GARA
GASTEIZ

Daniel M. artatu duten psikiatrek patologia psikotikoa baztertu dute

Alicia haurtxoa hiltzeaz akusatutako Daniel M.-ri ez diote patologia psikotikoen aztarnarik ikusi ospitalean eta Valladolid eta Dueñaseko kartzeletan artatu duten mediku eta psikiatrek.

Gasteizen 17 hilabeteko haurtxoa hiltzeaz akusatutako Daniel M.-k ez du inongo patologia psikotiko zantzurik, hiriburuko Santiago Ospitalean eta Valladolid eta Dueñaseko espetxeetan artatu duten psikiatra eta medikuek atzoko epaiketa saioan ziurtatu zutenez.

Arabako Probintzia Auzitegian aurrera doa Daniel M. musika irakaslearen aurkako epaiketa. 2016ko urtarrilaren 25ean Alicia haurtxoa bere pisuko leihotik bota zuela aitortu du. Orduan 30 urte zituen gizonak argudiatu du «gaizkiaren hazia» ikusi zuela txikiarengan eta «aingeru bat» bezala sentitu zela, «mundua salbatu» beharrean. Arrazoiketa hori erabilita, defentsak ardura penaletik libratzeko eskatu du, umea hil zuenean «erotasun egoeran» zegoela erranez.

Baina akusazioak dio Daniel M.-ren «ustezko eromena antzerki hutsa» dela eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu du berarentzat. Atzo psikiatra eta medikuek egindako deklarazioek ikuspuntu hau indartzen dute.

Alicia hil ondotik Dueñas eta Valladolideko kartzeletan hainbat aldiz artatu zuen psikiatrak Daniel M-ren garapena ikusi ahal izan zuen eta baieztatu zuen ez diola antzeman garapen psikotikorik. «Nire ustez ez du eskizofrenia paranoiderik», erantzun zuen akusazioaren galderen aurrean.

Lotarako pilulak

Psikiatra berak argitu zuen medikamentu antipsikotiko bat eman diotela baina botika mota hau ez dela eskizofreniarako bakarrik baliatzen. Ohikoa omen da, dosi txikietan, hipnotiko gisa ematea. Hala egin dute Daniel M-rekin.

Profesionalak erantsi zuenez, akusatuak espetxean izan duen jarrera ez da harrigarria edo inkoherentea izan. Aurrekari psikiatrikorik ere ez du. Santiago Ospitaleko txostena ildo beretik doa. Umea hil eta erietxera eraman zutenean ere ez zioten patologia psikotikorik sumatu. Psikiatriako unitatean aztertu zuten, baina alta eman zioten, medikamenturik eman gabe, ez ziotelako buruko patologiarik ikusi.

Erietxean artatu zuen psikiatrak gaineratu zuen Daniel M-k ulertzen zuela egindakoa «ez dela zilegia». «Bere bizitzaren parte handi bat kartzelan» pasatu beharko duela eta bere «bizitza betiko aldatu» dela adierazi zuen akusatuak.