Ane URKIRI

ITSASORATU GABE GERATUKO DIRA OTSAILERA BITARTEAN 40 ARRANTZONTZI INGURU

Abuztuaren 18tik aurrera hegaluzearen kanpainan geldialdia ezarriko du Madrilek, aste honetan bertan hel baitaitezke euskal arrantzontziak hegaluze kuotaren %100era. Horrek arrantzaleen urteko planifikazioa erabat apurtu dezake. «Eta, orain, zer egin?», da galdera nagusia.

Hegaluzearen kanpaina hasi zenetik, 6.000 tona hegaluze inguru arrantzatu dira Gipuzkoan eta Bizkaian. Estatu espainolari dagokion kuotaren ia %40 suposatzen du horrek. Alderatzeko, iaz urri bukaeran 6.760 tona zenbatu ziren, eta, 2016an, 6.231 tona. Egoera ikusita, abuztuaren 18tik aurrera kanpainan geldialdia ezarriko du Estatu espainoleko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, aste honetan bertan irits baitaitezke 15.015 tonako kuota agortzera isurialde kantauriarreko arrantzaleak.

«Ezohiko» kanpainatzat jo du aurtengoa Ministerioak, baita Lakuak berak ere. Izan ere, prezioei dagokienez, kopuruak mantendu egin dira. Batez besteko prezioa kiloko 3,97 eurokoa izan da, eta, hegaluzea gertu zegoenez, kostuak ere nabarmen txikitu dira. Kanpaina hain azkar geratu beharrak, baina, kezka sortu du arrantzaleen artean. Hala, Lakuak Portugalekin kuota truke bat eskatu du, badirudielako portugaldarrak ez direla iritsiko eurei egokitutako kuota guztia arrantzatzera. Eskaerak eskaera, baina, ez dago kanpaina urri bukaeraraino luzatzea. Alegia, zer egin irailetik urri amaierara?

Iñaki Zabaleta Bizkaiko Arrantzaleen Kofradiako presidenteak Europa Press berri agentziari azaldu bezala, euskal bapore asko otsailera arte itsasoratu gabe gera daitezke; hau da, berdelaren kanpaina hasi arte. Badaude ontzi batzuk txitxarro, sardina eta legatz arrantzan ibiliko direnak –ingurusare eta tretza arrantzakoak–, baina 40 itsasontzi inguru portuetan geratuko dira –xaxiango arrantza modalitatekoak, esaterako–.

 

Jokabide aldaketa

Zabaletaren iritziz, onena edo arrazoizkoena denbora gehiagoan gutxiago arrantzatzea litzateke, «baina errealitatea ez da hori, arraina dagoenean arrantzatzen da, ezin duzu zuk nahi duzunean arrantzatu. Dagoenean arrantzatzen da, eta, ez dagoenean, ez. Eta aurten horrela gertatu da, arrain asko zegoen eta asko harrapatu da». Leo Belaustegi arrantzale eta LABeko sindikalista ohiak logikotzat jotzen du, arrantzaleen etorkizuna harrapakinen menpe dagoelako, «eta egunean ahalik eta gehien arrantzatzen saiatzen dira». Horregatik, hain zuzen, irtenbide bat eman behar delakoan dago arrantzale erretiratua; «planifikatu ahal izanez gero, kanpainak lau hilabete iraun lezake», uste du.

Zabaletaren iritziz ere onena kuotak itsasontzika eta herrialdeka banatzea litzateke, bakoitzak arrazoizko arrantza egin dezan: «Behin banatuta errazagoa da kontrolatzea, baina badaude banaketa hori egin nahi ez dutenak». Honakoa ere gehitzen du: «Arrantza sektorea dagoen moduan egonda, arrantzatu egin behar da, agian bihar ez delako ezer egongo harrapatzeko».

Horregatik, hain zuzen, Belaustegik nabarmentzen du bai pentsamenduan bai jokatzeko eran aldaketak eman behar direla arrantza sektorean, «bizi baldintza hobeak bermatzeko eta etekinak hobeto kudeatzeko». Bere ustez, guztiona den itsasoko onura «esku pribatuen esku uzten ari gara, kontserba fabriketako jabeak ari dira arrantzatutakoari balioa jartzen eta balio erantsi hori negoziatzea arrantzaleari berari dagokio». Izan ere, askotan ahanzturan geratzen da arrantzak dakarren kostua: gasolina, eskulana... Euskal bapore guztiek artisau eran arrantzatzen dute hegaluzea, eta Belaustegik ziurtatu du arrantzale asko eta asko neka-neka eginda daudela, «denbora gutxian esfortzu asko egin baitute».

 

Bukatzean, zer jan?

Era berean, Portugalekin egin nahi den truke horretan, Belaustegik ez daki hegaluzea zein espeziegatik aldatzeko prest dagoen Gasteizko Gobernua, baina hegalaburraren afera atera du azalera. 2014tik 2016ra bitartean hegalaburraren kuotaren %82 Balfego enpresari saldu zitzaion, zeinak itsasoan hegalabur haztegiak dituen, eta, behin hegalaburrak hazitakoan, hogei herrialde ezberdinetara esportatzen dituen.

Iaz kuota ez saltzea erabaki zen, laugarren urtez jarraian eginez gero, kuotaren eskubidea bera galduko luketela ohartarazi baitzitzaien euskal arrantzaleei. Aurten, ordea, berriz egin dute berdina. 660 tona saldu dizkiote enpresa katalanari eta 140 tonarekin geratu dira euskaldunak. Bada, hegaluzearen kanpaina bukaera goiztiarraren ondorioz, orain tona horiek faltan botako ez ote diren galdetu du LABeko kide ohiak.

Kanpaina bukatzean, euskal herritarrak Irlandako eta Estatu frantseseko sare pelagikodun arrasteontziek harrapatutako atuna jatera «behartuta» egongo garela nabarmentzen du Belaustegik, «orain arte modalitate horiek kritikatu ditugunean». Kontuan izan behar da kantitate handiak batera harrapatzean, espeziea ez dela berdin kontserbatzen, eta kalitatea nabarmen jaisten dela.

Amaitzeko, euskaldunok urtean batez beste 43 kilo arrain jaten ditugula jakinik, hemen harrapatutako arraina hainbeste esportatzea ez du ulertzen Belaustegik, bere ustez jantoki publikoetara bidera baitaiteke arrain hori. «Ez da bidezkoa horren ordez panga eskaintzea jantokietan».