Ariane KAMIO
ZARAUTZ
Interview
ANJEL LERTXUNDI
IDAZLEA

«Hizkerarik ez bagenu ere, memoriak beste era batera eragingo liguke sentimenduen azalpenean»

Familia bezalako estamentu sozial batean gaixotasunak eragindako tentsio uneetara jo du Anjel Lertxundik (Orio, 1948) «Hormak» (Erein) lanean, itzulpengintza eta memoriaren haustura harriaren kontra zizelkatuz. Moraltasuna eta inkomunikazioa loratzen dira kode berrietan.

Adimena gero eta murritzagoa duen amaren semea da Fidel, itzultzailea, eta Martaren bikotekidea. Alzheimerrak zartatutako ingurua dute denek, hormaz jositako eritasuna erdigune. Inkomunikazioaren hasperen luzea antzematen da. Hitzak erreboteraino kontran. Erantzunik gabeko haize ufaden agintea. Kode berrien beharra. Familia sekretuak. Distantzia moralak.

Horma askoren kontra idatzi duzu liburu honetan.

Ez dakit… kontra-edo, hormak seinalatuz bai, behintzat. Hormak dauden tokian arazoak ere badira gehienetan. Hasieratik bi ideia nagusi nituen. Memoriaren galera eta horren metaforarik borobilena alzheimerrarena da. Eta horrekin batera itzulpenarena, nolabait hormak pasatzeko beste pentsamenduetara txangoa egiteko bidea delako. Eta nolabait gurean oraindik ere lortu ez duena, onarpena hartu ez duena, irakurleen aldetik.

Oraindik bide luzea daukagu egiteko alde horretatik. Eta ez itzultzaileen ahaleginaren aldetik, zeren sekulakoa da, baina gero badirudi, nagikeriaz edo testuak fidelak izan behar horrekin gero irakurleari oraindik ere ez zaizkiola malguak egiten. Edozein modutan badaukagu arazo bat denborak bakarrik konpon dezakeena. Nire kasuan itzulpengintza garrantzitsua da idazle naizen aldetik, itzulpen literario horietan baitauzkat bestela inoiz euskaraz sortutakoetan bakarrik lortuko ez nituzkeen errekurtsoak.

Prestigio falta du oraindik euskal literaturan?

Ez dut uste euskal literatura gisa ezagutzen dugun esparru horretan prestigio falta duenik, gizartean bertan duela uste dut. Bada halako aurreiritzi bat erabat hedatua dagoena eta faltsua dena. Eta da itzulpena originala baino zailagoa dela, eta originala baino arrotzagoa dela. Eta arrotza izateaz gainera, euskara bera arrotz egiten duela.

Hor beste fenomeno bat badago, eta da, normalean gaztelaniaz edo frantsesez irakurtzen duen irakurlea dela gurea eta ohituta dago hizkera askoz ere homogeneoago bat bilatzera bai frantsesez bai gaztelaniaz. Baina hori mendeetako itzulpen lanaren ondorioetako bat da, guk ez daukaguna. Oso bide laburra daukagu. Hainbat faktorek eragiten dute arroztasun hori.

Baina inportantea da adieraztea badagoela ahalegin bat sorkuntzako literatura hobetzeko. Guk ere itzulpenik gabe oso gutxi lor genezake.

Itzulpena eta memoria. Alzheimerra eta itzultzailea den Fidel. Bien artean kode berriak sortzen dituzu, komunikazio-inkomunikazio egoera lantzen..

Berez, komunikazioa bera, bi elementu desberdinen arteko itzulpen bat da. Zeren kontu bat da zu eta ni hizketan jardutea orain, baina kode nagusia euskara izanagatik ere, badaude elementu asko hizkerari berari eransten zaizkionak, testuingurua deitu dezakeguna adibidez, kode hori errazten duena edo zailtzen duena. Zentzu horretan badu zerbait komunikazio-inkomunikazio jokotik.

Liburuan esaten da une batean hitz egiteak edo hizkuntzak balio digula, azaltzeko bezala, ezkutatzeko ere. Eta askotan esaten dugula ezkutatzeko. Ez da egia bilatzeko esaten askotan, baizik eta estaltzeko. Estaldurak nola aurkituko, eta justu argi egiteko den instrumentu baten bidez, hizkuntzaren bidez. Balio dezake edozein giza asmaziok argi egiteko bezala ilunpea bilatzeko.

Esan izan duzu inoiz memoria galtzen duenak dena galtzen duela.

Neurri handi batean bai, eta liburuan agertzen da kezka bat. Badakigu memoria galdu duen pertsona pertsona dela. Baina pertsona egiten duen elementurik inportanteena memoria da.

Eta zergatik segitzen du pertsona izaten? Inoiz memoria izan duelako eta guk ere memoria dugulako. Eta memoria dugulako dakigu zer izan zen eta dakigu ere orain ezagutzen dugun hori zer den; egun batean memoria zuen eta memoria galdu duen pertsona bat. Baina hori guk esan dezakegu memoria dugulako.

Nolabait gorabehera guztiak esplikatzeko gaitasuna memoriak berak ematen digu eta hizkerarik ez bagenu ere, memoriak beste modu batera eragingo liguke ere sentimenduen azalpenean. Alde horretatik esan daiteke memoriarik gabe ez garela ezer.

Ideologikoki, bizitzaren zentzuari buruzko jarrerekin eta abar, non koka daiteke bestela pertsona horren pertsona izaera? Sinesmen klase bat behar da hori sinisteko. Muturreko memoria galtze eta degradazio fisiko guztia sortzen den garaiaz ari naiz. Beste animaliengandik bereizten gaituena.

Liburura etorrita. Memoriaren albo-kalteak erakusten dira. Fidelek amarekin duen harremana, txikitako sekretuak, Martarekin duen harremana. Nola eragiten duen memoriarik ezak besteengan.

Giza harremanetan beti dago presente memoria. Nik harreman bat izan dut zurekin eta nik izan baldin badut harreman gozo bat, normal bat, zurekin, eguneroko bizitzan berriro ere manifestatuko da hori, baina manifestatuko da gogoan dudalako orain arte gure harremana nolakoa izan den. Eta alderantziz, izan baldin badira txiripa hutsez, baina izan baldin baditugu momentu txarrak, gaizki ulertuak, hori rekonponitzen zaila da, zeren memoria esaten ari zaizu gogoan izateko zer gertatu zen. Memoriaren pisua harremanetan ere oso handia da.

Ez da lehenengo aldia gaitza erabiltzen duzula zure eleberrietan [«Konpainia noblean» (2004), «Eskarmentuaren paperak» (2010), «Etxeko hautsak» (2011)...]. Ez dakit errekurtso literario errekurrente bihurtu den zugan.

Beti esaten dugu nobelagintzan bilatu behar direla gatazkak, bilatu behar direla tentsioak, azaldu nahi duzuna hobeto ulertzen lagunduko duen materialen bila. Tentsioak eragiten du neurri batean kontakizuna. Eta tentsio gune oso inportantea da, batez ere familia bezalako egoeretan, hurbilen daukazun pertsona baten gaitza edo zeure buruaren gaitza. Alde horretatik badugu tentsio dramatikoa. Denok ezagutzen dugu gertuko norbaitek gaitz bat duenean nukleo horretako egunerokoa zilipurdikatzen dela, haien bizitza, eta rekonponitu egiten da beste modu batera. Alde horretatik ikasgela bihurtzen da. Material narratibo inportantea da.

Hori izateaz aparte, gaitz larri batek jartzen zaitu tesitura guztiz desberdin batean. Egun batetik bestera aldatzen zaizkizu zure interesak, lehenetsi behar dituzun kontuak, aldaketa erradikal bat bihur daiteke. Alderdi horretatik ere gaiak berak ematen dizkizu aukera narratibo onak.

Esaten dut, aldez edo moldez, gaitza edo era honetako konfliktoak kenduko bagenitu gai hau tratatzen duten liburuetatik, ezer gutxirekin geratuko ginatekeela liburutegian.

Familia sekretuak ere tartean sartzen dituzu. Hitz egin izan duzu inoiz lagun arteko enkontru batean azaleratutako familia sekretuez.

Eta normalean, gainera, sekretuak beti kanpoko baten bidez ezagututakoak; ez agian urrutiko baten bidez, baina nukleo itxi batean, familia bezala, jakiten dituzu kontuak osaba batek erreferentzia bat egin duelako etxean bizi izan den horretaz. Eta zuk ez zenekien ezer. Liburuan amaren lagun min bat da, emakume itsu bat, argia egiten duena bera hainbeste obsesionatu duen gorabehera horretan.

Lagun arteko kasu hartan, zortzi ginen, eta horietatik hiru edo lau gerrarekin zerikusia zuten sekretuak dira. Eta besteak ziren diru herentzia kontuekin. Bi kasu ere, familiako lotsarekin, garai hartako lotsarekin. Aldez edo moldez ziren, beste gizon batekin alde egindako emakumearen kontua edo haurdun geratu ezkongabea izanda eta neskame joan izan zena umea izan arte kanpora beste batzuen etxera. Zortzi sekretu horietatik batzuek garai hartako moraltasunarekin eta gerrarekin zerikusia zeukaten.

Horren harira, liburuan atentzioa eman didan esaldi bat: «Zure moraltasunak marra bat du: familia».

Ez nuen propio hitz egin nahi horretaz, baizik liburuan ikus zedila hori. Hor dago familiaren ereduaren aldaketa bat. Familiaren eredua gurasoena bat da, eta Fidelena ez da eredu hori. Eredu berri horrekin, eta hemen dago niretzat auzia, galdera moduan uzten dudana liburuan, da amaren kodigo moral horretan, gaixo dagoena, premiak dituena eta abar, horri erantzuten dien kode bat eta familia eredu askeago horretan, erabakiak hartzean, nola konplikatzen den askoz gehiago. Zeren ez dago kode jakin bat, norberak hartu behar dituen erabakiak baizik. Eta trantze horretan, inplikatuak daudenen artean hitz egiten ez baldin badute, askoz ere errazagoa da konfliktoa izatea.

Liburua idazten ari nintzenean ez nintzen horrekin gogoratzen eta gero konturatu naiz. Bada liburu bat Bill Douglas antropologoarena, “Muerte en Murelaga”. Oso gazte zela etorri zen bere lan antropologikoak egitera eta azaltzen du Murelaga baserrikoek heriotza nola ikusten duten. Heriotza bat gertatzen denean, familian zer gertatzen da? Doluak eta horiek guztiak deskribatzen ditu, baina badago gauza bat oso inportantea eta da, bat hiltzen denean familian, aginte edo botere erlazioa aldatu egiten dela. Nagusia bada hiltzen dena? Nork hartuko du maiorazkoa? Eta maiorazkoa hilda badago haren alarguna da hurrengoa. Baina alarguna ez da baserrikoa, kanpokoa baizik. Hori guztia azaltzen du oso ondo eta familiako estruktura nola aldatzen den.

Halako gertakizun bat izaten denean, halako lurrikara bat gertatzen da estamentu sozial horretan.

Idazleak elementu autobiografikoak erantsi ditu?

Oroitzapenak bai. Txikitako oroitzapenak, orduan entzun nituenak. 1957an uholde handi batzuk izan ziren Oria ibaian behera eta gure ama zenak kontatzen zuen nola ikusi zituzten meta bat, behi bat ibaian behera, eta ume sehaska ere bai. Sehaskaren kontua da buruan geratzen zaizun zerbait. Zer ote zihoan sehaska horretan? Horrelako oroitzapenak badaude. Imajinatzen dut orain gure etxeko egoera partikularrarengatik, sei urte daramatzagu etxean gaitz larri batekin konbibitzen, imajinatzen dut hortik sortutako hausnarketa bat baino gehiago izango dela, baina ni ez naiz gai hori hain garbi ikusteko zenbateraino eragingo zidan.

Idazketa prozesua ere uste dut desberdina izan dela.

Hemen badago zirkunstantzia pertsonal bat –autobiografikoa esan didazunean begira nondik ateratzen diren kontuak!–. Gure lagun handi bati egiten dio erreferentzia. Gaztelerazko espresio bat erabiliz deitzen nion. Medico de cabecera esaten den bezala, mi librera de cabecera esaten nion berari. Zarauzko Garoa liburu-dendaren sortzailea. Alzheimerrarekin gaixotu zitzaigun, nire emaztea gaixotu baino pixka bat lehenago. Hura inpaktantea izan zen, prozesua segitu genuen eta oso gogorra izan zen. Ze misterio den hori, eta misterio horrek eragin egiten zidan. Garai hartan lehenengo apunteak hartzen hasia nengoen.

Tonu oso sakona erabiltzen duzu. Arrasto handiko narrazioa da.

Bai, eta gehiago zuen lehenengo erredakzioan. Ez nion hainbeste saioaren pisua eman nahi eta narratibaren bila saiakera bat egin nuen bigarren idazkuntza batean. Badu hori. Egin liteke hori gabe ere. Baina norberaren joera izango da; nik filosofia ikasi nuen, eta horrek zerikusia izango du –berriro ere autobiografikoa den elementu batek nolako zerikusia izan dezakeen idazten duzunarekin–.