Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Espazioa

Duela pare bat egun AEBetako presidenteordeak jakinarazi zuen armada estatubatuarrak jadanik dituen bost adarrei seigarren bat gaineratuko diotela 2020rako. Espazio Indarra izango da seigarren indar hori, eta bere helburua espazioan AEBen nagusitasuna bermatu eta Txina zein Errusiaren lehia eta mehatxuei aurre egitea izango da. Ez da zientzia-fikzio kontua, nahiz eta “Star Wars” sagako filmetatik ateratako ideia dirudien, ezta nobela distopiko baten argumentua ere, nahiz eta Trumpen legegintzaldiak berak distopiaren zentzua beste maila batera eraman duen.

Antza, AEBei txiki geratu zaie mundua, edo akaso konkistatu eta kolonizatzeko zegoen guztia bere egin dutela pentsatuko dute. Mugak behin betiko finkatuta daude, eta osaba Sam dugu haien berme eta betetzaile. Frederick Jackson Turnerrek ere hala uste izan zuen AEBetako barne-muga guztiak itxita zeudela aldarrikatu zuenean 1893an. Baina urte batzuk geroago bere muga tesia berrikusi behar izan zuen haien porositatea ikusita. Mende eta laurden geroago, gai honetan giza-ergelkeriak luzerako emango duela aise aurreikus daiteke.

Azkenengo hilabeteotan emakumeen eskubideen kontra emandako urratsen harira Margaret Atwooden “The Handmaid’s Tale” (1985) nobelan azaltzen diren neskameen antzera jantzita –gorputza guztia erabat estaltzen duen toga gorria soinean eta aurpegia estaltzen duen kapela zuria buruan– atera ziren milaka lagun kalera AEBetan protesta egitera. “Star Trek”-eko arropak ez lirateke aukera txarra izango abagune honetarako.