GARA
BILBO

Bulegoetako langileek greba egingo dute gaur bigarrenez

Bizkaiko Bulegoetako eta Langeletako langileek egindako lehenengo greba egunak %75eko jarraipena izan du, sindikatuek adierazitakoaren arabera. Gaur berriro aldarrikatuko dute lan hitzarmen duin bat.

Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileek lehen greba eguna egin zuten atzo ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk deituta eta CGTk, ESK-k eta CNTk babestuta. Sindikatuen arabera, %75eko jarraipena izan zuen.

Lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta egotea eta Cebek patronalak lan-baldintzak okertu nahi izatea salatzen dute langileek. Azaldu dutenez, «langileek ezetz esan diete murrizketei, gutxieneko berme eta antzinakotasunaren galerari, modu mugagabean soldata izozteari eta langileen prekaritatea zabaltzeari. Guztia, enpresak diru asko irabazten ari diren sektore batean».

Hala, mobilizazioak egin zituzten GFI, Informática de Euskadi, Customer Works, Indra eta Panda enpresetan, eta ondoren pikete mugikorra egin zuten Bilboko Zabalburu plazatik hasita. 12.00etan manifestazioari ekin zioten Arriagatik Iberdrola dorreraino.

Gaur bigarren greba eguna izango dute. Pikete mugikorra egingo dute berriro, 10.00etan Zabalburu plazatik irtenda, eta ondoren manifestazioa aterako da Arriagatik udaletxeraino, eta bertan eserialdia egingo dute.

Protestei ikusgarritasun handiagoa emateko, “Bulegunea” jarria dute Arriaga plazan apirilaren 9tik gaur arte. Bertatik gizarteko beste kolektibo batzuk pasatu dira elkarrekin ekitaldiak eskainiz. Bertan gosaldu, bazkaldu eta afaldu dute egunero langileek hitzarmen duin baten aldeko aldarrikapena Bizkaiko bazter guztietara zabaltzeko xedearekin. Era berean, Bulegune ibiltaria ere badabil lurralde osoan zehar, enpresaz enpresa, aldarrikapenei babesa emango dien atxikimenduak batzen.