GARA
IRUÑEA

Independentzia aldarri hiru era ezberdinetan, Ibañetan, Pasaian eta Gernikan

Tenore ezberdineko hiru ekitaldik burujabetzaren aldarria zabaldu zuten atzo: Orreagako batailaren ospakizuna Ibañetan, Askatasunaren Eguna Pasaian eta Independentistak sarearen festa Gernikan. Urteroko hitzorduak.

Urteroko hitzordu bilakatu dira hiru ekitaldi hauek, bakoitza bere ezaugarri eta mezu propioarekin, eta aurtengoan egun berean bat egin dute. Ibañetako gainean, Pasai Donibanen zein Gernikan, independentzia hizpide eta helburu izan da, hiru ekimen ezberdinen eskutik. Zeharkako hari batzuk ere josten dituzte ospakizunok; esaterako, Gernikako bonbardaketari buruzko ikerketa mamitsuak osatu eta idatzi berri dituen Xabier Irujo irakasleak egin du aurtengo Orreaga Fundazioaren ospakizunaren pregoia.

Urtero legez, Ibañetako gainean 778. urtean euskaldunek lorturiko garaipena oroitu zuten, lore eskaintza, aurresku, bertsolari eta abarren bidez. Aurretik, Iruñean eta Luzaiden beste ekitaldi batzuk ere egin dituzte aurten; guztien artean bereziki nabarmentzekoa da Gaizka Aranguren kazetariak aurkeztu duen dokumentala, bataila bera eta ondorengo Iruñeko Erresumaren sorrera lotuz.

Aurtengo ospakizunetan, mugarri historiko horren inguruan dagoen ezagutza ezarekin batera, Karlomagnoren aurka borroka egin zuten euskaldunak omentzeko oroitarririk ez dela salatu dute berriro. Errolan inbasorea gogoan duen harria bada, aldiz, duela 50 urte baino gehiagotik.

Nafarzaletasunak ezaugarritzen du ere azken urteotan Orreaga Iritzi Taldeak Pasai Donibanen antolatzen duen Askatasunaren Eguna. ‘‘Herriak bizi behar du, egin dezagun herri bidea’’&flexSpace;izan da aurtengo leloa. Orreagako garaipena oroimenean, mende ugariz euskal herritarrak bildu zituen Estatua berreskuratzearen alde egiten du ekimenak, demokraziaren kontzeptua oinarri.

Azkenik, 2010. urtetik lanean den Independentistak sareak urtero-urtero Gernikako jaietan antolatzen duen ekimena egin zuen atzo. Ohi bezala, sarea ezaugarritzen duen berde koloreko piperrak frijitu zituzten, sagardoarekin batera dastatzeko. Atzokoan, gainera, XIX. mendeko Jose Maria Iparragirre kantaria (beste askoren artean ‘‘Gernikako arbola’’ abesti ezagunaren egilea) omendu nahi izan zuten, herrian duen eskulturaren inguruan bilduz eta bere kantu batzuk abestuz.