GARA
BILBO

Lanean hildako langileen herenak azpikontratatuak ziren, ELAren arabera

Urtero legez, apirilaren 28an izaten den Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna baino egun batzuk lehenago, ELAk ezbeharrei buruzko txostena argitaratu zuen. Nabarmentzen duenez, 54 langile hil ziren iaz lan istripuetan, eta 2014an eta 2015ean izandako hazkuntza moteldu dela jakinarazi zuen.

2016an baino langile bat gehiago hil zen 2017an, ELAren datuen arabera, eta urteko heriotzen hazkuntza zertxobait geldiarazi izana izan zen positiboki baloratu zuen datu bakarra. Izan ere, 2015ean 2014an baino hamar istripu hilgarri gehiago jazo ziren, eta, urteko kopurua mantendu arren, goranzko joera geldiarazi dela adierazi zuen.

Jarduera ekonomikoa handitzea, gero eta handiagoa den lan baldintzen prekarizazioa eta prebentzio politika publikoen porrota jo zituen hazten doazen istripuen eta gutxitzen ez diren heriotzen eragile nagusi gisa. «Bien bitartean, berrogeita hamar langiletik gora hiltzen dira, urtero, Euskal Herriko lantegietan», ohartarazi zuen atzo Bilbon aurkeztu zuten txostenean.

Azterketa horretan bertan datu zehatzagoak ere eman zituzten. Horien artean, esaterako, nabarmendu zuten hildakoen herenak azpikontratatutako langileak zirela, eta seitik bat, autonomoa. «Azpikontratazioa hedatzen ari da eta zuzeneko eragina du langileengan, gero eta okerragoak direlako lan baldintzak eta esponentzialki areagotzen da istripuren bat jasateko arriskua», adierazi zuen ELAk.

Bestalde, 54 istripu hilgarrietatik %79,6 traumatikoak izan zirela zehaztu zuten: «Horietatik %23,2 kolpeak eta harrapaketek eraginda eta %18,6 altuerako erorikoen ondorio». Istripuak sektoreka banatuta, industria izan zen ezbehar traumatiko gehien izan zituena (%42,6).

%0,2 istripu gutxiago

Lanpostuan izaten diren istripuak, ordea, heriotzetatik harago doaz. Eta horretaz ohartzeko, Hego Euskal Herrian 104.908 istripu erregistratu zirela jakinarazi zuen ELAk. Aurreko urtean baino %0,2 istripu gutxiago jazo ziren orotara, baina Nafarroaren kasuan ia 1.000 ezbehar gehiago gertatu ziren.

Era berean, lan jarduerak eragindako gaixotasunei atal berezia eskaini diete txostenean: 4.521 patologia kasu zenbatu ziren Hego Euskal Herrian, baina ELAk ohartarazi zuen portzentaje handi bat erregistro ofizialetan ez dela agertzen; istripu kasu batzuetan erabiltzen den jokabide bera, alegia.

Datuak behin plazaratuta eta eragile nagusiak identifikatuta –aurrez aipaturiko prekaritatea, azpikontratazioa, lan karga jasangaitzak, segurtasun eta osasunean ez inbertitzea...–, beraz, proposamenak zerrendatzera pasa zen ELA.

Argi dauka zein izan behar den aurreneko pausoa. Laneko osasunerako aurrekontua handitu behar delakoan dago sindikatua: «Teknikari gehiago kontratatu behar ditu Osalanek, 250era iritsi arte (egun, 176 dira); Nafarroan, berriz, 50 behar ditu NOPLOI/ISPLNk».

Ildo beretik jarraiki eta istripuen kopuru handi bat makinaren batek langilea zapaldu edo harrapatzean gertatzen dela jakitun, horrelako ezbeharrak eragin ditzaketen makina guztiak berrikusteko erantzukizuna duela helarazi dio Osalani. Eta modu orokorrean istripuak gertatzen diren enpresa, errepide arriskutsuak edo produktu kimikoekin lan egiten duten konpainiak zerrendatzeko eskaera plazaratu zuen.