Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Ma(rr)anada

Irungo alardeaz idatzi nahi nuen; gogoratu duela hogeitaka urteko zenbait une, zenbait lagun. Artikuluari amaiera ona emango nion, bi hamarkadotan emakumeontzat gauzak dezente hobetu eta, feminismoari dagokionez, orduko kontzientziak eta gaurkoak oso desberdinak direlakoan, geure alde. Besteak beste, festen esparruan, non dagoeneko ez garen inoren kontsorte, ez kantinera, bigarren mailako aktore.

Bada, uste onen festa zapuztu digute, emakume guzti-guztioi. Justiziaz ezertxo ere ez dakiten epaile batzuek (emakumezko bat tartean, ikaragarria) erabaki dute bost bortxatzaile, argi eta garbi bortxatzaileak, aske uztea, neurri “zorrotzak” hartuta: pasaportea kendu eta Madrilgo erkidegoan sartzea debekatu. Gainerakoan, bizimodu arrunta egin dezakete: lanera itzuli, familiaz egon, lagunekin elkartu. Lagunekin elkartu, eta, udara betean, festaren batera joan… eta denok jakina da zer jotzen duten bost bortxatzaile horiek jaitzat: emakumeren bat batera bortxatzea, umiliatzea eta trapu zaharren antzera botata uztea. Denok jakina da eta, sasijustiziak berak ere bai, ez zutela sanferminetan bakarrik egin, eta auskalo Iruñean eta Kordoban ez ezik, estatuko beste tokiren batean ere ez ote dagoen neskaren bat edo gehiago haien sexu-indarkeriaren arrastoa gainetik kentzeko ahaleginean, isilean. Baina sasijustiziak dio ez dagoela arriskurik bost bortxatzaileek delitu bera egiteko. Izango da jendartean arduratu garelako haien aurpegiak eta izen-abizenak ondo zabaltzeaz, haiei jakinarazteaz kalean ez direla epaitegian zein espetxean bezain eroso eta zigorgabe egongo, ez diegula garondotik begirik kenduko; ez da izango, jakina, damututa daudelako, andreak errespetatzea eta maitatzea zer den dakitelako, edota ziegako bakardadean sakon hausnartu ostean konbertsioa izan dutelako.

Sasijustiziak mezu garbia bota digu gizon eta emakumeoi: aurrenekoei, segi emakumeak lasai erasotzen, nik delitua behar bezala ordain ez dezazuen lagunduko dizuet, legeen tranpetan abila naiz eta; bigarrenoi, jarraitu jaietan kontu handiz ibiltzen, izan zaitezte ia ikusezin, ez ezazue alkoholarekin eta abarrekin kontrola galdu, ez baldin baduzue nahi gaua bebarru hotz batean bortxatuta bukatu.

Eskerrak herritarron kontzientziak asko aldatu direla, emakumeok inoiz baino elkartuago eta indartsuago gaudela, eta beldurraren kultura besarkatzeari eta sustatzeari aspaldi utziak gaudela. Tarteka, halako ma(rr)anada bat jasanarazten badigute ere.