Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Abenturak

Orain dela urte batzuk, Bogotako kartzela batean egon ginen istorioak kontatzen. Gazteak eta emakumeak gordetzeko kartzela berria. Kartzela handia, hiriburuan bertan kokatua. Ez zen lehenengo aldia kartzela batean kontatu behar nuena, baina bai Latinoamerikako batean; eta hedabideen bitartez zabaltzen den iruditeriak baldintzatuta abiatzen zara harresietan barrena. Egin genuen saioa, bitxia eta polita benetan. Ondoren bertako gizarte langile bati komentatu nion zaila egiten zitzaidala askatasunik gabe dagoenari zer kontatu asmatzea. Nire harridurarako esan zidan presoek abenturazko istorioak zituztela gustuko. Logikoa iruditu zitzaidan, ordea, izan ere preso dagoenak askatasuna baitu amets, eta zer askeago abenturak baino. Abenturek lurralde ezezagunetara eramaten zaituzte, jende harrigarria ezagutzera, une oroz erabaki ezberdinak hartu behar dira, bizitzaren errutinaren loturetatik ateratzen zaitu abenturak, zeresanik ez kartzelako loturetatik. Abentura irudimenaren lurraldean gertatzen da.

Uda garaian makina bat iragarkik abentura ahaztezinak egiteko proposamenak ekartzen dizkigu. Leku harrigarriak, zibilizaziotik aparte, errutinatik at, bizitzaren asperrari bizipoza emateko. Bizi abentura; horretarako sos nahikoa baduzu. Askatasunak salneurria dauka merkatuaren jendarte honetan. Askatasuna amets, pobreak herriko plazako aulkian eserita argazki ederrez osatutako publizitatea dauka esku artean, eta mundua imajinatzen du, ustez abentura dela han urrutian dagoena.