Izaro IZU
IRUÑEA
Interview
IÑAKI SOTO
GARA-KO ZUZENDARIA

«ETAk sekula hitz egin ez duen era batean hitz egiten du»

Elkarrizketa luze eta sakona da GARAk eta Txalapartak elkarlanean argitaratu berri dutena. ETAren amaiera gauzatu aurretik Iñaki Soto GARAko zuzendariak Ramon Solaren eta Iñaki Egañaren laguntzaz egina, ziklo historiko baten gakoak jasotzen ditu liburuak.

ETAren zuzendaritzarekin azkena izango den elkarrizketa jasotzen duen liburua esku artean hartuta igartzen da lanaren tamaina. Ia 400 galdera eta erantzun dira, zorroztasunez josiak. Iñaki Soto GARAko zuzendariak gako nagusiak eman dizkigu.

Zein da liburu honen balioa?

ETAk sekula hitz egin ez duen era batean hitz egiten du elkarrizketan. Unea benetan da historikoa eta, zentzu horretan, baita elkarrizketa ere. Nik esango nuke oso gogoan dutela hau azken elkarrizketa dela, esan nahi dituztenak bertan esan behar dituztela, alegia, desegitearekin batera ekiteari ez ezik esateari ere utziko diotela.

Ondorioz, galdera guztiak erantzun dituzte, salbuespenik gabe. Asko ziren, bidali genituenean ez baikenekien noraino erantzungo zuten. Ez diote ezeri iskin egin.

Azken zuzendaritza izateaz ere kontziente direla esango nuke eta, ondorioz, erakundearen historia osoa beren gain hartzen dute. Ez dute ardurarik saihesten, inondik inora. Azken erabakia beraiek hartu zuten, militantziaren babesarekin, eta aurreko guztiaren ardura ere beren gain hartzen dute. Beraien tradizio politikoarekin koherentea da, baina alderdi hau azpimarragarria iruditzen zait.

Nola pentsatu zen liburua?

Lehenik eta behin, Ramon Solaren eta Iñaki Egañaren laguntza eskertu nahi dut, baita GARAko erredakzioan lagundu didaten gainontzeko lankideei ere. Jende batek uste duenaren kontra, kazetaritza jarduera kolektibo eta kooperatiboa da. Honelako liburu bat bakarrik egitea ezinezkoa litzateke eta pertsona horien laguntza eta erredakzioaren elkarlana oso garrantzitsuak izan dira.

Txalapartarekin elkarlana ere azpimarratu behar da. Armagabetzeari buruzko liburuaren ondoren hau bigarren saiakera da eta oso pozik gaude.

Horretaz harago, kazetaritza lan hau beharrezkoa zela eta ekarpen bat egiten zuela sinistu genuen hasieratik. GARAko zuzendari naizenetik atzerriko kazetariekin hitz egitea asko tokatu zait, prozesua dela medio asko etorri baitira, eta guztiek adierazi dute interes handia ETA elkarrizketatzeko. Interes hau denborarekin aldatzen joan da, baina kazetaritzaren ikuspuntutik lan hau erabat pertinentea dela argi dago. Zentzu honetan, profesionalki, erronka izan da.

Liburuan aipatzen duzuen bezala, «ezohiko» elkarrizketa da?

Bai, ez baita inoiz berriro egingo. Erakundea desegin da eta hauek dira, nolabait esateko, bere azken hitzak. Gainera, zehaztasun eta sakontasun handiko hitzak direla iruditzen zait. Kazetari gisa, elkarrizketa bat egitera zoazenean, ez dakizu aurrekoa nola topatuko duzun, zer disposizio izango duen. Horrek guztiz baldintzatzen du elkarrizketa bat. Elkarrizketatuak hitz egin nahi ez badu, jai duzu. ETAk hitz egin nahi zuen, eta hori liburuan argi geratzen da. Aldi berean, normalean elkarrizketatzen duzunaren hitzak paperera eramateko libertate handiagoa duzu. Kasu honetan, logikoa den bezala, zorrotzak izatea bereziki garrantzitsua da. Esan dutena esan duten bezala jaso da.

Elkarrizketa egiteko baldintzak ere ez dira normalak izan…

Nik dakidala, klandestinitatea dela medio, ETAri ezin izan zaio elkarrizketa «normalik» egin, eta hau ez da salbuespena izan. Izatekotan, salbuespena ziur asko Norvegian egin genuena izan zen, une hartan hango Gobernuak delegazio horri babesa ematen baitzion eta, kazetaritzaren ikuspuntutik, normal jokatzeko aukera izan genuelako: bildu, grabagailua piztu, galdetzen hasi eta amaieran argazkiak egin. Edonola ere, honakoan, erakunde desarmatua izan arren eta desegiteko zorian izan arren, ez da aukera hori egon. Gure herrian beste gauza asko diren bezalaxe, hau ere salbuespenekoa da.

Galderak bidali genituen eta erantzunak jaso genituen. Liburuan nabarmena denez, berriz galdetzeko eta gauzak argitzeko aukera izan genuen eta hori oso mesedegarria izan da lana borobiltzeko. Niri liburuaz gehien gustatzen zaidana zera da, baldintza ezohikoetan egin arren, dialektikoa izatea lortu dela. Eta hori elkarrizketa batean oso garrantzitsua da.

Pasarteren bat azpimarratuko zenuke?

Egindako minaren aitortzarena, nire ustez oso zaila zelako. Esaten dutena esaten dutela, ETAk desegin aurretik egindako kalteari buruz egin zituen bi adierazpen horiek niretzat azpimarragarriak izan ziren. Nazioarteko adituek ere honela adierazi ziguten, adibidez, Suitzan egon ginenean. Gatazka politikoen konponbidearen historian ez dago adierazpen horien modukorik. Pertsonalki, kezka nuen elkarrizketan ez ote zuten hori beste era batera esango, ez ote zuen indarra galduko. Eta ez. Nire ustez, ETAren azalpenetan adierazpenetan esan zutena baieztatzen da, are indartu ere. Ez bazaude esan zutenarekin ados ez zara honekin ados egongo, baina nire ustez zaila zen eta elkarrizketan ondo islatzen da.

Zergatik irakurri behar da?

Garai historiko hau bizi izan dugunontzat, bizi izan duguna hobeto ulertzeko aukera ematen digula uste dudalako, hain zuzen ere. Gure bizitza politikoan, baita askoren kasuan bizitza pertsonalean ere, ETA konstante bat izan da. Beraiekin ados egon edo ez, beren azalpenak baliagarriak dira aro hau hobeto ulertzeko. Gero norberak pentsa dezala nahi duena; baina ulertu dezala. Zergatik gertatu ziren gauzak, nola izan ziren benetan, zer zegoen atzean, nola hasi eta nola amaitu zen… ETArekin ados egon denari bere burua ulertzen lagunduko dio, agian. Aurka egon denari, zergatik zegoen aurka berresteko balioko dio, agian. Baina kasu bietan ulertzen lagunduko dio eta hori positiboa da.

Aro hau bizi izan ez dutenentzat, alegia, belaunaldi berrientzat, elkarrizketa hau gure historia eta gure errealitate politikoa hobeto ulertzeko tresna ezinbestekoa dela esango nuke. Kontakizunaren batailaz harago, aro honen protagonista izan direnak besteei buruz ez ezik beren buruaz hitz egiten entzutea ere garrantzitsua da. Norbera bere historiaren jabe eta arduradun nola egiten den ezagutzea hil ala bizikoa da gertatu zaiguna ulertzeko. Eta gauzak ulertzen laguntzea gure lanaren parte bat da. Elkarrizketa hau funtzio horretarako baliagarria dela uste dugu, benetan.