Idoia ERASO
BAIONA

Etiopikoak jaialdiak JoxAnton Artze eta poesia omenduko ditu

Baionan auzoz auzo ibiliko da Etiopikoak festibala apirilaren 25etik 28ra. Hamargarren edizio honetan JoxAnton Artze eta oro har poesia izanen dira ohoratuak. Emakumeen tokiari ere garrantzia eman diote, bereziki azken eguneko programazioan.

«Jaialdiaren 10. urteurrena ospatzeko Etiopikoen edizio ziztatzaile eta goxoa prestatu dugu, JoxAnton Artze euskal poeta handiari eskainia», azaldu du Beñat Achiaryk, jaialdiko zuzendari artistikoak. Duela hiru hilabete zendu zen artistari ez ezik, haren adierazpide izan zen poesiari ere oro har ohore egin nahi diote aurten.

«Poesia ez dugu manera hutsalean hartuko, hatsari eta gure soari dedikatua izanen da, pentsatzen dugulako ekintzara eramateko garrantzi handikoa dela, hori gabe itsuak izango ginatekeelako», gaineratu zuen kantariak. Ekintzen garrantzia bere obraren adierazpideetan erakusten duen Serge Pey poeta izanen da gonbidatu garrantzitsuenetako bat. Estatu frantseseko poesia sari nagusia eskuratu duen idazleak «poesia ekintza bezala sentitzen du», nabarmendu zuen Achiaryk.

Okzitaniako Tolosako idazleak «erresistentziari buruzko poesia» egiten du, eta horregatik euskal gaiaren inguruan ere ariko da, horretarako bertsulariak izanen ditu lagun, baita «slamlariak» ere, hau da karrikan, plazan, espazio publikoan egiten den ahozko poesia mota berezi bat sortzen dutenak.

Festibaleko ekimenei ere kokapenaren bitartez “ekintzaren” zentzua eman nahi izan diote, hori dela eta Baiona osoan zehar ibiliko dira. Hiriguneko alde zaharrean hainbat ekimen badira ere, bereziki auzo herritarretan ibiliko dira. «Poesia ibilaldi batek zeharkatuko du hiria lau egunez, bere poeta, musikari, dantzariekin...», gaineratu zuen.

Jaialdiaren antolatzailea den Ezkandrai elkarteak hamar urteko ibilbidea ospatu nahi izan du, eta horretarako artista ezberdin anitz gonbidatu dituzte. Alde horretatik, lan handia egin dutela azpimarratu zuen zuzendari artistikoak: «Primaderan ateratzen den lore bat bezalakoa da. Urte osoko lana programazio bateko lau egunetan loratzen da, gure estiloa da».

Asteazkenean, Mohamed Boujajaj eta Hanane Issaadiren musikak Mai Ishiwataren dantza eta Gaspar Clausen biolontxeloarekin uztartuko dira merkatuan. Ostegunean dantza eta kontzertua elkartuko dira. Lehenik Kukai konpainiak sortu zuen “Soka” eskainiko dute Bilaka taldeko dantzari gazteek. Gero, Ipar Euskal Herrian lehen aldiz “Bas(h)oan” joko dute Beñat Achiary, Joseba Irazoki, Julen Achiary eta Mikel Artiedak.

Ostiralean Olerkarien biltzarra eginen da, Serge Pey, Chiara Mulas, Itxaro Borda, Pierre Vilar, Juan Kruz Igerabide eta Rohan Houssein «slamlariaren» parte-hartzearekin.

Emakumeak

«Emazteek hartuko dute bolantea. Oso presentzia aberatsa izanen da, bereziki azken egunean», esan zuen. Didam aretoan 15.30etik goiti eginen den performance eta trukaketan, eremu eta toki anitzetako artistak bilduko dira, “Ekintza eta poesia, emakumeak gure garaiko gaien erdigunean” lelopean: Sardiniako Chiara Mulas poeta eta antropologoa, Bilboko Polaroid SKA kolektiboko Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxea, Itxaro Borda poeta Itsaso Gutierrez musikariarekin, Dordoinako Marie Doria kantaria eta Sylvie Darreau editorea, besteak beste.