Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Franco, oraindik

Franco hil zenetik, ez da ezer onik egin. Ezer ez», entzun nion herenegun emakume bati. Baietz ziotsan aldamenean zihoan gizonak. Edo ezetz, ez dela onik egin. Ez dut nik kontrakorik esango, baina seguruenik ez ginateke biok bat etorriko txarto egindakoen zerrenda egitean.

Andrea ez zen ahopeka ari, eta metro dezente aurrerago nindoala ere argi entzuten nion. «Hark lapurtu egingo zuen, baina orain denak dira lapurrak». Bigarren hori ere ez dut uste guztiz okerra denik; hala ere, egingo nuke horretaz ere ez ginatekeela ados jarriko. Eta ez ni demokraziaren adoratzaile itsua naizelako, hain zuzen, baizik eta Erorien Haraneko jabe ohi/maizter/okupak ezarritako erregimenak egin zituen ikaragarrikeriengatik. Txarto eta, batez ere, ondo egin zituenengatik.

Esate baterako, emakume horren pentsaera hainbeste jenderen erraietan grabatu izana oso ondo egin zuen zerbait da: ordena, guztiaren gainetik. Batek lapurtzea –eta denak isilarazi eta kartzelatu eta hiltzea– ez dago ondo, baina besteek lapurtzea galarazten badu, gauza ona da. Ordena, balio gorena. Dena egin beharra dago ordena baten barruan: lana, jaia, janzkera, sexua... Denok nahi duguna egingo bagenu, zer izango litzateke hau?

Eta kezkatuta daude jende askok nahi duena egin nahi duelako, baina ez dira konturatzen orain ere jendeak nahi duena egiten duela... ordena baten barruan, eta ez dela hain maite duten ordena haren oso desberdina. Izan ere, Francok oso ondo egin zituen gauza batzuk, 43 urtez Erorien Haranean ez ezik, kaleetan eta palazioetan ere nabari denez.

Zer axola genozida bat mausoleo batean egotea, haren jarraitzaileek gurtu dezaten? Nori egiten dio kalte? Iraganeko mamuak berpizteak arazoak besterik ez dakartza, militarrek gogorarazi duten bezala. Horrela pentsatzen dutenak ez dira salbuespena.