A.A.
PASAI DONIBANE

Harrobiarekin egindako lan ona muturreraino eraman beharra

Lehen ontzia goitik behera aldatu da eta denbora beharko du.

Badira urte batzuk Pasai Donibane harrobiarekin lanean buru-belarri dabilela, gizonezkoen lehen trainerua ere ia osoki lan horretara bideratuta. Eta etxeko mutilek beti eman izan duten maila ederrari esker, ontziak ere emaitza apartak lortu izan ditu azken urteetan.

Aurten, ordea, badirudi gazteengan izan beharreko konfiantza muturreraino eramango dutela, lehen taldea goitik behera aldatu behar izan baitute arrosek. Guztira 13 baja izan ditu taldeak aurtengo neguan, eta hutsune horiek betetzeko bide desberdinak urratu dituzte: iaz horren denboraldi ona egin zuen bigarren ontzitik gazteak igo –KAE-2 ligatik KAE-1 ligara igotzea lortu zuten, aurten bigarren mailan dagoen B ontzi bakarra izateraino–, etxeko beteranoren batzuk berriz ere taldera erakarri –Karlos Mendizabal eta Jon Ormazabal, adibidez–, bai eta beste talde batzuetan maila ona eman duen jendea ere –Ander Iriarte patroia Donostiatik edo Akaitz Jauregi San Pedrotik, batez ere–.

«Baja asko izan dira eta gazte asko igo behar izan ditugu behetik, elkartean egiten ari den lanari jarraipena emanez. Esperientzia gabeko jendea da, baina ilusioz gainezka dagoena. Orokorrean oso pozik nago neguan egindako lanarekin, entrenamendu on asko egin ditugu, baina estropada desberdina izaten da. Ezin duzu horren gainean egon, urduritasunak agertzen dira, presioa... Horrek taldearen lana baldintzatzea da nire beldur nagusia», azaldu du Juan Mari Etxabek, bigarren urtez entrenatzaile ardura hartuta.

Egoera kontuan hartuta, Etxabek argi onartzen du taldearen borroka beheko postuetatik ihes egitean egongo dela. «Sei edo zazpi traineru gure aurretik egon daitezkeela pentsatzen dut: betiko indartsuenak eta agian baita Cabo edo Ondarroa ere, neguan oso emaitza onak lortu baitituzte. Eta hortik behera gaudenok sekulako borroka izango dugu behetik ihes egiteko. Kaiku, Tiran, San Pedro...»

Horregatik, helburu bat ipintzen hasita, lasaitasuna opari ederra litzateke Etxaberentzat. «Lan ona egiten ari gara eta bigarren txandan sartzea helburu oso polita izango litzateke guretzat. Eta mailari eustea, hori ere ez baita erraza izango, baina saiatuko gara lan ona egin eta ahalik eta azkarren lasaitasuna ziurtatzen».

Eta denboraldi-aurreko emaitzek ere antzeko norabidea erakusten dute: Ondarroan Kaikuk 38 ehunenekogatik aurre hartu zion San Juani, baina Mutrikun eta Lekeition (1,97 segundogatik bakarrik) arrosak azkarragoak izan dira. Broma gutxi, beraz.