M.I.
ANTZERKIA

Jimmy, hozkailuko adiskide izoztua

Oholtzaren biluztasunaren erdian, hozkailu zahar eta zikina, tapaki gorri koadrodun batekin erdi estalia. Sarrerako esku-orrian gailu horren atean Sex Pistolsen “God Save the Queen” diskoaren azaleko pegatina ikusi dugu dagoeneko. Informazio zertzelada horri Maite (Patricia Urrutia) pertsonaiaren janzkera punka gehituko diogu. Maitek eta Karlosek (Ander Lipus) azken aldiz elkar ikusi zutenetik hogeita bost urte pasatu dira. Horrela, “Martxa eta Borroka” garaian festaz festa ibili ondoren Londresera abiatu ziren hiru adiskideren bizitza eta harremanak nola bideratu diren oholtzaratzen du “Hozkailua”-k.

Sapak harrapatu du irudizko paisaia, nekeak bizitza. Jimmyren gorpua hozkailuan dago; Maitek, Londresetik bueltan, Karlosi laguntza eskatuko dio adiskide zenduari lur emateko. Kontua da ez dakitela haren herria zein den eta norabidea norabiderik eza bihurtzen zaiela. Arrastaka daramate tramankulua, bidegurutze existentzial eta beckettiarrean. Hala ere, Maite eta Karlosen kontraesanak ulergarriak ditugu, gure auzo eta herriko antiheroiak ditugulako, batetik; bestetik, aktoreek sinesgarritasun osoz haragitzen dituztelako pertsonaiak, antzezpen bikain-bikainez.

Elkarrizketek sostengatzen dute argumentuaren garapena. Atentzioa eman du gurasotasunari buruzko ideiak batu dituen uneak, bereziki. Solasaldietan, gaztaroko energia, emozioa eta desioak ez direla mundua aldatzeko edota pozik bizitzeko nahikoa izan antzemango dugu barreen eta abestien artean. Maite eta Karlos “Errautsak” lanean ikusi genuen kuadrilla bezain egiantzekoak izateaz gain, sorburu beretik jaiotako pertsonaiak dira: Kortaturen “Jimmy Jazz” nahiz Baldin Bada eta Eskorbuto-ren kantak “Lepoan hartu eta segi aurrera”-rekin batera kantatu zituzten belaunaldikoak, bizitzako mina adiskide izanez neutralizatzen duten gazte ohiak.