Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Kaukasoko Xkhara mendian bide berria zabaldu dute neguan

5.203 metroko garaiera du eta, Kaukasoko hirugarren mendi garaiena izateaz gain, Georgiako altuena da. Giorgi Tepnadze eta Artxil Badriaxvili hego isuritik igo ziren; pareta horretatik egin den lehen neguko igoera izan da. 60 luze zabaldu zituzten, eta 6b gradua du.

Beti esaten dugu ohiko mendilerroetatik at egiten diren jarduera alpinistikoen berri izatea zaila dela oso. Baina, zorionez, tantaka bada ere, horietako batzuk jasotzen ditugu. Eta horren adibide da datozen lerrootan jorratuko dugun eskalada. Neguko denboraldiari dagokionez, hedabide ia guztion begiradak Himalaian zein Karakorumen egin diren espedizioetan izan dira. Lehen mendilerroan, Alex Txikonek Everesten egin duen saioa. Eta bigarrenean, K2 mendian espedizio poloniarrarena.

Horretaz gain, aurreko kronika batean aipatu genizuen ere Kirgizistango eta Errusiako alpinista talde bat xede oso interesgarria gauzatzen ari zela: “Elurretako Lehoinabarra” proiektua lehen aldiz neguan sinatzea. Horrekin esan nahi dugu, talde hori Sobietar Batasun ohian dauden zazpi zazpimilakoak urtaro horretan igotzen saiatzen ari dela. Bat falta zaie soilik.

Bada, zazpimilako horietatik nahiko gertu, Europako mendebaldekoentzat nahiko ezezaguna den mendilerro batean, Kaukason, azpimarratzekoa den neguko jarduera bat egin da. Protagonistak Giorgi Tepnadze eta Artxil Badriaxvili dira. Biak ala biak Georgiakoak dira. Eta biek ala biek beren herrialdeko mendi garaiena, Xkhara (5.203 m) lehen aldiz igo dute neguan. Aipatu behar da ere mendi hori Kaukasoko mendilerroan dagoen hirugarren mendi altuena dela.

Aipatu dugu Xkhara lehen aldiz neguan igo dela. Baina hori zehaztu behar dugu. Mendi hori Balkariako isuritik behin baino gehiagotan eskalatu da, baina Georgiakotik lehen aldia da.

Hori guztia esan ondoren, gehitu behar dugu tontorra zapaltzeko bi alpinistok bide berria zabaldu zutela. Jarduera hau joan den otsailean egin zuten, eta, estilo alpinoan, zortzi egun behar izan zituzten xede hori biribildu ahal izateko.

Aipatu dugun georgiarren marra hori mendiaren hego aldeko aurpegian sortutakoa da. Eta, oro har, aitor dezakegu goi mailako eskalada izan dela. Bide berria gainditu ahal izateko 2.300 metroko ibilbide tentea egin behar izan zuten. Denera, 60 luze egin zituzten. Eta zailtasunei dagokienez, errusiar eskalan 6B gradua eman diote; hots, eskala horretako gorena. Gure eskalara ekarrita, bi georgiarrok diote oro har ED2 dela, eta teknikoki M5, WI5 eta 75-80°ko tarteak gainditu zituztela.

Neguko jarduera hau egin eta gero, Badriaxvilik adierazi du bere ibilbidean egin duen xede garrantzitsuena izan dela: «2017. urtean Himalaian izan ginen; hain zuzen ere Larkya Main mendian (6.425 m). Eskalada eder bat sinatu ondoren, georgiarrok Himalaian lehen aldiz zabaltzen genuen bide berri bat lortu genuen. Seimilako hori zortzimilako batetik, Manaslutik, gertu dago; haren ingurumarian dagoen haran basati batean. Era batera edo bestera, iaz egin genuen espedizio horrek asko lagundu gaitu Xkharan egin dugun eskalada egiteko. Bi espedizio hauek gure ibilbideetan berebiziko garrantzia dute».

Ondoren, Badriaxvilik berak Xkhara mendian bizi izan duen eskarmentuaren berri emango digu.

Xkhara

«Inolako zalantzarik gabe, Xkhara mendia gogorra da oso. Kaukasoko garaienetakoa da, eta Georgiako altuena. Neguan, jakina, aipatu dudan gogortasun hori izugarri handitzen da. Eta badu azpimarratzeko eite bat ere: mendiaren oinarritik gailurreraino dagoen distantzia oso-oso handia da. Bai, 2.300 metroko desnibela gainditu beharra dago. Balkariako isuritik neguan igota badago ere, Georgiatik eskalatu gabe zegoen. Isuri horretatik hainbat saio egin dira. Azkena duela bi urte Bakar Gelaxvili kidearekin egin nuen. Bost egun generamatzan eskalatzen, baina oso mantso. Gailurra lortzeko asko falta zitzaigun; hots, helburuaren erdi-erdian geunden. Eta hori ikusirik, espedizioa bertan behera uztea erabaki genuen.

Zorionez, aurten elur gehiago egin du, eta horrek erritmoa bizkortzen lagundu zigun. Nahiz eta eskalada hau Giorgik eta biok egin dugun, Temo Kurdiani eta Mikheil Khorguani kideen laguntza eskertu nahi dugu.

Aipatu dudan iazko saioan, hegoaldeko hormaren ezkerraldean dagoen bide bat aukeratu genuen. Aurtengo ekinaldian, berriz, aukera hori baztertu eta murruak duen erdiko korridoretik igo ginen. 1.000 metro luze da, eta bi egun behar izan genituen sekzio hori gainditzeko.

Eguraldiari dagokionez, esan behar dut eskaladaren hasieratik amaiera arte nahiko gaiztoa izan zela. Eta horrek guztiak erabat baldintzatu zuen gure jarduna. Onartu behar dut abentura handia izan zela.

Eskaladaren lehen egunetan (nik esango nuke guztietan) denetarik bizi izan genuen. Tarte errazak eskalatu genituen, baina baita oso zailak ere. Korridoretik irten ginenean, ekaitza noiz baretu zain egon ginen. Baina, zoritxarrez, bereak eta bi egiten egon zen. Sekzio teknikoetara heldu ginenean, baldintza horiek ez ziren batere aldatu. Alabaina, aurrera jarraitzeko asmoa genuen. Luze zailak ekaitzaren zurrunbiloan eskalatu genituen. Egoera oso-oso gogorra zen. Eguerditik gauerdira arte eskalatzen genuen, elur-jausi txikiak jasaten genituen, mistoko zein izotzezko tarteak (WI5 eta M5) aurrez aurre genituen...

Hurrengo hiru egunetan igo gabe zegoen bide batetik jarraitu genuen; 4.600 metroraino, hain zuzen ere. Eta zortzigarren egunean, erdiko ertzarekin (Gvalia bidea) bat egin eta Xkharako tontorra erdietsi genuen. Esan behar dut ere azken tarte horretan aldaera bat egin genuela. Gailurrera heltzeko 60°ko aldats bat gainditu genuen; ordua, berriz: 20.40. Iluntasun horretan harrapatuta geunden. Gainera, muturreko baldintzek astindu gintuzten: haizete gogorrak (55 kilometro ordukoak) eta hotz ikaragarria (-38°). Hala eta guztiz ere, pozarren ginen!

Egoera ez zen batere atsegina; leher eginda geunden, baina oraindik beste xede bat genuen aurretik: jaitsiera. Eskaladako azken egunean, izotzean zein arrokan luze teknikoak eskalatu genituen. Bidea zein zen bagenekien, eta hartatik jaisten hasi ginen.

Lehen rapelak egin eta gero, ohartu ginen jarraitzea ezinezkoa zela. Eguraldi gaiztoagatik zein iluntasunagatik igo genuen marra desagertu zen. 5.000 metrora heldu ginenean, biok ala biok erabaki genuen han bertan bibaka egin behar genuela. Bibak hori antolatzeko tresneria eskasa zen. Erlaitz txiki batean dendaren kanpoko kapa eta koltxoneta bat jarri genituen.

Lekua ez zen batere segurua, eta horregatik sokarekin babestuta igaro genuen gaua. Oso hotza eta luzea egin zitzaigun. Apenas egin genuen lorik, baina atseden txiki hori behintzat primeran etorri zitzaigun.

Jaitsiera beste bost egunez luzatu zen. Elurteak, zati teknikoak, hainbat igoera txiki... Denetarik zegoen. Azkenean, oinarrizko kanpalekura onik iritsi ginen. Denera, 13 eguneko jarduna izan zen. Estilo alpinoan 60 luze igo genituen; inoiz egin dugun bide tekniko luzeena izan da».