GARA
ADDIS ABEBA

Eritreak eta Etiopiak sinatutako bakeak bi herrialdeei egingo die mesede

Issaias Afeworki Eritreako presidenteak atzo ireki zuen berriz bere herrialdeak Addis Abeba Etiopiako hiriburuan duen enbaxada. Hogei urte egin ditu itxita, 1998an hasi zuten gerraren eraginez. Mugaren bi aldeetako herritarrek eskertuko dute egunotako bake mugimendua, ekonomiak gora egingo baitu.

Hiru eguneko bidaia historikoa egin du Eritreako presidenteak Etiopiara, azken urteotako komunikazio faltari amaiera jarriz. Yemane Meskel Eritreako Informazio ministroak atzo adierazi zuen ezinbestekoa dela bi herrialdeen arteko harremanak handitzea, Addis Abebako ordezkaritza berriz zabaldu ostean: «Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak Eritreara joan den astean egindako bisita eta Isaias Eritreako presidenteak orain Addis Abebara egin duenak harremanak hobetuko dituzte, itxaropenez betetako maila batean ipini arte».

Eritrea Etiopiaren zati bat zen 1993an independentzia lortu zuen arte. Muga non kokatu ez ziren ados jarri eta 1998an gerrari eman zioten hasiera. 80.000 hildako, garaiko kroniken arabera. 2000n bi herrialdeek bakea sinatu zuten, baina Addis Abebako agintariek ez betetzea erabaki zuten, zenbait puntu gehiago zehaztu behar omen zirelako.

Eritreak askatasuna lortu zuenean, Etiopia itsasorako irteerarik gabe geratu zen eta hortik aurrera Djibutiko portuetatik barrena atera behar izan ditu esportatu nahi zituen produktuak. Adituek diote Afrikako herrialde populatuenetako batek (bigarren postuan dago Etiopia, Nigeriaren atzetik) Eritreako portuak erabiltzeko aukera izanda, bi herrialdeetako ekonomiek gora egingo dutela. Aldi berean, giza eskubideen aldeko elkarteek diote gerraren aitzakia amaituta, Eritreako agintariek erreformak agindu behar dituztela, esaterako, kazetariak libre utzita.