04/09/2018

Nerea GOTI
Kazetaria
Begiradak aldatzen dituzten atmosferak

Azken hilabeteetan etxekoak atzean utzi eta Europarako bidean Euskal Herrira heldutako gazte batzuen testigantzak ezagutzeko aukera izan dut, haiek zuzenean kontatuta edo laguntza eman dien hirugarren baten bidez. Benetan gogorrak guztiak, imajinaezinak, bizitzaren eta heriotzaren arteko lerro finegiaren ondo-ondoan egindako bidean izandako bizipenak. Bizitako gertaera eta egoerak kontatu dituzte film baten moduko istorioaren protagonistak balira bezala, baina ez sakoneko sentimenduak, ez dira horiek erraz azaltzekoak, ez behintzat mikrofono baten aurrean. Begiradekin gehiago esan dute askotan; begietan erraz sumatzen dira nekea eta ziurgabetasuna.

Horregatik, arreta deitu zidaten larunbatean Karmelan ikusitako beste begirada haiek. Bitxia da sare herritar baten indarrarekin sor daitekeen bestelako «atmosfera» hori. Izan ere, migratzaileetako batek giro hura deskribatzeko erabili zuen hitza izan zen «atmosfera», eta egia da arrazakeriaren aurkako mundialitoak begirada askoren mezuak aldatu zituela, bizipenen motxila eta zailtasunak albo batera utzita, egoteko era ezberdinak ikusi ahal ziren, hango eta hemengoen arteko agurrak, sortutako keinu konplizeak, irribarreak, jokaldien aurreko oihuak. Ez zuen poz absolutua ekarri, ez zen ekimen ikusgarria izan eta ez zuen foku mediatiko gehiegirik lortu, baina areto futboleko partida xume haiekin beste begirada batzuk sortu ziren, eta arnasteko atmosfera gozo bat eratu, beste behin ere, kultura eta kolore ezberdinak elkarren ondoan jarrita osatzen duten horren froga.