A. ARTOLA
DONOSTIA

Beristaini omen egingo dio Arantzazuk

Arantzazuko seminarioan 11 urterekin sartu zenetik hari lotua joan zen Iñaki Beristainen bizia. Han lehen ikasketak amaituta, Erriberrin Filosofian sakondu eta Arantzazun apaiztu zen, eta bertan eman zituen bere bizitzako azken 50 urteak, iazko irailean zendu zen arte. Euskaltzalea, musikazalea, «sermoilari aparta» eta hedabideetan aritua, Arantzazuri egindako ekarpena eskertuko diote larunbat honetan egingo dioten omenaldian.

Arantzazuko Adiskideak elkarteak omenaldia egingo dio larunbatean Iñaki Beristain, iazko irailean zendu zen frantziskotarrari. 1947an Errezilen jaioa, hamaika urterekin abiatu zituen fraide ikasketak Arantzazuko seminarioan eta, Erriberrin Filosofia ikasita, 1967an itzuli zen Arantzazura Teologia ikasketak amaitzera. Bertan apaiztu zen lau urte geroago eta han eman zituen hil bitarteko 50 urteak.

Prentsaren aurrean egindako agerraldian, Jose Ramon Belokik Beristain «sermoilari aparta» izateaz gain euskaltzalea, musikazalea eta hedabideetan eskarmentuduna zela ekarri zuen gogora. ETBko “Egin bidean” saioa zuzendu zuen, Pello Zabalarekin batera Euskadi Irratian meza eman zuen 33 urtez, Segura Irratian ere bazuen saioa, eta, prentsa idatzian, azken hamarkadan berak zuzendu zuen “Arantzazu” aldizkaria.

Musikaren alorrean, besteren artean, Arantzazuko koruko zuzendaria izan zen bi hamarkadaz eta, hain zuzen, larunbatean eskainiko zaion omenaldian leku berezia izango du musikak.

Arantzazuko Gandiaga topaguneko areto nagusian abiatuko da ekitaldia, 11.00etan. Beristainen haurtzaroko eta familiako argazkiek emango diote ongi etorria bisitariei eta, koruaren parte hartzea, Xabier Erkiziak egindako bideoa (Beristainen audioekin eta «maite zituen toki berezietako» irudiekin osatua), Beristainen bizitza oroitzeko mahai-ingurua, bertsolariak (Xabier Euzkitze, Jon Sarasua, Jon Enbeita, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso) eta hamaiketakoa izango dira.

Arantzazuren gaineko hausnarketarik ere izango da. Belokik onartu zuen frantziskotarrak azkenaldian «kezkatuta» daudela etorkizunarekin; «ahultasunak eta mehatxuak» ikusten badituzte ere, «indarguneak eta aukerak» ere badituztela uste dute, eta, hala, «etorkizunean zer-nolako Arantzazu nahi dugun» hausnartu behar dutela zehaztu zuen.

Ohar bat ere helarazi zuten: Beristaini omenaldia egingo zaion aretoan 240 pertsona sartzen dira, eta 200 inguru dira jada izena eman dutenak. Areto gehiago egokituko dituztela azaldu eta bertaratzekoa denak 943 25 10 09 telefonora dei dezala eskatu zuten.