Ariane KAMIO
BERRIZ
Interview
XABIER AMURIZA
IDAZLEA, BERTSOLARI OHIA...

«Zapalkuntza nagusia ez zen politikoa, morala zen. Kontzientziak zeuden moralki harrapaturik»

Berrizen ondoetorria emanda hartu du GARA Xabier Amurizak (Etxano, 1941), «Neska bat leku inposiblean» (Elkar) aitzakia. Zamorako espetxeko ihes saiakera abiapuntu, bizitzaz, moralaz eta hainbat gogoetaz zabal jardun du, haurtzarotik abade garairaino.

Ahalik eta laburren erantzuten saiatuko naiz, kazetariaren lana badakit nolakoa den.

Lasai…

Lasai bai, baina… Bueno, zuk esango duzu…

Ze sentsazio duzu liburua atera berritan?

Sentsazio handirik ez, baina topikoak dioenari kontra eginez, hau ez da erditze bat izan, hau etxetik joate bat izan da. Erditu aspaldi egin nuen. Etxean egon izan da. Eta orain joan egin da. Ez dakit nondik dabilen, ez eta ze ibilbide egingo duen ere.

Diozu ez dela erditze bat izan…

Ez, ez da izan. Joan egin da. Erditzen denean lanik handiena hor hasten zaizu, umearen konparazioan. Hau ez da erditzea. Hau da etxetik alde egitea. Barkatu, segi…

…buruan zenuen bizipen bat zen eta horri askatasuna eman diozu.

Forma bat eman diot, gero askatasuna berak hartu du joan denean joanda. Etxean daukazun bitartean beti ari zara ukituak egiten. Ume bat baldin badaukazu beti ari zara zerbait egiten, orain ezin diot ezer egin. Ideia bat baneukan, ideia horri forma bat eman diot eta horren bila joan naiz. Istorioa baneukan, argumentua interesgarria eta indartsua iruditzen zitzaidan, geure bizipen kolektibo bat izan zen, duela 50 urtekoa, eta horri forma bat ematea zen nire helburua. Helburu literarioa, batez ere.

Abade zinen garaiko historia kontatzen da «Neska bat leku inposiblean» liburuan. Uste dut hamaika urterekin joan zinela apaiztegira. Zerk bultzata hartu zenuen erabaki hori?

Eta ume bat zerk bultzatzen du, bada? Zirkunstantziek, etxeko giroak, herriko giroak, bizitza sozialak. Gure etxean ez ginen hainbeste ume baina baginen lau... eskola txiki bat... Aurrekoan “Artefaktua”-n [EiTB] Etxanoko eskolako irudiekin hasi zen saioa.

Etxanon. Bi bandera eta zure argazkia.

Hori nire bizitzan izan den unerik hunkigarrienetako bat izan da. Ni eskolan hasi nintzenean eta geroago ere triunbiratoa zegoen, hirukotea. Jose Antonio Primo de Rivera ezkerrean, eskuinean Franco maila berean, eta gorago triangelua eginez, gurutzea. Eskola horretan, orain elkartea den tokian, daukate horrelaxe jarrita, posizio berean, gurutzea zegoen tokian nire argazki bat eta alboetan Etxanoko bandera eta ikurrina.

Ni bost urterekin hara sartu nintzenean, Francoz entzuna nuen zerbait, baina ez nuen askorik identifikatzen oraindik, gurutzea ere bai, eta Primo de Rivera nor izan zen ez nuen jakin fraide joan arte. Baina hantxe zeuden beti, umearen buruan, mutiko buruhandiaren buruan, zeren buru handi samarra neukan, eta buruhandi deitzen zidaten. Ni burla bezala entzuteak ez ninduen hainbeste arduratzen, kezkatzen ninduena zen ezkutatzea. Pentsatzen nuen: Buru handia badaukat nola ezkutatuko naiz? Haur baten pentsamenduak! Hiru horien azpian, mundu arraro bat han. Eta orain bat-batean nire argazkia ikustea izan zen ikaragarria. Eta gero nortasunaren, identitatearen jarraipen bat zen. Nik bost urterekin zer sentitzen nuen badakit, eta orain sentitzen dudana, bat bera dira, baina hain toki kontrakoetatik!

Alde ederra batetik bestera.

Ederra bai! Ni orain oso hiztuna naiz, baina umetan isilik egoten nintzen. Nire ardura nagusia zen oharkabean pasatzea eta ezkutatzea.

Apaiztegian beldur berberarekin bizi izan zinen?

Apaiztegian ez zegoen ezkutatzerik! Eskola aroan bai, eskola amaitu eta joan egiten nintzen. Baina apaiztegian ez zegoen ezkutatzerik.

Zein apaiztegitan egon zinen?

Lehenengo hasi nintzen Zornotzan. Urtebete egin nuen fraideetan, karmeldarretan. Eskolara etortzen ziren fraideak. Zornotzako karmeldar bat etorri zen, azalpen batzuk egin zituen eta nik eskua jaso nuen. Pentsa motiboak nolakoak diren ume bat eramateko... Fraide hark arrosarioak egiten zituen, zilarrezkoak ziruditen aliketa zorrotz batzuekin eta polit-politak ziren. Halako erremintek liluratu egiten ninduten eta etxean harrapatzen nuen baten bat, baina hura hain zen polita! Halako exhibizio txikiak egiten zituen eta gero galdetzen zuen ea norbaitek joan nahi zuen eta ni ere ausartu nintzen jasotzera. Maistra ere pozik, formal-formala nintzen-eta.

Zer zioten ingurukoek hartutako erabakiaz?

Fraide joan behar nuela zabaldu zen eta askoz hobeto hartzen ninduten toki guztietan. Amamatik hasita, ateratzen zizkidan gauza gozoak, gailetak eta gordeta zituen edariak. Eta herrian ere harrera ona egiten zidaten fraide nindoalako. ‘Hau ondo dago!’, pentsatu nuen.

Baina gero iritsi zen joateko ordua, eta orduan komeriak! Nik amabitxia neukan artzaina, Mañarian, amaren ahizpa. Hitz eginda izango zuten fraide joan behar nuela eta arreoa eraman behar zen, eta koltxoia. Eta han agertu zen, Mañaritik gure etxeraino oinez etorrita, zakukada bat artilerekin. Ikusten ari naiz nola bota zuen zaku bete artile. Hori ikusi nuenean pentsatu nuen…

...banoala…

Orain nola esango duzu ezetz? Amabitxia handik honaino etorrita! Orduantxe etorri zitzaidan korapilo handi bat eztarrira. Eta ezetz esateko barrurik ez.

Halaxe joan nintzen karmeldarren komentura; internatu zorrotza. Gabonetan ere ez zegoen oporrik. Irailetik hurrengo uztailera arte. Ume batentzat hori oso gogorra da. Baina ez zegoen beste erremediorik.

Eta galdetuko duzu: Damutu zinen?

Hala izan zen?

Ez. Niretzat gogorra izan zen etxetik alde egitea. Nik etxera itzultzeko grina besterik ez neukan. Zornotzan kaletik hurbil dago komentua eta ikusi egiten zen kalea. Eta gure aitak lan egiten zuen Zornotzan, igeltsero aritzen zen, eta banekien nondik pasatuko zen. Batzuetan egoten nintzen, ordua kalkulatuta, leihotik begira, isilpean, aita pasatzen ikusteko. Etxea gertu neukan. Hamar hilabete ume batentzat eternitate bat da.

Etxera joan behar zen bezperan izaten nuen poza ez dago neurtzerik. 66 urte pasa dira horretaz geroztik, baina hura eta ni gauza bera gara.

Eta handik Deriora pasatu ginen.

Urte batzuk egingo zenituen apaiztegian…

Hamahiru.

...diziplina izango zenuten, eta apaiztegiko bizimodua beteko zenuten, baina bertan ere Xabier Amurizak garapen bat izango zuen, kontzientzia hartzeko leku bat aurkituko zuen.

Bai, noski. Seminario, apaiztegi eta komentuetan, 60tik 70erako hamarkada hori izan zen irauli handi bat, eta ni 65ean apaiz egin nintzen. Orain arte kontatu dizudan ume horren izatea, 15-16 urtera arte guztiz defentsiboa izan zen, ez nabarmendua izateko inon. Ezkutatzea ere bazegoen apaiztegian e! Orduan hartu nion komunari kariñoa. Hura zen bakarrik egon zintezkeen toki bakarra! Negar lasai egin nahi bazenuen, han egotea zenuen, bazenekien inor ez zela sartzen ausartuko. Gure aitak bakarlekua esaten zion komunari!

15-16 urterekin hasi ginen bizkortzen eta nahiz internatuan egon, sartzen ziren gauzak, edo bilatzen genituen. 17 urterekin Filosofiako urteak hasten ziren eta batzuk espabilatu ginen, oso azkar.

Nire askabiderik handiena zein izan zen gogoan dut. Batzuetan zigorren bat edo beste jasotzen zenuen, baina hura pasa eta aurrera. Okerrena zen, ordea, kontzientzia harrapatzen zizutela.

Hori ezin gainetik kendu.

Ez ba! Hori ezin duzu kendu! Ikaragarrizko korapiloak sortzen dira eta ezin duzu askatu. Niri pentsatzea gustatzen zitzaidan, nik nahi nituen pentsamenduak eginez. Onak eta okerrak ere bai, eta lizunak… ‘Neuk bakarrik pentsatzen al dut hau? Jainkoak ulertuko du, bada’, pentsatzen nuen. Pentsamenduaren inpunitatea eta harrapatu ezina deskubritu nuen orduan. ‘Edozer pentsa dezaket, ona-txarra, edozer, eta Jainkoarekin ondo konpontzen naiz ni!’. Liberazio handi bat izan zen hura.

Kontzientzia harrapatzen dizutenean pentsamendua ere harrapatzen dizute, beraien martxan korritzen du. Ezin duzu dominatu. Hori zen korapiloa. Harrezkero lasai edozer pentsatzen nuen zilegitasun osoz. Gero konfesioa egin behar zen astero, baina nire barrukoa ez ninduen inork harrapatuko. Apaiz garaian ere horrek balio izan zidan. Zapalkuntza nagusia ez zen politikoa, ez zen errepresioa, morala zen. Kontzientziak zeuden moralki harrapaturik. Hori izan zen iraultza handiena. Jende askok pozik ikusi zuen apaizen mugimendu berria.

Kontzientzia moral horrekin sartu zinen espetxean…

Bai, eta apaiz egiteko arrazoi handienetako bat hori izan zen. Apaizgoaren montajea, sinetsi, gutxi, baina bai hortik eragin handia izan genezakeela askapen sozial, politiko eta moral horretan. Kontzientzia osoarekin egin nintzen apaiz. Baina apaiz egin nintzenetik, adibidez, ez nintzen sekula gehiago konfesatu, ez niolako zentzurik ikusten.

Liburuan tunel baten bitarteko ihesa kontatzen da. Nola bururatzen zaio apaiz kuadrilla bati tunel bat eraiki eta handik ihes egitea?

Apaiz kuadrilla hura preso zegoelako eta presoaren lehenengo obligazioa ihes egitea zen, batez ere kondena luzeekin. Baginen talde hartan kondena luzeak genituen batzuk. Beste alde batetik, saiakera hura gaizki aterako balitz, barrurago ez gintuzten sartuko.

Elizak eta Estatuak adostutako eliza hartan [Zamoran] ez ezik, beste kartzeletan ere izaten ziren ihesak, gure kolektiboetan ere bai. Eta gero, liburuan agertzen den metodoarekin Sarrionandiak eta Pikabeak ihes egin zuten.

Bafleak...

Bafleekin, hori da. Probabilitate gutxi ikusten genituen, baina hasi ginen tunela egiten eta ez zen erortzen. Aurrera gindoazen eta azkenean bukatu egin genuen. Ihes egitea bakarrik falta zitzaigun. Bitarte horretan harrapatu gintuzten. Hori zen nik neukan argumentua nobela baterako, abentura bat bezala. Abentura ikaragarri bat kolektibo batena.

Planak porrot egin zuen, baina zuk ez duzu galera gisa irudikatu nahi izan.

Niri helburu literarioa interesatzen zait. Kronika eginda dago. Han egon ginen hogei bat lagunek egin dugu dagoeneko kontaketa. Ez zen arrakastara iritsi, baina balio literario handia zuen. Eta literaturan zerbait irabazi nahi dut, irabazle moduan agertu nahi dut. Bizitzan ez zait hori beti gertatu, are gehiago helburu handietan. Baina literatura nire esku dago.

Porrotetan garaipen batzuk egoten dira eta nik hala planteatu nuen liburuan ere. Baflearena hor zegoen. Sarrionandiak ihes egin zuen baina literarioki ez zen erabilia izan ordura arte eta gainera gurea lehenagoko kontua izan zen.

81ean edo 82an izango zen... Ni [bertsolari] txapeldun nintzela, liburuan kontatzen den antzeko jaialdi batean parte hartzeko zoria izan nuen emakumeen kartzelan Alcala Mecon. Bertsolari moduan joan nintzen, txapeldun izanda. Hiru-lau bertso kantatu genituen, baina sinbolikoa izan zen. Beste partaiderik ere bazen. Bat zen Eduardo Aute. Ikaragarrizko bafleak sartu zituen espetxean. Berak ekarri zuen ekipoa eta taldea. Bafleak ikusi nituenean, pentsamendu hori etorri zitzaidan. Jaialdi hura guk harrapatu bagenu!

Orduan Sarrionandia eta Pikabea alde egin gabe zeuden…

Horregatik ba. Hori 82an izango zen. Eta handik pare bat urtera…

85ean, San Fermin egunez.

Hara non alde egin zuten! Nire erronka hori zen, sinesgarria zen zerbait egitea.

Portadan ageri den bonbillak ere badu zeresan sinboliko bat.

Azaleko bonbilla hori ikusi nuenean, barruak egin zidan zulo beteko iraulia. Hauxe da dena ikusi zuena eta dena ikusarazi zuena.

Eta tunela ondo atera izan balitz?

Tunela ondo atera izan balitz handik ihes egiteko 50 metro arriskutsu zeuden. Haiek gaindituz gero, probabilitateak handiak ziren askatasuna lortzeko, zeren dena zegoen ondo antolatua.

Talde osotik zazpi lagun ginen alde egin beharrekoak, ezin genuen denok ihes egin! Baina nahiko probable ikusten zen ilargi bako gau batean iristea han zegoen halako sagasti batetara. Behin hara iritsiz gero handik aurrerakoa nahiko probablea zen. Baina urriaren 21ean alde egin behar genuen, eta hilaren 13an harrapatu gintuzten.