Amaia U. LASAGABASTER
Interview
JOSE LUIS MENDILIBAR
EIBARKO ENTRENATZAILEA

«Une oro sentitu dut klubaren konfiantza»

Hirugarren urtez jarraian Eibar helmugaraino gidatu du. Eta gorri-urdinek Liga hasieran une gogorrak bizi izan bazituzten ere, helburua aise lortu du Mendilibarrek: aurreko denboraldietako ibilbide bikainari jarraipena eman eta Lehen Mailan inoiz lortutako postu onenean amaitu du Liga Eibarrek. Hori bai, ziur zaldibartarrak ez duela bere ohiko diskurtsoa aldatzen abuztutik aurrera berriro aulkian esertzean.

Planifikazioa, elkarrizketak, klubaren konpromisoak... sasoiko azken eginkizunekin lanpetuta dabil Jose Luis Mendilibar, deskonektatzeko egun batzuk hartu aurretik. Munduko Futbol Txapelketak uzten badio. «Den-dena ez dut ikusiko, baina gehiena bai –aitortu du–. Zer egingo dut ba? Nire lana izateaz gain, futbola asko gustatzen zait, disfrutatu egiten dut».

Oporrak hartzeko gogoz ala beharrarekin?

Beharrarekin gehiago gogoarekin baino. Azkenean lana gustura egiten dut, gustatu egiten zait. Gainera, ondo amaituta... Denboraldiak bi aste gehiago jarraituz gero ere, gustura egongo nintzateke. Baina atsedena beharrezkoa da, egunerokotasunetik deskonektatu egin behar da.

Aurten, are gehiago? Amaiera ezin hobea izan den arren, denboraldi gogorra izan baita...

Bai, hasiera oso txarra izan zen. Batez ere emaitzei dagokionez, ez baitut uste jokoa hain txarra izan zenik. Baina oso dinamika txarrean sartu ginen. Gero gorantz egin genuen, gainera, sailkapeneko azken hirurak azkar geratu ziren atzean eta laster ikusi ginen aske. Baina egia da gaizki hasten zarenean, denboraldia luzeagoa eta gogorragoa egiten zaizula.

Gainera, zuk beti ematen diozu garrantzi handia ondo hasteari.

Bai, gaizki hasten bazara oso zaila delako dinamika aldatzea, batez ere talde apalentzat. Aurtengoa, hala ere, nahiko denboraldi arraroa izan da. Guk bolada on bat hartu genuen eta gora egin genuen, Alavesek entrenatzailea aldatu eta gauza bera lortu zuen, baita Levantek ere... Betisek berak ere sekulako bolada izan zuen hor goian amaitzeko. Talde askok egin dugu eta hori ez da ohikoena. Normalagoa izaten da azken hiru taldeei gertatu zaiena: ez zara hiruzpalau partiduko bolada ona hartzeko gai eta atzean geratzen zara.

Alaves eta Levante aipatu dituzu. Biek erreakzionatu zuten entrenatzailea aldatu eta gero. Beldur hori izan al zenuen?

Ez. Egia da klubek entrenatzailearengan konfiantza dutela esaten dutenean askotan seinale txarra izaten dela, baina, tira, alderantzizkoa ere gertatzen da. Deportivok hiru entrenatzaile izan ditu, Las Palmasek lau, Malagak bi... Aldatzea ez da formula magiko bat. Nik ez dut beldur hori izan, jakinda, noski, irabazi egin behar genuela, azkenean hori baita gure lana. Ez dakit beste bizpahiru aste irabazi barik jarraituz gero zer gertatuko zen, baina nik une oro sentitu dut klubaren konfiantza.

Zure buruan izan al zenuen aurkaririk nagusiena? Makal ibili zinela aitortu zenuen, burumakur, haserre...

Zer edo ezer aldatu behar genuen eta ez nekien zehazki zer. Futbol ideia ez genuen aldatu, baina bai sistema. Eta horrela ere ez genuen emaitzarik lortzen. Jokalariek niri ez, baina laguntzaileei galdetzen zieten: «nola dago misterra?», «konfiantzaz dago...?». Horrek ere konfiantza ematen dizu. Ez badute galdetzen, bakoitza bereaz arduratzen bada bakarrik, zuk ere pentsatzen duzu: “les importa tres huevos”. Baina nik ikusi nuen eurek ere irtetea nahi zutela, arduratuta eta gogotsu zeudela. Horrek ere aurrera egiteko indarra ematen dizu zuri.

Iaz, elkarrizketa baten, une goxoak bizitzera ohituta zegoen talde batek une larri bati aurre nola egingo zion zalantza planteatu nizun. Badaukagu erantzuna.

Eta oso erantzun ona, gainera. Egia da jaitsiera postuetan aste bat bakarrik egon ginela, eta, gainera, ez ginela oso atzean geratu; talde asko geunden berdin. Baina une gogorrak izan ziren eta taldeak aurre egin zien.

Jokalari gehienek Eibarren jarraituko dute. 24 futbolarik dute datorren denboraldirako kontratua.

Bai. Arraroa litzateke denek jarraitzea, baina oso ondo dago. Alde batetik, aurtengo hamazazpi jokalari ditugu, eta, bestetik, lagata dauden zazpi gehiago. Aurtengoez gain, beste bospasei gehiago beharko ditugu taldea osatzeko, eta ikusi egin beharko da berriak diren edo lagata daudenak izango diren. Denboraldi-aurrean gurekin egongo dira. Ondo ari dira euren taldeetan, baina nik neuk ikusi nahi ditut, nirekin entrenatzen ikusi nahi ditut, gurekin egoteko moduan dauden jakiteko.

Zer falta zaio taldeari?

Ezkerrean bi jokalari, bat atzean eta bestea aurrean. Laugarren aurrelari bat izatea ere gustatuko litzaidake. Erdialdean bat, Christian [Rivera] edo beste bat. Zentralekin gauza bera, laugarren bat behar dugu; Alex [Galvez] izan daiteke edo berri bat.

Aterako hiru jokalari dituzu: Riesgo, Yoel eta Dmitrovic.

Nire lehen urtean Asierrek jokatu zuen, bigarrenean Yoelek eta aurten Markok. Hiru atezain bikain dauzkagu. Hirurak hasiko dira zerotik, ez dago titularrik. Denboraldi-aurrean bakoitzak hiru partida jokatuko ditu, gehi entrenamenduak, eta hor ikusiko da zeinek jokatzen duen. Gero, batek jokatu, bestea aulkira eta bestea harmailara.

Eta hori ez da arazo bat izango?

Ni konforme nago, eurentzat baliteke. Baten batek esaten badigu irtetea nahi duela, aztertuko dugu. Ez nau kezkatzen, geratuko liratekeen beste biak oso onak direlako. Baina ni oso pozik egongo naiz hirurekin, lehendabizi oso atezain onak direlako baina baita oso pertsona onak direlako ere.

Dmitrovic aurkikuntza itzela izan da. Baita zuretzat ere?

Bai. Kirol Zuzendaritzak Bigarren Mailako talde bati lagatzeko fitxatu nahi zuen, eta Yoelen lesioarekin guztia azeleratu zen. Iaz Alcorconen egon zen, denboraldi ona egin zuen, baina talde txiki batean, Bigarren Mailan, justu-justu salbatu zena... Ez genekien zer emango zigun. Denboraldi-aurrearen hasieran nire atezaina Asier zen. Baina ikusten dituzu lagunartekoak, zelan lehiatzen duen... Eta berak jokatu du. Gainera, taldea okerrago ibili denean ere, bera ondo egon da: ziur, akzio denetan ondo, irteten, hankekin jokatzen... Horregatik jokatu du urte osoan. Oso denboraldi ona egin du.

Sekulako fitxaketa izan da. Aurten onenak etxean bertan egon daitezke, izan dituzten lesioetatik errekuperatzen badira.

Dudarik ez. Hasiera txarraren arrazoi nagusienetakoa hori izan zen: iaz asko eman ziguten jokalarien falta. Lesioek faktura itzela pasatu digute: Pedro Leon, Pape Diop, Sergi... Ia ondo etortzen diren. Fitxaketa onenak izango dira, dudarik ez.

Lesionatuen artean sarri ikusi dugu berriro Ivan Ramis. 16 partida jokatu ditu, azken hiru denboraldietan 61, baina kontratua berritu du. Zer ematen dizu zuretzat hain garrantzitsua izateko?

Niretzat, Ramis da zentral moduan jokatzeko kondizio onenak dituena. Bera ondo badago, ziurrenik partida ona izango da eta zer edo zer aterako dugu. Esaten didate, «18 partida besterik ez ditu jokatuko!». Berdin dit. Nik lau zentral izan behar ditut. Batek 32-34 partida jokatuko ditu, zigorrak-eta kenduta, beste batek 27-28, hirugarrenak 18-20 eta laugarrenak 7-8. Denetik egon behar da. Eta nik nahi dut zortzi partida jokatzen dituenak ere, zortzi partida on egitea. Eta 16 badira, askoz hobe. Eta hori Ramisekin badakit badaukadala. Ramis ondo dagoenean, ondo jokatzen du berak, hobe jokatzen du taldeak eta bere alboan dagoena ere hobetu egiten du.

Aldagelan ere garrantzitsua da.

Bai, baita aldagelan ere.

Dani Garcia galduta, are gehiago, ezta?

Garrantzi handia hartuko duten hiruzpalau jokalari ditugu: Enrich, Asier, Ramis... Daniren lana aldagelan oso ona da, guri lan asko kentzen digu. Zer edo zer gertatu eta agian gu ez gara enteratu ere egiten; berak hartzen du ardura eta konpondu egiten du. Asko jokatu du, oso jokalari ona izan da zelaian, baina nik garrantzi gehiago ematen diot aldagelan egin duenari.

Izan ere, beldur hori aitortu berri duzu. Nola beteko duzuen Dani Garciaren hutsunea aldagelan.

Bai, horrela da. Alde batetik berriek Eibar zer den zein azkar barneratzen duen ikusteak lasaitzen nau, baina horrelako jokalariak ere behar dituzu. Eta zuk ezin duzu esan zein izan behar den, norberak eman behar du urrats hori. Bi badira, askoz hobe. Baina ez da erraza. Gainera, Danik ia dena jokatu du eta ez da berdina kapitaina izatea jokatuz eta jokatu barik. Beldur pixka bat ematen dit, bai, baina baten batek urrats hori emango duelakoan nago.

Jokalari beteranoenak galdu ditu Eibarrek, euskaldun gutxi geratzen dira, kanpotik etortzen direnek beti «iraungitze-data» dutela dirudi... Ez dago nortasuna galtzeko arriskua?

Bueno, iraungitze-data denok dugu! Ulertzen dut zer esan nahi duzun, baina ez dut uste arrisku hori dugunik. Batez ere bizitzen ari garen aldaketagatik. Lehen Mailako lehen urteetan pentsatzen duzu beste taldeetan lekurik ez duten jokalariak datozela, ea noiz jaitsiko garen berriro, jokalari onek alde egingo dutela udan... Baina orain, eta ahaztu barik jaitsieraren arriskua hor daukagula beti, jendea beste pentsamendu batekin dator. Talde on batera datorrela pentsatuz, taldearekin batera hazteko gogoz. Ez dizut esango bizitza osorako geratuko direnik, baina ez duzu hainbeste ikusten Eibar tranpolin bezala hartzeko joera hori. Jokalariak hiru urtetarako, lau urtetarako... datoz. Eta, gainera, jendeak oso azkar bereganatzen du gure nortasuna. Beitu Diop eta Orellana ere, azkenak heldu eta ze gustura dauden, pozik hemen jarraitzearekin. Egonkortasuna dago.

Aulkitik hasita. Laugarren denboraldia jarraian egingo duzu.

Martxoan-apirilean hasi ginen hitz egiten eta hasieratik esan nion Amaiari [Gorostiza] jarraitzeko aukera %90ekoa zela. Beste bi talderekin ere hitz egin nuen, beti klubak jakinda, baina ez zidaten eman hemen ematen zidaten segurtasunik. Jarraitzea erabaki nuen.

Zeintzuk ziren aldeko eta kontrako argudioak?

Batez ere, ematen didaten konfiantza. Baita jokalari asko geratu direla ere. Hori beti ez da ona, zurekin aspertu baitaitezke eta batzuetan ona baita jende berria egotea. Baina urtea nola joan den ikusita, jokalariak... jarraitzea erabaki nuen.

Zurrumurru asko egon dira: beste talde batzuen interesa, kontratu luzeagoa nahi zenuela, botere gehiago...

Bai, zurrumurru bat egon zen luzaroan talde zehatz baten interesari buruz. Eta ez zegoen ezer. Ezer. Egia da, bestetik, hiru urterako sinatzea aztertu genuela hasieran. Baina azkenean ez diot zentzu handirik ikusten. Gauzak gaizki badoaz... zer egingo dut? Jaitsi eta jarraitu, kontratua daukadalako? Eta gauzak ondo badoaz, ez da egongo arazorik, apirilean horrela egongo gara berriro, berba egiten, zurrumurruekin... eta aurrera.

Agur esateko unearekin asmatzea ere ez da batere erraza...

Oso gaitza da, oso. Laugarren urtea da ona? Bigarrena? Lehena? Osasunatik laugarren urtean bota ninduten eta Levantetik zortzigarren jardunaldian... Auskalo! Talde berri baten hasi eta bi hilabetetan kanpoan egon zaitezke, ez daukazu hemen topatu dudan konfiantza. Aurtengo eredua nabarmena da, nigan konfiantza mantendu du klubak une oro. Aldatzeko oso garbi izan beharko nituzke gauzak, zalantza txikiren bat izanda, hobe hemen geratzea.

Zer helburu izango ditu taldeak hurrengo denboraldian?

Mantentzea, beti esango dut berbera. Eta, ez dakit, Celtara joango banintz ere, gauza bera esango nuke. Lehen Maila hartu, kendu Bartzelona, Real Madril eta Atletico, eta Europarako dauden beste bizpahiru talde, eta gainontzeko denak hor gaude. Oso denboraldi ona egiten baduzu, aurrelari baten fitxaketarekin asmatu eta gol mordo bat sartzen baditu, goian egon zaitezke. Baina gauzak pixka bat okertzen bazaizkizu... Datorren urtea hobea izango dela pentsatzen duena okertuta dago. Baliteke hobea izatea, bai. Baina Eibarren helburua beti, beti, maila ez galtzea izan behar da.