Jon ORMAZABAL

MIGUEL GALLASTEGI, PILOTARI OFIZIOA AUKERATU ZUEN EIBARTARRA

Etxe artean, ahal bezala, eraikitako «tallarrak» izan dira, urte askoan, eibartar asko eta askorentzat bizimodua aurrera ateratzeko bideak. Bihar 100 urte beteko dituen Miguel Gallastegik ere ezohiko leku eta moduan eraikitako pilotalekuan aurkitu zuen bokazioa, pilotari ofizioa.

La pelota por Miguel Gallastegi» liburuaren idazle Luis Albero Aranbarri Amatiñok argi utzi du aste honetan bertan Euskadi Irratian duen zutabean. «Gauza bitan behintzat, eibartarrak pilotaren historia aldatu zuen. Batetik, pilota jokoa kirol profesionala bihurtu zuen, Gallastegi arte, pilotariak, Atano handia izan ezik, astean zehar tailerrean aritzen ziren eta jaiegunetan ostera, zuriz jantzi eta kantxara irteten ziren zenbait pezetaren truke. Gallastegik, aldiz ez zuen pilotan baino beharrik egin». Bera izan omen zen, astean zehar kirolari profesional bezala prestatu zen lehen pilotaria, frontoiaz gain, eskuak gogortze aldera aizkoran ere arituz. «Eta bere burua profesionaltzat zuenez gero, gutxieneko diru ordainak eskatu zituen eta nahiz kostata, baita lortu ere. Gezurra dirudien arren, pilotak Gallastegiri zor dio orain normaltzat jotzen diren soldata, aldagela, dutxa beroak...».

1928ko otsailaren 25ean Eibarko Asolaigartza baserrian jaioa, Miguel Gallastegi da, ezbairik gabe, pilotak eman duen atzelaririk onenetakoa. Gerraosteko garai nahasietan, bera izan zen Atano III.ari txapela kendu ziona eta bere oinordekotza hartu zuena –1948– , beste bi txapela ere jantziz 1950 eta 1951n, baina batez ere, bere izaerak eta garai bateko pilotari historikoen –Atano III.a, Mondragones, Kortabitarte, Akarregi– eta Ogeta, Garcia Ariñotarrak eta enparauen belaunaldi berrien arteko zubi izateak sartu dute eibartarra kirol honen historian.

Finalari muzin

Txapelez harago, sonatuak izan ziren biren eta baita hiruren aurka ere jokatutako desafioak edo 1945ean jokatutako 105 partidekin ezarritako marka, baina pasarte batek ezerk baino hobeto erakusten du «esne berba gitxiko» gizon honen nortasuna. Hiru dira bere palmaresean agertzen diren Buruz Buruko txapelak, baina lau ere izan zitezkeen 1953ko finalari muzin egin izan ez balio.

«Gallastegi kasua» pilotaren historian egondako unerik polemikoenetako bat izan zen, finala jokatzeko federaziotik jasotako diru eskaintza nahikotzat jo ez eta negoziazioetan akordio batera heldu ez zirenez, finalik gabe eta sei hilabetez pilotan jokatzeko baimenik gabe geratuz. Bere Donostiako etxean ondo gordeta duen garaiko albiste batean diotenez, «125.000 pezeta ere galdu zituen» zigor horren erruz, «bi pisu ere eros zitezkeen garaia hartan diru horrekin».

Egunkari honetan bertan Asier Aiestaranek egindako elkarrizketan azaldu zuen nola joan ziren gauzak ordutik aurrera. «Sei hilabetetarako zigortu ninduten, baina ordurako nik banituen Frantzian hamar partida sinatuta eta hemen baino diru gehiago irabazten nuen. Bi hilabetetara enpresatik deitu zidaten eta beraiek gabe ere bizia aurrera aterako nuela esan nien. Gainera, berriz ere jokatzea nahi bazuten 50 duro gehiago ordaindu beharko zizkidatela esan nien, ordura arte 2.000 pezeta kobratzen banituen, handik aurrera 3.000 irabaztera pasa nintzen», azaldu zuen Gallastegik.

Enpresariez baino, pilotariez askoz oroitzapen hobeak ditu Gallastegik, batez ere Akarregi, eta berak beti horrenbeste goratu duen, baita Atanoz goiti ere, Juan Bautista de Azkarate Mondragones arrasatearra. 42 urterekin, 1960. urtean utzi zion pilotari profesioari, eta orain gutxira arte, pilotalekuetako ohiko bat izan da, batez ere Eibar eta Galarretan, ia 100 urterekin.

 

Urteurren festa izango du gaur eibartarrak donostian

Bihar izango da Migel Gallastegiren ehungarren urtebetetzea, eta aspaldiko partez, horren maite duen Astelenan ere izango da pilota jaialdirik, baina berriki aldakatik operatuta, bizileku duen Donostiatik Eibarrerako bidaia luzeegia ei da bere osasunarentzat eta gaur bertan izango du pilotari handiak, Gipuzkoako hiriburuan, egunak merezi duen moduko urtebetetze ospakizuna.

Eguerdi aldean izango da, bere familiari horren lotua dagoen Donostiako Principe zineman, eta Gerra Zibilaren garaian profesional izandako pilotariak izango ditu espero ez dituen ezusteko atseginak. Han izango ditu etxeko eta gertukoenak, baina ziur ez dela bere ondoren txapeldun izandako pilotaririk faltako. Beti izan du oso harreman ona atzetik etorri diren pilotariekin eta Binakako txapelketaren inguruko pronostikorik ere ez da faltako.J.O.