GARA
DONOSTIA

Alternatiba badagoela adierazi du Errausketaren Aurkako Mugimenduak

Ehunka lagunek hartu zuten parte atzo Donostiako Kontxako hondartzan egin zuten giza katean. Zubietako errauste planta baztertzeko arrazoiak eman zituzten, horren partez Gipuzkoako hondakinak tratatzeko beste bide batzuk badaudela azpimarratuz.

Kontxako Banderaren finala hasi aurretik, Errausketaren Aurkako Mugimenduak hondartza hartu zuen. Aurreko urteetan bezala, giza katea antolatu zuten, baina oraingoan beste batzuetan baino jende gehiago gerturatu zen. Euskal Herriko txoko desberdinetatik iritsitako ehunka lagunek Zubietako erraustegia eraiki beharrean beste alternatiba bat badagoela adierazi zuten.

Hizkiz hizki, «Erraustegia ez, osasuna bai. Alternatiba badago» esaldia osatu zuten. Horrez gain, pegatinak, globoak eta pankartak banatu zituzten bertaratuen artean. 11.30ean egin zuten mobilizazioan, “Erraustegia gelditu” mezua ere irakurri ahal zen. Honekin bat egin zuten ELA, ESK, LAB, CCOO, EHNE eta Steilas sindikatuek; Alternatiba, EH Bildu, Ezker Anitza-IU, Irabazi, Podemos, Sortu eta Equo alderdi politikoek; Eguzki eta Ekologistak Martxan talde ekologistek; eta Duintasuna mugimenduak.

Giza katearen bidez Zubietako erraustegiaren obrak gelditzeko eskatu zuten. Era berean, Gipuzkoa osoan eraginkorra den birziklatze sistema bat zabaltzeko proposamena egin zuten.

Arrazoi ugari

Erraustegia baztertzeko arrazoiak ere eman zituzten. Hasteko, erraustegia ez dela beharrezkoa uste dute. «2017an Gipuzkoan 150.000 tona errefus sortu ziren eta agintariek beraiek diotenez joera gero eta gehiago birziklatzea da: 2020-2022an %70era helduko garela esan zuten uztailean», aipatu zuten erraustegia urtean 200.000 tona zabor erretzeko diseinatuta dagoela gogoratzearekin batera.

Mugimenduak dituen datuen arabera, Gipuzkoako 89 herrietatik 60k hondakinen %70 baino gehiago birziklatzen dute jadanik eta urtean pertsonako 100 kilo errefus baino gutxiago sortzen dute. «Gipuzkoako herri handienak maila honetara heltzen direnean, eta horretarako borondate politikoa besterik ez da behar, urtean 70.000 tona baino gutxiago sortuko da. Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio jaunak: Nondik ekarriko ditu, nondik osatuko ditu Urbaser enpresa txinatarrak 200.000 tonako labeak betetzeko faltako zaizkion bi herenak?», galdetu zuten.

Geratzen den errefus tonak tratatzeko ere, «kasurik okerrenean erraustegiak sortuko dituen zepa eta errauts toxikoen parekoa», alternatiba «merkeago eta osasuntsuagoa» badagoela esan zuten, alegia, «inertizazioa, konpostatzearen antzeko prozesu baten bidez».

Erraustegia gelditu nahi izateko arrazoi nagusietako bat osasuna da. «Mundu osoko ikerketetan agertzen den moduan eta Gipuzkoako sendagile askok behin eta berriz salatu duten moduan, minbizi desberdinak, malformazioak» sor ditzake erraustegiaren keak.

Era berean, planta «Gipuzkoan aldaketa klimatikoa sortzen duten gasen igorle nagusia izango» dela aurreikusi zuten. «Tximiniatik, substantzia oso toxikoez gain, CO2 eta nitrogeno oxido kantitate oso handiak atmosferara botako ditu eta hau ez du inork zalantzan jartzen, ezta errausketa defendatzen dutenek ere», azpimarratu zuten.

Amaitzeko, eraikuntzaren prezioa aipatu zuten. «1.000 milioi euro baino gehiago, gipuzkoarron poltsikotik ustelkeria kasuetan nahastutako multinazional baten eskuetara joango dira. Azken batean, gure diruz gure osasuna eta ingurumena kaltetzeko tresna ikaragarria egin nahi dute. Interes ezkuturik ez ote dago hau bultzatzen duten politikarien aldetik? Ustelkeria Espainiako arazoa bakarrik ote da? %3ko komisioa Kataluniara mugatu al zen?».