GARA
DONOSTIA

Grafenoaren alorreko 650 aditu inguru elkartuko dira Donostiako jardunaldietan

Atenasi hartu dio testigua Donostiak 2018. urteko Graphene Week kongresua jasotzean. 30 hitzaldi inguru izango dira eta, besteak beste, Andre Geim Fisikako Nobel saridunaren azalpena egongo da entzungai.

Kursaal jauregiak atzo ireki zituen ateak 2018. urteko Graphene Week nazioarteko kongresua jasotzeko, CIC nanoGune ikerketa zentroak antolatuta.

47 herrialdetatik etorritako 650 aditu hurbildu dira ostiralera arte izango diren hitzaldiak entzun zein bertan parte hartzeko. Guztiak grafenoaren eta bi dimentsioko materialen ikerketan dira espezialistak, izan ere, kongresuaren helburua da arlo horren ikerketan egindako aurrerapausoak ezagutaraztea.

Hala, nanoGunek adierazi zuenez, «kongresua egiteko Gipuzkoako hiriburua aukeratu izana, azken hamarkadetan EAEn ikerketaren eta berrikuntzaren alorrean egin den apustu garbienaren erakusleiho da». «Euskal Herrian nanozientziaren arloan puntako ikerketa egitea da gure helburua, gizarteak nanoteknologiaren aurrerapenen aitzinean probetxua atera dezan», adierazi zuen Jose Maria Pitarke nanoGuneko zuzendari eta kongresuko presidenteak.

Programa aberatsa osatu dute grafenoaren inguruan zabal hitz egiteko. Besteak beste, Andre Geim Fisikako Nobel saridunak emango du hitzaldietako bat; hitza hartuko du, halaber, energia metaketan aditua den Clare Grey Cambridge Unibertsitateko ikertzaileak.

Topaketa ezberdinak

Guztira 30 hizlari gonbidatuk parte hartuko dute hitzaldietan eta 95 ahozko aurkezpen entzun ahalko dira. Kongresuaren baitan, gainera, jakintza alor desberdinetako hainbat topaketa izango dira, alor bakoitzak bere espazio zehatza landu dezan.

Horietariko bat da, esaterako, “Graphene for Human Space Exploration”, grafenoak espazioan izan ditzakeen aplikazio ezberdinak aztertzeko. “Graphene Innovation Forum” berrikuntza foroa ere jasoko du Kursaalek, material honek merkatuan eta industrian izan ditzakeen aplikazioak zehazte aldera.

Emakume ikertzaileak ikusarazteko helburuarekin, “Women in Graphene” ekimena antolatu dute. Bertan, zientzian emakumeen presentzia suspertzea eta komunitate zientifiko anitzagoa sortzea izango dute xede.

Hitzaldiez eta aurkezpenez gain, grafenoaren erabilera herritarrei hurbilarazteko asmoz, material honekin eginiko produktuen erakusketa ikusteko aukera izango dute herritarrek, baita Europako enpresen eta start-up enpresen istorio arrakastatsuen bilduma ere.

Aurkezpen ekitaldian kargu publikoek hartu zuten parte eta Urkullu lehendakariak «ongietorria» eman zion «etorkizuneko materialaren ikerketari».