GARA
ZARAUTZ

Bertsolaritza eta zientzia eskutik helduta

Itxuraz elkarrengandik urrun dauden bi unibertso elkartuko ditu beste behin Bertsozientzia ekimenak. Laugarren edizio honetan, lehen aldiz Gipuzkoan egingo da bertsolaritza eta zientzia batzen dituen ekimen hau eta saioak gaur, ostegunean eta maiatzaren 25ean izango dira Zarautzen, Bergaran eta Ordizian, hurrenez hurren.

Ekimena DIPC Donostia International Physics Center-ek, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, ZarautzOn elkarteak, Bergarako Laboratorium museoak, Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoiak eta Bergarako, Ordiziako eta Zarauzko udalek antolatu dute eta, “Jakinduriek Mundue Erreko Dau” izenburupean, hiru zientzialari eta bi bertsolari bilduko ditu saio bakoitzean. Horietan hamar minutuko hitzaldi zientifikoak eskainiko dira, euskaraz, eta, gaiak aurkeztu ondoren, zientzialariaren hipotesiak bilduko dituen bertso bat inprobisatu beharko dute bertsolariek.

Topaketa horiek arratsaldean izango dira, eta puntako bertsolariak elkartuko dituzte; besteak beste, Maialen Lujanbio (Euskal Herriko azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlea), Aitor Sarriegi (txapelketako finalista) eta Andoni Egaña historikoa. Bertsolariek errima jarri beharko diete beren esparruan erreferentzia diren hainbat zientzialarik azaldutako gaiei –horien artean, Ainara Sangroniz (EHUko Polymat Institutuko ikertzailea), Gorka Azkune (Deustuko Unibertsitateko ikertzaile eta irakaslea) eta Olatz Perez de Viñaspre (EHUko Informatika Fakultateko IXA taldeko ikertzaileak azaldutakoei–. Anjel Alkain aktore eta umorista izango da hiru saioetako zeremonia-maisua, eta emanaldiak dinamizatzeaz eta bertaratzen direnen partaidetza sustatzeaz arduratuko da.

Programa

Gaur, Zarautzen, abiatuko da Bertsozientzia. 19.30ean, Antoniano aretoan bilduko dira Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi bertsolariak, eta Ainara Sangroniz, Felix Zubia eta Josu Lopez Gazpio. Ostegunarekin Bergarara egingo du jauzi ekimenak. 19.00etatik aurrera, Seminarixoan bilduko dira Andoni Egaña eta Miren Amuriza bertsolariak eta Ainara Sangroniz, Jon Mattin Matxain eta Gorka Azkune zientzialariak. Maiatzaren 25ean Ordiziako Herri Antzokian izango dira Unai Iturriaga eta Alaia Martin bertsolariak eta Gorka Azkune, Olatz Perez de Viñaspre eta Aitor Gastañares ikerlariak.