Nagore BELASTEGI
HOTEL BERRIA DONOSTIAN

Itsasoari lotutako bertoko kultura bisitariei erakusteko logelak

Sade enpresak Astoria 7 hotela zabaldu zuen 2009an, zinemari lotutakoa. Oraingoan, berriz, itsasoarekin lotua den hotel tematiko bat abiatu du Donostian, Lasala Plaza deiturikoa. Badia alboan duela, honen koloreak hartu eta bere egin ditu. Itsasoa ezaugarri duen euskal kultura ere oso presente izan dute.

Hotel berri bat zabaldu dute Donostian, Parte Zaharreko Lasala plazan. Plazaren erdian garai batean hiriaren sarreran zegoen harrizko lehoia dago, hiritarrak zaintzen. Orain hotela bera eta bertaratzen direnak zaintzea nahi dute. Lasala Plaza hotelak goi mailako lau izar ditu eta boutique eta arte kategorietan sartzen da. 58 gela ditu sei solairutan banatuta, 30 eta 50 metro karratu artekoak.

Zazpigarren solairuan terraza kokatu dute, etzaulkiekin eta igerileku txiki batekin. Txoko honen onena, dudarik gabe, dituen bistak dira: alde batera Lasala plaza bera eta Parte Zaharra, beste batera udaletxearen zein Artzain Onaren katedralaren teilatuak, eta bestera Kontxako badia osoa, portua eta Urgull mendia barne.

Sei gela mota daude, kategoria desberdinekoak; batzuek Parte Zaharrera ematen dute eta «historical» abizena jarri diete, eta beste batzuk itsasora begira daude. 18 gela familientzat aproposak dira, eta beste 2 ahalmen urritasunen bat dutenentzat egokituak dira.

Sei solairu, sei museo

Hotelaren berezitasunik aipagarriena dituen bistak eta kokaleku ezin hobea badira ere, ez da bakarra. Izan ere, Donostia itsasora hain lotuta dagoen hiria izanik, dekorazioa ere ildo horretakoa da. Elondo egurrarekin, itsasontziak egiteko erabiltzen zen egur motarekin, egin dituzte korridoreak. Kolore zuri, urdin eta berdeak dira nagusi, eta belusak eta kobreak luxu kutsua ematen diete.

Hotela donostiar kulturarekiko interesa duenari zuzenduta dago, eta, horrenbestez, kultura hotelera gerturatu nahi izan dute. Itsasoarekin lotuta dagoenez, gelak estropaden eta arrantzaleen argazki zaharrekin apainduta daude. Horrez gain, solairu bakoitza Donostia eta inguruetako museo bati eskaini diote. Korridorean museo horren inguruko informazioa dago, liburu eta unean uneko erakusketen informazioarekin.

Hala, lehen solairuan aurkituko dugu Irungo Oiasso Erromatar Museoa, bigarrenean Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria, hirugarrenean San Telmo museoa, laugarrenean Untzi Museoa, bosgarrenean Urgulleko Motako Gaztelua eta seigarrenean Aquariuma.

Azken honi hoteleko bi suiteetako bat tokatu zaiola-eta, museoko ordezkaria oso pozik agertu zen. Gela «zoragarria» iruditu zitzaion, eta atea zabaldu orduko, ordezkari guztiak korrika abiatu ziren balkoira. Badia osoa ikusten da bertatik, baita Aquariuma ere portuaren muturrean. «Estropada egunetan gela hau oso preziatua izango da», bota zuen. Logelak hiru espazio ditu; alde batean komuna, bainuontzi eta guzti eta beste aldean king size tamainako ohea, eta biak lotuz egongela. Apartamentu txiki baten forma duen honek hamaika detaile ditu dagokion museoari erreferentzia eginez. Dekorazioan koralak, algak, arrainak, buiak, marmokak... aurkituko ditugu.

Eta tripa betetzeko zer? Bada, Ander Gonzalez telebistako sukaldariari eman diote aukera hoteleko La Jarana taberna gidatzeko. Honek bere ordutegia izango du eta portu aldetik beste sarrera bat du, donostiarrak ere bertako pintxoak dastatzera anima daitezen, turistez gain.