GARA
Donostia

Donostiako komiki azokako langileen soldaten afera epaitegietara iritsi da

30 langile inguru ibili ziren iazko azokako antolakuntzan, baina egindako lanagatik ez zuten ezer kobratu. Aurten, zuzendariak bide beretik jo duela salatu dute, eta 40 pertsona daudela lanean kontraturik gabe.

Donostiako manga eta komiki azoka lehen aldiz antolatu zuten iaz Kursaalen. Antolakuntza lanetan ibili ziren langileek salatu dute agindu zieten kontratua ukatu zietela, eta hortaz ez dutela soldatarik kobratu. Hala, zuzendaritzarekin ados jarri ez direnez, auzitara jotzea erabaki dute.

Atzo zen egitekoa lehenengo epaiketa, Jorge Balencia langileari dagokiona, Oscar Goñi zuzendariaren kontrakoa. Donostiako epaitegira bertaratu ziren bi aldeak goizean, eta ados jarri ez zirenez, auzibidean aurrera egitea erabaki zuten. Zuzendaritzak dokumenturik eraman ez zuenez, ordea, saioa bertan behera utzi behar izan zuten, kobratu gabe geratu zen beste langile batek, Daniel Mierak, azaldutakoaren arabera.

Aurten ere ospatuko da komiki azoka, datorren asteburuan, eta horren antolakuntzarako ere langileak behar zituen zuzendaritzak. «Jorgek esan zion Goñiri joango zela, baina aurretik kontratua nahi zuela mahai gainean. Azkenean, antolakuntza taldetik bota du eta beste pertsona batzuk sartu ditu. Guri egindakoaren berdina egiten ari zaie; gu 30 inguru ginen, orain 40 izango dira. Azokaren arrakastaren araberako soldata eta aurrera begira kontratua eskaini zigun. Egunean bertan dokumentu bat sinatzeko eskatu zigun, boluntarioak ginela adieraziz, aseguruak zirela eta», aipatu zuen Mierak.

Kaltetu gehiago

Azokak, Goñik berak adierazi zuen bezala, espero baino arrakasta handiagoa izan zuen eta, hortaz, langileek euren soldata eskuratu behar zuten, gutxienez, adostutakoa errespetatu izan balitz. Aldiz, oraindik zain daude zuzendariak bere hitza noiz beteko. «Antolatzaileek agindutakoa ez lortzeaz gain, hurrengo edizioetatik baztertuak izan gara, eta horregatik erabaki dugu auzitara jotzea», azaldu zuen. Hurrengo epaiketa ekainaren 15ean izango da.

Baina antolatzaileak ez dira izan kaltetu bakarrak, azokan parte hartu zuten hizlari eta artistek ere ez baitzuten kobratu. Horien artean, Florencia Sofen cosplayer profesional ospetsua.