Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Glad is the Day, egun-pasa musikatua Egiako parkean

Berrikuntzekin dator Glad is the Day jaialdiaren laugarren edizioa. Egun bakarrreko musika maratoi izatetik bi eguneko jaialdia izatera pasatuko da eta Donostiako Egia auzoko Gladys Enea parkeak eta Dabadaba eta Le Bukowski aretoek hartuko dituzte ekimenak: musikaz gainera, azoka, instalazio artistikoa eta haurrentzako jarduerak ere izango dira.

Donostiako Egia auzoko Gladys Enea parkeko zelaiak espazio bizi bilakatu asmoz sortu zuten, orain lau urte, Glad is the Day festibala. Familia giroko jaialdi izateko asmoz jaioa, igandearekin ospatu da lehen hiru edizioetan eta egun osoz genero ezberdinetako musika taldeek hartu dituzte parkean kokatutako agertokiak. Horrez gainera, azken urteetan DJ saioak, azoka txiki bat, haurrentzako jarduerak eta food truck-ak ere bildu dira jaialdira, eskaintza zabalagoa eskaintzeko asmoz.

Aurtengo edizioa atzo aurkeztu zuten prentsaurrekoan eta, azaldu zutenez, «programa honek izan duen arrakastari erantzunez», laugarren edizioan jaialdia zabaltzea erabaki dute. Hala, batetik, egun bakarreko festa izatetik bi egunekoa izatera pasatuko da. Orain artean bezala, egun handia igandea izango da –egun osoko programazioarekin– baina bezperan kontzertuak izango dira Egia auzoko Le Bukowski eta Dabadaba aretoetan. Azken honetako ordezkari Alex Lopezek gogora ekarri zuenez, hau berez ez da nobedadea, azken urteetan jaialdiarekin bat egiten zuten kontzertuak antolatu baitituzte aretootan larunbatarekin, baina hau izango da programazioaren barnean dauden lehen urtea. Nobedadea, beraz, Dabadaba eta Le Bukowski jaialdiko kokaleku ofizial bilakatzen direla da.

Hala, larunbatean Sum$shee-ren rhythm and blues eta disco musikak, Maquinistaren rhythm and blues (R&B) eta popak eta Blami DJren elektro eta rock doinuek hartuko dute Le Bukowski 22.30ean, eta ordu berean Dabadaban ariko dira Tba eta Huntley & Palmers DJ (disco eta house musika). Areto honetan konfirmatu gabeko DJ bat ere ariko da, Lopezen hitzetan, hurrengo egunetan jakinaraziko dutena: «Asmoa Dabadabakoa kontzertu sonatua izatea da», aurreratu zuen Lopezek.

Le Bukowskiko Josu Urbietak xehatu zuen igandeko proposamena. «Egun potoloan, iazko formula errepikatzen da, oso arrakastatsua izan zelako gure ustez, eta talde mordoa izango dira». Bi oholtza prestatu dituzte horientzat: Main Stage izeneko agertoki nagusia eta parkean barrurago sartuta egongo den Urban & Electronic Stage.

Lehenetik igaroko direnen artean, Lopezek Los Mirlos eta euren cumbia doinuak nabarmendu zituen. «Tradizioa dira euren jatorrizko herrialdean [Peru], une oso politak utziko dizkigute». Dabadaba eta Le Bukowskitik pasa diren artistek ere parte hartuko dute, tartean Javier Sun (rocka), Rukula (post rock instrumentala), Mujeres (garage rock) edota Esteban y Manuel (cumbia/rumba), eta agertoki honetatik igaroko dira Raitx (folk), Koban (electro swing), Sara Mansilla (folk), Txarkey (pop) eta Melenas (garage rock) ere. Kontzertuak 12.00etan hasi eta 21.00ean amaituko dira. Talde bakoitzarentzat aurreikusitako ordutegia: www.donostiakultura.eus.

Aurreko urteetan musika elektronikoari eta DJei eskainitako agertokia izan da parkeko landarediaren artean kokatu dutena, baina aurten DJen saioak eta zuzeneko kontzertuak tartekatzea erabaki dute, baita bestelako estilo batzuetara zabaltzea ere.

Erritmo dantzagarriak

Agertoki honetatik, Gorpuzkings hondarribiarren hip hop eta R&Ba nabarmendu zuen Lopezek: «Talde oso dibertigarria da». Gainerakoan, 12.00etan hasita, Syr (hip hop/funk), Atraco negrata (rap/R&B), Gazteako maketa lehiaketako irabazle Hakima Flissi (future/R&B), Sarandonga DJ (trap/reggaeton), D’Valentina (dancehall/R&B), Pedro Ladroga (rap/trap) eta Atodamadre DJ (tropical bass) ariko dira, 21.00etara bitartean.

Parkeko azpiegiturari begira, soinuan hobekuntzak egin dituztela nabarmendu zuen Urbietak eta komun instalazioak bikoiztu dituztela, «iaz gaindituta egon ginelako». Horrez gainera, food truck-ak, “Laberintoa” izeneko instalazio artistikoa, azoka eta haurrentzako jarduerak ere izango dira.

Azkenik, jaialdia hasitako leku berean, Dabadaba eta Le Bukowkin, itxiko da igandean. Alvva, Mkol, Frances Be eta Araña DJak ariko dira Dabadaban, eta Landerground eta Etxeko Uzta DJak Le Bukowskin, bi kasuetan 21.30etik aurrera.