Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Eloy de la Iglesia ertzeetako kronikariaren ekarpena aztertuko dute Tabakaleran

Eloy de la Iglesiaren zinema ezerk ezaugarritzen badu, bazterretara begiratu eta politikoki zuzena ez den begirada eskaintzen duela da. Frankismo betean, homosexualitateaz, drogez, ustelkeria politikoaz edota delikuentziaz mintzatu nahi izan zuen, zentsura «egokia» zena soilik agertarazteaz arduratzen zen garaietan. Tabakalerak haren lanaren errepasoa egin du.

Azpiko munduen kronikaria izan zen Eloy de la Iglesia, berea zuen estetika bereziarekin bestela kontatzen ez ziren errealitateak bildu eta zinemara eraman nahi izan zituena, noiz eta frankismo betean. Esaterako, estatu neofaxista bat irudikatu eta serieko hiltzailez bete zuen “Una gota de sangre” (1973) filma, ustelkeria politikoaz hitz egin zuen “La mujer del ministro” (1981) lanean, abortuaz “Colegas”-en (1982) pelikulan, eta hainbatetan hartu zuen homosexualitatea hizpide, esaterako “La semana del asesino” (1972), “Placeres ocultos” (1977) eta “El diputado” (1978) film zigortuetan. Garaiko zentsurak hainbatetan umetu zituen haren filmak, baita pelikula osoak debekatu ere, eta izan zen zinema komertzialaz kanpoko proiekzio berezietan soilik eman behar izan zuen obrarik ere. Baina, zalantzarik gabe, “kinki zinema” eraiki eta baztertutako kolektiboei eta klasegabetuei ahotsa eman izanagatik da ezaguna bere zinemagintza. “Navajeros” (1980) filmarekin hasita, garaiko arazoei heldu eta gizarte erreprimituaren erretratua egin zuen De la Iglesiak, eta goia “El pico” (1983) eta “El pico 2”-rekin jo zuen. Bertan, heroina garaiko gizartean izaten ari zen eragina jorratu zuen, bi lagunen begietatik: guardia zibil baten semea bata, ezker abertzaleko militante batena bestea.

«Garai hartako gai tabuak jorratu zituen eta bazen oportunista eta panfletariotzat hartu zuenik ere, baina bere zinemagintzan gerora etorriko zen guztiaren aztarnak daude, otsailaren 23ko estatu kolpea, Batallón Vasco Español, GAL... hori guztia kontatu zuen Eloyk bere filmetan», azaldu zuen Pedro Usabiaga argazkilari donostiarrak. Bera da Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunea aretoan inauguratu berri duten “Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna” erakusketako komisarioa.

Bertan, hainbat funtsetatik eskuratutako 150 argazki –filmazioetakoak, filmetakoak zein bizitza pribatukoak, horietatik %70 jendaurrean erakutsi gabeak– eta berariaz erakusketarako egin diren bost instalazio artistiko daude. Horien bidez, zinegile zarauztarraren filmografian kronologikoki bidaiatu eta, bere zinemagintzaren gakoak ezagutzeaz gain, bost artistak lan horretaz egiten duten interpretazio garaikidea ezagut daitezke.

Zehazki, aretoko lehen solairuan Andersenen, Grimm anaien eta L. Frank Baumen kontakizunetan oinarritutako “Fantasía... 3” (1966) lehen film luzea egin zuenetik 80ko hamarkadarainoko filmografiari egiten zaio errepasoa, eta “El pico” oinarri hartuta Baptiste Pauthe baionarrak egin duen instalazioa ere ikus daiteke. Bigarren solairuan, 1986an droga-mendekotasunak eraginda zinegintza utzi eta 1996an berrartu ostean egindako azken lanen errepasoa dago, bere itzulera markatu zuen “Los novios búlgaros” (2003) tartean. Antzerkirako egokitutako “Mago de Oz” (1965) eta telebistarako ekoizpenek, beira-arasatan bildutako hainbat materialek –eskuizkribuak, diskoak eta, tartean, “Egin”-en 1981eko portada bat, non guardia zibil baten eta ezker abertzaleko militante baten maitasun istorioa zinemara eramango zuela iragartzen zen, «azkenean filmatu ez arren»– eta beste hiru instalaziok osatzen dute bigarren solairuko edukia.

Zehazki, De la Iglesiaren unibertsoak iradokitzen diena azaldu dute Itziar Orbegozo eta Tamara Garciak “Te vuelvo a ver” bideoan, zarauztarraren filmetako irudiekin collage bat prestatu du Quentin Valois-ek eta Jorge Fuembuenak “Quinqui Stars” (2018) filmerako erabili dituen zenbait irudi ekarri ditu.

Azkenik, erakusketarekin bat egiten duten hainbat jarduera ere izango dira. Gaur, 18.00etan mahai-ingurua izango da Pedro Olea, Elena Manrique eta Maria Luisa San Joserekin, eta ostean “El pico” emango dute. Bisita gidatuak ere izango dira: irailaren 6an Josemi Beltranekin, 13an Eusebio de la Huertarekin eta, urriaren 4an, Tamara Garcia eta Itziar Orbegozo artistekin.