GARA
HERRI KIROLAK

Alazne Etxaburuk txapela jantzita esan dio agur bere kirol ibilbide oparoari

Alaitz Imaz eta Eli Txertudi gainditu zituen Kortezubiko final handian.

Atzo jokatu zen Kortezubin Euskal Herriko emakumeen Sega Txapelketa eta, bertan, Alazne Etxaburuk beste txapel bat gehiago eskuratuz agur esan dio herri kirolen alorrean egin duen ibilbide luze eta aberatsari: Kortezubin txapelaren jabe eginaz.

Alazne Etxaburu, Alaitz Imaz eta Eli Txertudi neurtu ziren atzo, jende mordoxka bertan ikusle zela. Aurreko astean Zizurkilen bildu zituzten kiloei atzo mozturikoak batu ondoren, Alazne izan zen garailea. Guztira, 1.143 kilo belar ebaki zituen. Bigarren Alaitz Imaz izan zen, 1.073 kilorekin, eta azkena, Eli Txertudi, 626,5 kilo moztuta.

Atzokoaren ondoren agur esan zion Etxaburuk segari eta aizkolaritzari, herri kirol estimatuenak berarentzat. Segan lan luzean hiru txapelen jabe erretiratuko da. Lan azkarrean, berriz, sei txapel lortuta esan du agur.

Emakume saiatua, prestakuntza oso onekoa, lagunekin alaia eta laguntzeko beti prest. Pena handiarekin agur esan beharra izan du, azkenaldi honetan gerriko arazoek jota ibili baita. Egindakoa «barruan gordeta» eman zuen agurra, baina denei behar den tokian laguntzeko borondate onenarekin. Hori bai, tamalez bere seme-alaba bikien animoak zelaian «hala amatxo!» jasotzerik ez du gehiago izango, ezta ikusleak gehiago adituko ere.

Sanferminetako txapeldunak

Horrez gain, Nafarroan sanferminak herri kiroletako gune berezia bihurtu direla esan behar. Aizkoran binakako txapelketa jokatu zen atzo eta Iker Vicentek eta Josean Etxeberriak lortu zuten txapela. Orga jokoan, berriz, Xabier Urrutiak.

Emakumeen Arpana txapelketan, ostera, Itxaso Onsalo eta Leire Astiazaran suertatu ziren garaile. Nafarroako lehen mailako Arpana txapelketan, berriz, Iñaki eta Josetxo Barberena izan ziren irabazleak. Emakumeen ingude altxatze lehian, Maika Ariztegi izan da garailea, eta gizonezkoen kategorian, aldiz, Josetxo Urriarte.

Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketan Emilio Garcia izan zen onena. Bestalde, Nafarroako harri-jasotze txapelketa ere jokatu zen, eta Josetxo Urrutiaren buruak hartu zuen txapel handia. Bigarren lekuan Alvaro Zugarrondo izan zen.

Gaztedi, bigarrenean garaile

Urdulizen jokatu zen atzo Euskal Herriko lur gaineko sokatira txapelketaren bigarren jardunaldia, 560 kilokoan. Berton, Gaztedi A izan zen nagusi tiraldi guztiak irabazi ondoren. Bigarren Goiherri A sailkatu zen, eta ondoren Gaztedi B, Akelarre, Getxo, Gaztedi C eta Goiherri B, hurrenez hurren. Datorren larunbatean izango da hirugarren eta azken jardunaldia Laukizen.

Atutxa eta Mugerza, Zornotzan

Urrezko Aizkolari Txapeldunen ligako bigarren jardunaldia 12.45ean jokatuko da Zornotzako Larrea auzoan, Atutxa eta Mugerzaren artean. Gaurko saioan irabazle ateratzeko faboritoa Aitzol Atutxa da.