Idoia ERASO
BIARRITZ

«Biarritz 1918-2018» erakusketak Picassori zor dio bere arrakasta

«Biarritz 1918 & 2018» erakusketa irailaren 30era arte izanen da ikusgai Bellevuen. Uda hastapenean ireki zenetik 10.000 bisitari baino gehiago izan ditu. Picassok duela mende bat Lapurdiko hirian margotu zuen «Bainulariak» obra du ardatz nagusi ekimenak.

Bi urteurren ospatu eta batu ditu obra oso eklektikoak biltzen dituen erakusketak. Alde batetik, Pablo Picassok “Bainulariak” obra Biarritzen egin zuenetik mende bat iragan da eta, bestetik, Euskal Herriko Goi Mailako Arte Eskola ireki zenetik hamar urte betetzen dira aurten.

Bi urteurren horiek ospatzeko bi garaiak uztartu nahi izan dituzte, nahiz eta horren inguruan egiten diren loturak ez diren argi gelditzen ikuslearen begietara. Mendeak bereizteko, Picassoren garaia urdinez margotutako hormetan ezarri da eta garaikidea, zuriz. Erakusketak bata bestearen parean kokatuak dira; bi aldeekin gai beraren gaineko irakurketa ezberdinak proposatu nahi izan ditu Didier Arnaudet komisarioak.

XX. mendeari buruzko aldean Jean Cocteau, Gabrielle Coco Chanel eta Guillaume Apollinaire erakusketako protagonista gisa aurkeztuak izan badira ere, instalazioaren erakargarritasuna Picassoren obretan oinarritu da. Pariseko Picasso Museoak utzitako bi margolan eta hainbat irudi dira artistaren obra original bakarrak, bainulari “protagonistez” gain. Gainerakoak Biarritzen egon zen bitartean Mimoseraie etxean egin zituen freskoen eta beste hainbat obraren kopiak dira. Garaian Picassoren emaztea zen Olga Khokhlovak gordetako hainbat dokumentu ere ikusgai daude.

Arte garaikidea

Erakustaldiaren zati “zurian” hamargarren urteurrena ospatu duen Arte Eskolara arrazoi ezberdinengatik bertaratu diren artisten obrak daude ikusgai. Bereziki Estatu frantsesean ezagunak diren margolari, eskultore eta argazkilarien lanak ikus daitezke. Daniel Buren, Nina Childress, Delphine Coindet, Pascal Convert, Denis Darzacq, Marc Desgrandchamps eta Herve Di Rosa daude, besteak beste.