Iratxe ESPARZA
HELDUEN LITERATURA

Egiak

Dagokigun ipuin bildumaren protagonista batek bere buruari egia zer den galdetzen dio, egiak norberaren barrualdean hazten eta ekoizten direlako, eta, ondorioz, anitzak, subjektiboak eta egoeraren arabera aldakorrak dira; horrenbestez, ez absolutuak ez borobilak.

Hori da, hain zuzen ere, Arantxa Iturbek idatzitako kontakizun bakoitzetik atera dudan konklusioa, hots, narrazioetan protagonistaren egia pertsonal eta besterenezina josten da. Liburua osatzen duten hogeita bederatzi kontakizunetan egitura eta osagai antzekoak topatzen ditugu; ipuin gehienak in media res –narrazioa istorioaren erdian– hasten dira eta, luzerari dagokionez, azpimarratzekoa da mikroerrelatoen itxura hartzen dutela –“Haserrea” hamar lerroko narrazioa da–. Halaber, garatzen den tramaren gakoari lotuta, ipuinek mezu argia transmititzeaz gain, ia denek zirrara egiten dute. Funtsean, amaierako kolpe zorrotzak eta harrigarriak bere helburua lortzen du: peripeziari iraultzea. Esan gabe doa liburuaren dohainetariko bat ustekabekoa dela. Narrazioetan zehar topatzen dugun beste ezaugarri nagusia hizkuntzaren erabilera da, hitz bakoitzak bere lekua dauka eta ikaragarrizko zehaztasuna ematen dio irudiz hornitutako kontakizunari. Horrela, murriztasunak eta bisualtasunak eraginda ipuinek film laburren antza hartzen dute. Alabaina, elipsiek ez dute oztopatzen testuaren ulermena, esaten ez denaren gainetik istorio mamitsuak daudelako eta bakar batzuek bigarren irakurketa eskatzen dute narratzaileak bilatzen duen oihartzuna ondo barneratu ahal izateko; bistan da Iturbek erakusten duen kondentsatzeko abilezia. Ironia bezalako baliabide literarioa trebetasunez darabil sarritan sarkasmo bihurtuz, gainera, makillajerik gabeko errealitatea irudikatuz, protagonista egoera latz batean egonda ere irakurlearen irribarrea lortzen du idazleak.

Oro har, giza harremanek ipuinak markatzen dituzte, hala ere, aipamen berezia merezi dute bikoteen gainbehera eta gorabehera arruntak normalizatzen dituztenek; alegia, erakusteko ez dagoela salbatuko gaituen maitasun erromantikorik, ez idealizaziorako espaziorik gizabanakoen nahien eta ekintzen akatsak nabarmentzen dira, bereziki.

Beste aldetik, testuak erabat orraztuta eta zainduta egoteak idazlea eta irakurlea elkarlanean aritzea ahalbidetzen du; Iturbek ustekabean harrapatu nahi du hartzailea, zeinek amaiera irekien aurrean irudipena askatu behar duen. Beraz, irakurlearen eskuetan dago pertsonaien etorkizuna, hau da, bukaeretan korapiloari irtenbidea ematea baino, protagonistei aukera eskaintzen zaie errotik aldatzeko, errutinatik ihes egiteko edo modu kontzientean eta ardura osoz hustasunean edo erosotasunean bizirauten jarraitzeko.

Laburbilduz, kontakizunen neurria kontuan hartuta, narrazioen joera nagusia da istorio bakoitzean gehienez bi pertsonaia agertzea; konflikto bakarra garatzea, nahiz eta luzeagoak diren ipuinek istorio konplexuago bat gorde edo detailetan sartu eta gehienetan espazioa ere bakarra da, deskripziorik gabe, minimalista, baina ondo aukeratuta ekintza girotzeko eta tramaren tentsioa mantentzeko.

Nola planifikatu gure heriotza? Zergatik ez kontatzea gezur errukior bat bikoteari? Lagun onenari traizioa egin geniezaioke? Zer egin bizitzak jartzen dizkigun egoera tentagarrien aurrean? Zelan kudeatu bikotekideen artean denborak zabaltzen duen errutina? Galdera latz horiei ez die Iturbek erantzungo, aitzitik kezka eta urduritasunaren arteko sentimendua ezarriko du irakurlearengan. Hasieran eratzen den gatazka amaitutzat ematen denean, pertsonaiek aurrera egin behar dute, honetara ezkero merezi ez duelako zoritxarrean murgiltzea.