoak diren hainbat aldaketa eta hausnarketa. Jakina, iazko eskarmentuak beste ikuspegi bat eskaini dio. Lehenik eta behin, iazko konfiantzazko kidea, Carlos Rubio, ez du alboan izango. Fitxaketa hori ez zitzaion batere ondo atera, eta oraingoan Ali Sadpararekin jardungo du. Gogoan al du irakurleak Txikon eta Sadparak (Simone Mororekin batera) Nanga Parbat mendiaren lehen neguko igoera sinatu zutela?

Espedizio horretan ez bezala, badirudi pakistandarrak gailurreko saioa egiteko aukera badu, oxigenoa eramango duela. Gai horren inguruan, mendizale bizkaitarrak iritzi argia du: «Botilak erabiltzen baditu, tontorra lortzeko aukera gehiago izango ditu. Aliri Everest neguan igotzeak ateak zabaltzen dizkio, eta, nire kasuan ez bezala, oxigenoarenak ez du hainbesteko garrantzirik. Han gaudela argituko dugu, baina uste dut oxigeno artifiziala eraman behar duela. Gure ondoan lanean izango diren xerpek, ordea, erabiliko dute. Iaz zazpirekin eta bi ‘Ice Doctors’-ekin (Izotz-Jauzia ekipatzen espezialistak diren xerpak) egon nintzen; orain, berriz, ziur aski dozena erdi bat xerpa».

Hain zuzen ere, glaziar kaotiko zein arriskutsu hori ondo baino hobeto hornitzeko, Txikon eta enparauek lanak beste era batera egingo dituzte: «Glaziar horren bidea ondo aseguratzeko, iaz lan eskerga egin genuen. Hots, indar asko erre genituen kanpaleku nagusiaren eta lehen kanpalekuaren artean. Iazkoa, bederatzi eguneko lana izan zen; aurten, berriz, lasaiago hartuko dut. Horretaz gain, neguan prezipitazio gutxi egiten du. Iaz 81 egunetik hirutan soilik. Ez du elurrik egiten, mendia izotz hutsa da eta lana, gogorra izateaz gain, teknikoa da. Horri haizete bortitzak gehitu behar zaizkio. -50 °C-ko tenperaturari haizea gehitzen badiozu, garaieran baldintzak oso muturrekoak dira. Horregatik, ‘barealdiak’ aprobetxatu behar dira; jakina, lasaitasun osoz. Kanpalekuen arteko lana ziur aski aldatu egingo dugu. Hori etxeko epeltasunetik diot; han ikusiko dut zer egin. Baina, inolako zalantzarik gabe, saioaren giltzetariko bat pazientzia izango da. Iaz, adibidez, laugarren kanpalekua (ia 8.000 metrora), otsailaren 4rako pronto genuen. Hiru aldiz kota horretara heldu ginen. Itxarotea zailena zen, eta orain argi dut den-dena barneratua dudala; jakin badakit zer egin behar dudan».

Txikonen espedizioaren inguruan eite eta ertz gehiago aztertu daitezke, baina, beti gertatzen den bezala, espekulazioak besterik ez dira. Lemoarrak eginiko azken hausnarketa bat aipatuko dugu: «Lanari dagokionez, argi daukat batez ere gailurreko saio bat egiterakoan %70 lan psikologikoa dela, eta estres une zehatz horietarako prest behar duzu egon. Gainerako %30a honako zerrendan kokatzen dut: sasoi zein teknika ona, estrategia, planifikazioa...».

Beste bi

K2 mendia (8.611 m) da neguan igo gabe geratzen den zortzimilakoa. Beste erraldoiekin alderatuta, gainera, hiru saio izan ditu soilik. Laburbilduz, lehen bietan Krysztof Wielicki izan zen protagonistetako bat; hirugarrenean, berriz, Errusiako hamazazpi laguneko espedizio bat.

Wielicki aipatu dugunez, aurreratu behar dugu, egin zuen bigarren espedizioan bezala, oraingoan ere taldeburu joango dela. Eta harekin izango dira garaiera handiko mendietan neguko jardueretan eskarmentu handia duten Poloniako hainbat kide: Denis Urubko (egun poloniar herritartasuna du), Janusz Golab, Artur Malek, Dariusz Zaluski, Adam Bielecki, Marcin Kaczkan...

Txikonek bezala, Poloniako espedizioaren buruak garbi dauka aukera oso gutxi dutela. Gainera, Wielickik berak aitortu duenez, Himalaian ez bezala Karakorumen eguraldi oneko leihoak askoz murritzagoak dira. Eta, horretaz gain, haizeteak zein hotza askoz ere latzagoak dira: «Jakin badakigu, oso eguraldi makurra izango dugula; negu oso-oso gordina espero dugu. Baina, hala ere, saiatu behar gara. Gainera, poloniarrok Everestekin neguko zortzimilakoen zerrenda zabaldu genuen, eta polita izango litzateke K2rekin amaitzea».

Wielickik ere aurreratu du hego isuritik igotzen saiatuko direla: «Bideari dagokionez, oraindik ez dakit. Bi aukera aztertu dut: Abruzzos ezproia edo ohiko bidea eta Tomo Cesenek hasi eta euskal mendizaleek amaitu zuten marra. Baldintzek markatuko dute dena. Alabaina, jakin badakit, 7.800 metrora dagoen laugarren eta azken bibaka giltza izango dela. Hortik tontorrera 800 metro daude. Eta igo eta jaisteko eguna oso motza da. Horrez gain, kota horretaraino soka finkatzea ere arazo handia izango da. Eskaladak ez nau beldurtzen; jaitsierak, berriz, bai».

Azkenik, Tomek Mackiewicz poloniarrak Nanga Parbatekin “obsesionatuta” jarraitzen du; bere zazpigarren espedizioa du. Elisabeth Revol frantziarra, laugarren aldiz, sokakide izango du. Ziur aski Messner-Eisendlen bidetik hasi eta amaiera Kinshofer edo Buhlen bideetatik egingo dute.