Lore AGIRREZABAL
HAUR LITERATURA

Gure baitan dago

Liburu honek liluratuta nauka azaleko ilustrazioa eta titulua irakurri nizkionetik. Titulu motz eta jostaria du: “Moko txiki”. Ilustrazioa, berriz, oso iradokitzailea da bi protagonisten arteko konplizitatea ikus baitaiteke, hipopotamo lasaiaren begiradan eta haren belarri gainean zerurantz zutitzen den txori biribiltxoaren bizitasunean.

Egia esan, album ilustratu honen egileak Leire Bilbao eta Maite Mutuberria direla jakiteak nire jakin-mina areagotu baino ez du egin. Izan ere, bikote honen elkarlanak fruitu oso mamitsuak eman dizkio euskarazko haur eta gazte literaturari azken urteotan: “Gerrak ez du izenik” (Pamiela, 2013) liburua izan zen lehenengoa eta Etxepare saria eskuratu zuten; “Pikondoaren balada” (Elkar, 2017) izan zen hurrena, 2016an Lizardi saria lortu zuena; “Xomorropoemak eta beste piztia batzuk” (Pamiela, 2016) poema liburuak, berriz, Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi saria jaso zuen iaz. Bada, liburu hau, bere horretan, sari bat da album ilustratuekin gozatzen dugunontzat. Hipopotamo baten bizkarrean bizi da protagonista nagusia: “Mokotxiki”. Bertan dauka bizitzeko behar duen guztia: elikagaia, garraiobidea, espazio zabala, babesa, erosotasuna… Ordainetan, ugaztun handia garbitzen eta orrazten du. Sinbiosi estu horretan, ordea, alienatuta bizi da txoritxoa; ez daki hegan egin eta bere kasa ibil daitekeenik, ezta txorrotxioka komunika daitekeenik ere. Lasai bizi da ugaztun handiak eskaintzen dion bizilekuan eta hura bezala orro egiten ikasi du beste animaliei nagusitasuna erakusteko.

Halako batean, ordea, bien arteko mutualismoa kolokan jarriko da eta Mokotxiki bakarrik eta galduta sentituko da. Luzeak eta ilunak egingo zaizkio isilik eta mutu pasatako egunak, baina noizbait nonbait sumatutako txorrotxioari esker argia ikusten hasiko da. Bere izateaz jabetu eta hegaka hasiko da doinu gozo horren bila; bidean munduaren zabala eta bertako biztanle eta hizkuntza aniztasuna ezagutuko ditu. Azkenean ohartuko da aurkitu nahi duen hori bere baitan dagoela.

Iniziaziozko bidaia bat, nork bere bidea egitearen garrantzia, emantzipazioa, auto-ezagutza, geure baitan bilatzea, norbere buruarekin harro egotea… Gisa horretako hainbat mezu irakur daitezke istorio honen atzean. Baina, horiez gain, liburuaren kontrazalak iradokitzen duenetik ere badu, alegia, hizkuntza txikiek mundua handitzen eta aberasten dutela, txikitasunean handi eta aske eta izateko gai garela.

Leire Bilbaok ondo neurtutako hitzez osatu du istorioa. Maite Mutuberriak, berriz, lerro eta kolore leunez biribildu du; bere irudien bidez kontakizuna berrinterpretatuz. Orrialdez orrialde, urdinaren lasaitasuna nagusitzen da, harik eta protagonista galduta sentitzen den arte; orduan iluna da dena, ia zuri-beltza. Baina zulo beltzetik irteten hastean kolorea itzultzen da: urdinak, gorriak, berdeak, zuriak… leunak guztiak.

Teknika eta estilo desberdinetan iaioa dela erakutsi du beste behin ere Mutuberriak. “Xomorropoemak eta beste piztia batzuk” liburuan collage teknikaz baliatu zen, honetan, aldiz, estilo klasikoagoa erabili du eta irudi zoragarriz kontatu digu bi animalien arteko harremana. Aipagarriak dira, besteak beste, txoriaren bizilekua iradokitzeko hipopotamoaren azalean lurralde oso bat eta mapa bat irudikatu dituen orriak; hipopotamoz betetako putzuaren ilustrazioari nola eman dion munduko maparen itxura; eta, amaieran, planeta honetako biodibertsitatea iradokitzeko nola marraztu dituen animaliak gure eguzki sistemaren orbitak osatuz.

Kalitatezko album ilustratuetan bezala testuak eta irudiak elkarrekin eta aparte irakur daitezke lan honetan, elkarren osagarri baitira, ez menpeko. Horrek egiten du handi istorio txiki hau ere.