Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Saretik paperera eta euskarara igaro dira «Txano eta Oscar»

Munduari itzulia ematen ari zela abiatu zuen Julio Santosek «Txano eta Oscar» proiektua. Hasieran, gaztelaniaz eta sarean argitaratu zituen anaia bikien abenturetan oinarrituriko lehen bi eleberriak. Orain, paperean eta euskaraz ere irakurgai daude, eta bidean da hurrena.

Ustekabean sortu zen eta ustekabeko bilakaera izan duen proiektua da “Oscar eta Txano”-rena. Orain bost urte, bost kontinenteak ezagutu behar zituztela-eta esku artean zutena utzi eta autokarabana batean mundua zeharkatzeari ekin zioten Julio Santosek eta bere familiak eta, Argentinako errepide amaiezin batean zihoazela, Oscar eta Txano izenak etorri zitzaizkion burura Santosi. «Izenak soilik, beste pretentsiorik gabe, beste asmorik gabe», azaldu zuen proiektuaren sustatzaileak aurkezpenean. Beranduago, Atacamako basamortuan meteoritoen museoa bisitatzen ari zirela, bertako zuzendari Rodrigo Martinez ezagutzeko aukera izan zuten. «Meteoritoen munduko ehiztari handiena da Rodrigo eta istorio mordoa kontatu zizkigun. Orduan otu zitzaidan, haiek inspirazio iturri hartuta, Oscar eta Txanoren abenturak idazteko ideia», azaldu zuen Santosek.

Bi anaia biki dira Txano eta Oscar. Lehena, anaia arduratsua, da kontakizunaren narratzailea, lehen pertsonan euren bizipenak kontatzen dituena. Oscar, aldiz, irudimentsua da, «friki samarra, baina egoerei konponbidea ematen dakiena».

“Harri berdea” lehen eleberrian, bi anaiak zerua zeharkatzen ikusi berri duten suzko bolaren bila abiatuko dira: «Harri berde bitxi bat zen. Bere distiraren atzean gordetzen zuen sekretuak betiko aldatu zuen gure bizitza», aipatzen da liburuaren kontrazalean.

Saretik papererako jauzia

Lehen abentura hura idatzita –gazteleraz, “Txano y Oscar: La piedra verde” izenez–, Patricia Perez ilustratzaileari erakutsi zion Santosek testua. «Ikaragarri gustatu zitzaidan hasieratik», baieztatu zuen ilustratzaile donostiarrak. Gauzak hala, lehen liburukia osatu eta sarean zintzilikatu zuten, doako deskarga bidez nahi zuenak eskuragarri izan zezan. «Gure asmoa batez ere irakurzaletasuna sustatzea denez, doan eskaini genuen. Irakurtzearen ekintza aisialdiarekin lotu nahi genuen, neska-mutilak pantailetatik erauzi eta istorio garaikide eta biziak eduki zitzatela esku artean. Horregatik hautatu genuen freemium aukera».

Modalitate horren bidez, lehen liburukia doan irakurtzeko aukera eskaintzen da eta, gustuko izanez gero, hurrengoak eros ditzake erabiltzaileak.

Hala, sarean doan edo dendetan paperean (ordainduta) eskura daiteke lehen alea, euskaraz zein gaztelaniaz. «Laster katalanez ere egongo da», nabarmendu zuten egileek, etorkizunean, digitalean, ingelesera, portugalerara eta alemanera itzultzeko asmoa dutela erantsita.

Bigarren alea ere, “Maxi operazioa” (“Operación sabueso”), eskuragarri dago aipatu bi formatuetan eta hirugarrena, hau ordainpekoa, bidean dela iragarri zuten egileek. Aurreratu zutenez, “Jadezko dragoia” izenburupean argitaratuko dute eta, oraingo honetan, Txinara bidaiatuko dute Txano eta Oscar anaia bikiek.

 

Sarean, 50.000 deskargatik gora

Paperera iritsi aurretik, bertsio digitalean frogatu behar izan du “Oscar eta Txano”-k bere balioa. Izan ere, 2017ko maiatzean internet bidez eta doan eskaini zuten bildumako lehen liburukia, gazteleraz (“La piedra verde”). «Hasieran ez zuen ematen interes handirik sortu zuenik, baina uztailean funtzionatzen hasi eta deskarga kopurua gora egiten hasi zen», azaldu zuen Julio Santosek, 7 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduriko liburu hauen idazleak. Gaur-gaurkoz, lehen ale horrek 50.000 deskargatik gora izan ditu 50 herrialdetan.

Kopuru horrek proiektuaren gaineko ilusioa indarberritzeaz gainera, izan da haren norabidea hauspotu duen beste gertakaririk. «Wattys sarietara aurkeztu genuen eta, irabazi ez bazuen ere, galbahetik pasatu ziren ehun lanen artean geratu zen. Horrela esanda, ez dirudi asko, baina kontuan hartu sariketara 280.000 istorio aurkeztu zirela», nabarmendu zuen Santosek. A.A.