Idoia ERASO
BAIONA

Sarako Idazleen Biltzarraren 35. edizioak ere bi egun izanen ditu

Azken 34 urteetan bezala, Idazleen Biltzarra pazko astelehenarekin ospatuko da Saran, baina iaz hasitako hedapenari segida emanez, bezperan ere izanen da urtean zehar argitaratutako liburuak ezagutzeko eta argitalpenen egileekin mintzatzeko aukera. Aurkezpenak, mahai-inguruak, erakusketak eta emanaldiak ere antolatu dituzte. Auxtin Zamora idazleari eta Jean-Claude Larronde historialariari emanen dizkiete aurtengo Biltzar sariak.

Joan den edizioan arrakastatsu izan ziren elementuekin segitzea deliberatu dute Biltzarraren antolatzaileek. Horrela, bi egunetan zehar bi gune bereizi izanen dira. Batetik, idazleek beren liburuekin jendeei harrera egiteko tokia izanen da. «Biltzarra idazleekin mintzatzeko eta gurutzatzeko egina baita, badira anitz», baieztatu zuen Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak. Bestetik, mahai inguruak, aurkezpenak eta haurrentzako ekimenak hartzeko karpa; bertarako «programa aberatsa» prestatu dutela aitzinatu zuen ekimeneko arduradun Jean-Michel Garatek.

Duela hiru urte abiatutako eraberritzearen baitan, haurrei espazioa ematea zen ardatzetako bat, eta horren garapena joan den urteko zabalkundearekin urrunago joan zen. Eskolekin abiatutako elkarlanak aitzina segitzen du, eta aurten zazpi herritako zazpi eskolak hartu dute parte. “Maitasuna” izan da gaia, eta ikasleek marrazki eta poesien bidez landu dute. Lan horren erakusketa izanen da karpan, eta haurrek aurkezpenak eginen dituzte Biltzarrean zehar. Umeei begira ere, Kiribil konpainiak irakurketa musikatuak eta animazioak proposatuko ditu.

Ohi bezala, astelehena izanen da egun nagusia; egun horretan emanen dira golardoak. Aurten literaturaren eta historiaren eremuetan egindako lanek jasoko dituzte Biltzar sariak, eta Auxtin Zamora «euskal poesia ezagutarazi eta transmititzeko egindako lanagatik» omendua izanen dela adierazi zuen Etchegoinek, eta Jean-Claude Larronde, historia garaikidea aztertzeko egindako ikerketengatik.

Euskaltzaindiak, urtero legez, azken argitalpenen aurkezpenak egiteko baliatuko du Ipar Euskal Herriko literaturaren hitzordurik garrantzitsuena. Jean-Baptiste Coyos, Xarles Bidegain eta Andde Urrutiak “Ipar Euskal Herriko Elkargoaren sorrera eta Euskararen etorkizuna” eta “XXI Jagon Jardunaldia” lanak aurkeztuko dituzte. &hTab;

Idazle andana

Hamabi bat liburu argitaratuko dira Sarako ekitaldiari begira, eta bertan horietako zortziren aurkezpenak egingo dira. Igandean Allande Etxarten “Matalaz ez balitz zaldiz agertu”, Maddi Zubeldia eta Anne Frucherren “Mingildu”, Roger Geyerren “Biarritz: un ecrivain dans la ville” eta Pierre Accoceren “Migration des pyreneens aux Ameriques” aurkeztuko dituzte.

Astelehenean, Txomin Peillenen “Zaldi beltzak zeruan”, Eneko Bidegainen “Lurraldea eta Herria. ‘Zazpiak bat’. Atzo, gaur eta bihar”, Eric Dicharryren “Duchampen inguma”, Isabelle Saphorerren “Le style Gomez” eta Phillipe Saubadineren “Il m’a ete donne d’aller a Corinthe” lanen txanda izanen da. Koldo Zuazok ere aurkezpena eginen du; herriko saria irabazi du Sarako euskararen hiztegiagatik.

Hainbat topaketa ere antolatu dituzte idazleekin, Michel Duvert, Manuel Urtizberea, Paul Badiola, Catherine Marchand, Ttotte Etxebeste, Amaiur Blasco, Juankar Lopez Mugartza, Joxe Gimenez Maia, Martine Bouchet, Maite Labourdique, Asisko Urmeneta eta Xabier Elosegirekin, besteak beste.

Sarako Herriko Etxeak literaturarekiko duen atxikimendua adierazi nahi du, eta karpan liburutegia ere ezarriko du, heldu zein haurrentzako ekimenak antolatuko dituena.