Maitane ALDANONDO
Eskoriatza

KOOPERAZIO FABRIKA: EKONOMIA EGIN, BAINA BESTE MODU BATERA

Ekonomia sozial kooperatiboa sustatu nahi duen eragile talde batek antolatutako KoopFabrika programak ikasturtea hasi berri du. Gizartean identifikatutako behar sozioekonomikoak asetzeko proiektuak garatzen eta gauzatzen trebatuko dira talde ekintzaileak.

Kooperatiba Fabrika (KoopFabrika) proiektu profesional eta ekimen sozioekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programa da. Ekonomia sozial kooperatiboa sustatu nahi duen eragile sare batek antolatua, asteazkenean ikasturte berria abiatu zuen Eskoriatzan. Datozen asteetan ezagutza teorikoa jaso eta proiektuak garatuko dituzte partaideek Gipuzkoako lau eskualdetan.

Bigarren ikasturtea bada ere, bere ibilbideak pare bat urte gehiago du; aurrez gauzatutako bi ekimenen batura baita: Kooperatzen, Beterri-Buruntzaldean, eta Berrekin-Berregin, Debagoienean. Hor jardun ziren eragileak barneratuz eta beste batzuk batuz, bide berriari ekin zioten iaz. Sustatzaile nagusiak, Olatukoop sarea eta Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia dira, baina taldea zabalagoa da. Haiekin lankidetzan dihardute hainbat udalek, garapen agentziak eta EHUko Gezki institutuak; finantzatu, aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten du.

Hiru fasetan –edo fabriketan– bereizitako programa da: formakuntza, tutoretza eta saretzea. Lehena, hamar asteko trebakuntza oso praktikoa da, ekonomia sozialean oinarritutako proiektugintzaz ikasteko. Lau orduko ekimenak antolatu dituzte asteazkenetik ostiralera. Eskoriatzan edota Hernanin egiten dituzten saio bateratuetan teoria eta tresnak landuko dituzte; Eskualdekoetan, berriz, ikasitakoa euren egitasmora egokituko dute; hartara, lurralde bakoitzeko eragileekin saretu eta tokiko ekonomiaren ikuspuntua ere jasoko dute. Izan ere, proiektu kolektibo berriak hazitegi nodoetan garatzen dituzte, tokiko behar eta errealitateak aintzat hartuz. Aurten, halako bana dute Gipuzkoako lau eskualdetan, aurretik parte ziren Debagoien, Buruntza-Beterri eta Oarsoaldeari, Bidasoa bailara ere batu baitiote.

Prestaketa amaitzean, egitasmo bakoitzaren arduradunek hainbat helburu zehaztu beharko dituzte, eta horiek lortzen laguntzeko, tutore edo bidelagun bat atxikiko zaie. Aste Santutik uda bitartean ekimen pilotuak prestatuko dituzte, eta ondoren, martxan jarri, egungo ehun komunitarioan txertatzeko tokiko eragileekin saretzea landuz.

Elkarrekin ekin

Egun, Gipuzkoako edozein pertsona edo proiekturi zabalik dago programa. Nahiz eta izen ematea Eguberrietan egin, espero baino hobeto joan da. 70etik gora eskaera jaso zituzten, eta elkarrizketen ondoren, aukeratuak 50 lagun izan dira. Talde anitza da, baina komunean dute «euren burua ikusten dutela ekonomia egiten, baina beste modu batera. Askotan ez du forma argirik beraien planteamenduan, baina ez dute bideragarritasun ekonomikoa bakarrik kontuan hartu nahi, pentsatzeko eta bizitzeko moduarekin ondo lerratuko den proiektu bat egin baizik. KoopFabrikan horri forma ematen diogu», zehaztu du programako proiektu, tutoretza eta komunikazio arduradun Beñat Irasuegik.

Hautatuak hainbat sektoretan eskarmentua duten lagunak direnez, elkarrengandik ere ikastea ahalbidetzeko ekintzailetza taldeak osatuko dituzte. Helburuei dagokienez ere profila askotarikoa da: ideia bat dutenak, elkartegintza edo herrigintzako proiektu bat profesionalizatu nahi dutenak, kooperatiba bilakatu nahi duen elkarte mugatu bat, edota ideiarik ez dutenak, baina egiteko hauetan trebatu nahi dutenak. Hasi aurretik, 32 proiektu detektatu dituzte.

Zer egin nahi duten argi dutenetako bi dira Arantxa Mitxelena errenteriarra eta Jon Lizarazu antzuolarra. Mitxelena jubilatu talde bateko kide da, Donostialdean etxebizitza kolektibo proiektu bat gauzatu nahi duena. Orubeak begiratzen ari dira oraindik, baina hamabost bat kideko elkartea kooperatiba bilakatu nahi dute, «erabilera lagatzekoa, ziur aski». Horretarako baliagarria zaien zer dagoen ikustea eta trebatzea du ikasketa helburu. Lizarazu, aldiz, beste kide batekin ari da parte hartzen. Elkarrekin web-garapenean oinarritutako enpresa txiki bat sortu nahi dute, honen oinarriak gizartearekin bat joan eta honen beharretara moldatuz. Bergarako Berrekin-Berregin ekimena ezagutzen zuen, eta eredu honen baitan ekitea erabaki dute «gaitasuna daukagulako eta nahi dugulako gure bizitzaren parte izango den lana izatea, erabaki guztiak hartzeko eskubidea izatea eta burujabe izan».

Partaideak ez dira trebatuko diren bakarrak, ordea. «Konturatu ginen beste ekintzailetza eredu bat lantzeko, beste tutore eredu bat behar zela eta ez zegoela. Eredua sortzen ari gara eta baita tutore profila ere», argitu du Irasuegik. Bidelagunak sektoreko pertsona erreferenteak, beste kooperatiba bateko kideak, tutore teknikoak edo espezializatuak izan daitezke. Pausoak ematen laguntzen diete ekintzaileei, beharrak identifikatuz edo nola ase aholkatuz, baina eurak dira egitasmoak burutu behar dituztenak.

Berezko eredua lantzen

KoopFabrikak izaera sozialeko ekonomia eta ekintzailetza sustatzen ditu. Hau da, kolektiboaren bizi baldintza hobetzea eta komunitatearen premiak asetzea xede duten proiektu sozioekonomikoak garatzen dituzte. Irasuegiren ustez, «Euskal Herrian dagoen eredua, orokorrean, nahiko neoliberala da, kasu batzuetan, eta beste batzuetan, tradizionala, oso pasiboa. Badago zerbait egin nahi duen norbait, laguntzen diot enpresa plana egiten, diru laguntza lortzen eta gero egin dezala ahal duena. Horrekin puskatu nahi genuen eta eredu berri bat sortu».

Autoeraketa eta autogestioaren paradigman kokatutako praktika multzo moduan ulertzen dute ekintzailetza merkatu logikei jarraitu beharrean, kapitalari izaera instrumentala aitortzen diona, kolektiboa eta lankidetzan oinarritua. Izan ere, eredu neoliberalak norbanakoa jartzen baitu sistemaren akatsek eragindako arazoei irtenbidea topatzeko erantzule eta arduradun nagusi. Halaber, kooperatibagintzaren oinarrietako bat den interkooperazioa ardatz garrantzitsu bezala txertatzeko asmoa dute. Hau da, sektore edo balio katearen araberako elkarlaguntza sareak josi nahi dituzte, besteak beste, elkarrekin merkatuan hobeto kokatzeko edo finantzazioa errazago lortzeko.

Beste ekintzailetza ereduetan bezala, ideia originalak egon badaitezke ere, jendartean dauden premiei lotua izatea da egitasmoen aldagai nagusia. Horiek atzemateko lanketa egiten dute saioetan, lurraldea arakatzen jakin dezaten behar material eta sozialei dagokienez, bereziki. Tokian tokiko diagnosi horiek aurrez egitea baliagarria litzatekeela uste du arduradunak, eta horretarako, nahitaez arlo publikoak inplikatu behar duela, detekzioan nahiz asetzean.

Sare gisa ulertzen dute euren eredua eta Euskal Herriko edozein lurraldetan txertagarria dela uste du arduradunak. «Eredua balekoa da bai enpresa bat sortzerakoan bai behar sozial eta ekonomikoei erantzuterakoan». Hala, eskualdeka, herrika eta auzoka egitasmoak gara daitezke hainbat eragile batuz. Programa ezartzea, ordea, prozesu konplexua da eta irauteko helburua du. Aldez aurretik, tokian tokiko eragile publiko, kooperatibo zein herrigintzakoen arteko aliantza bat eratu behar da KoopFabrika bertan txertatzeko. Zentzu horretan, interesa edo beharra duten gero eta leku gehiagotatik deitzen diete, baina kasuan kasu hartzen doaz eta pixkana garatzen. Esaterako, ikasturte osoa hartuko dute Bilbon kokatzea aztertzeko, posible den eta alorrean diharduten kideek interesa duten ikusteko.