12/09/2018

ASIER RIESGO
EIBARKO JOKALARIA

Denboraldia aulkian hasi du Asier Riesgok. Nahiago luke hamaikakoan egon, baina esperientziak erakutsi dio talde batean guztien lana garrantzitsua dela. Debarrak, gainera, bere lanaren egunerokoarekin inoiz baino gehiago disfrutatzen ari dela aitortu du. Horregatik, beharbada, eta kontratua ekainean amaituko zaion arren, ez du agurraren aukeraz gehiegi pentsatu nahi.

«Ilusioa beti da jokatzea, baina helburua lana ondo egitea izan behar da»
Amaia U. LASAGABASTER
0912_kir_eibar

16 urte jarraian eman ditu Asier Riesgok futbol profesionalean. Ez da gutxi eta debarrak aitortzen duenez, denboraren joana nabaritzen du. Onerako, zorionez, egoerak, helburuak eta sentsazioak adinarekin batera aldatzen badira ere.

Nola ekin diozu futbol profesionalean 17. denboraldiari?

Gogoz. Jokatu gabe, egia da, baina gogoekin. Lan asko egiteko, laguntzeko, jokatzen dutenak animatzeko eta futbolaz disfrutatzeko gogoekin.

Urte hauetan guztietan helburu kolektibo desberdinak izan dituzu. Pertsonalak ere aldatuz joan dira?

Bai eta ez. Jokalari guztiok jokatu egin nahi dugu; baina urteak pasatzen diren heinean, beste modu batean ikusten dituzu gauzak. Alde batetik, badakizu, atezainen kasuan, hasieratik ez baduzu jokatzen oso zaila izango dela aurrerago postua eskuratzea. Bestetik, ulertzen duzu talde baten 22-23 jokalari gaudela eta hamaika besterik ez direla zelairatzen, baina garrantzia denek dutela, denok daukagula gure funtzioa: ondo entrenatzea, kalitatezko entrenamenduak egitea, beti prest egotea... Eta azkenean, zure ilusioa jokatzea bada ere, benetako helburua lana ondo egitea izan behar dela konturatzen zara.

Egoera horiek kudeatzen esperientziak irakatsiko du.

Bai, ikasi egiten da, hasieran ez da erraza. Gazteagoa zarenean, ez jokatzea palo bat da, beharbada egoistagoak gara. Gero hobeto eramaten da, ulertzen duzu zure lana ere garrantzitsua dela... Eta batez ere, helburu kolektiboa pertsonalaren gainetik dagoela ikusten duzu. Garbi eduki dut beti, baina gero eta garbiago ikusi dut, garrantzitsuena taldea dela eta osatzen dugun guztion lehentasuna taldea izan behar dela, bakoitzak une bakoitzean tokatzen zaion funtzioa ahal duen hoberen betez. Eta Eibarren bereziki garrantzitsua iruditzen zait hori, horretan datza gure indarra.

Eta noiz arte lan egingo duzu taldearen alde? 35 urte beteko dituzu laster, denboraldi amaieran kontratua amaituko zaizu...

Ez diot buelta askorik ematen. Ez dakit hemendik 8-9 hilabetera ze egoeratan egongo naizen eta gorputzak zer eskatuko didan. Egia da 35 urte beteko ditudala, kontratua... eta ez dudala jokatzen. Baina, egia esan, asko disfrutatzen ari naiz. Entrenamenduak inoiz baino gehiago disfrutatzen, egunerokotasun horrekin asko gozatzen, oso gustura noa egunero lan egitera, giroa... Ez dakit zer egingo dudan.

Unea noiz helduko den beldur?

Momentuz ez. Baliteke aurrerago beldurra edukitzea, baina esan dizudanez, momentuz oso-oso gustura nago eta lanarekin asko disfrutatzen ari naiz.

Orain behintzat jokatzeko aukera gehiago daukazu, Yoel joan ondoren. Asko azpimarratu da zein harreman ona daukazuen hirurek baina egoera erosoagoa da horrela denentzat.

Bai, ikusten zen urte osoa hiru atezainekin ez zela erraza izango eta bideratu da. Uste dut egoera hau hobea dela denentzat. Yoelek Valladoliden jokatzeko aukera dauka, Marko hemen jokatzen, ni dinamikan sartuta...

Zuk minutuak beste nonbait bilatzeko tentaziorik eduki duzu?

Aztertzeko aukera izan dut, baina ez dut planteatu. Beti gustatu zaizkit luzera begiratzen duten proiektuak. Beste une batzuetan, jokatu barik nengoela ere, aukerak izan ditut eta ez dut aldatu. Jokatzeari garrantzia ematen diot, baina proiektu luzeak gustatzen zaizkit.

Klubeko gizona zaren seinale?

Baliteke, ez dakit, baina beti eman diot garrantzia horri.

Izan ala ez, funtzio hori betetzea bai tokatzen zaizula Eibarren.

Bai, horrela da. Ez ni bakarrik, Ivan [Ramis]... denbora gehien daramagunok saiatzen gara rol hori betetzen. Taldekideei ahal dugun guztia transmititu, jendea bultzatu batez ere gauzak ondo ez doazenean, aldagelan harmonia mantendu...

Hori ere adinarekin doa? Ala bakoitzaren nortasunarekin?

Biekin segur aski, baina nik uste dut urrats hori norberak eman behar duela. Jokatzeaz gain eta entrenamenduetan lan egiteaz gain, taldeari laguntzeko modu asko daude.

Gipuzkoar bakarra zara, beteranoenek hiruzpalau besterik ez daramate taldean, talde gero eta heterogeneoagoa... Gaur egun zailagoa da rol hori bete eta familia bat osatzea aldagelan?

Egia da lehen aldiz egon nintzenean ia denok hemengoak ginela eta horrek asko errazten ditu gauzak. Baina, egia esan, azken urte hauetan ere sekulako giroa eduki dugu, jende oso jatorra... Beharbada, dena ondo joan delako, une txarretan ikusi behar da-eta benetan nolakoak garen pertsonak. Baina aldagela oso ona edukitzen jarraitzen dugu.

Eta hori ezinbestekoa da berriro ere urtea arrakastaz amaitzeko.

Dudarik ez. Oso garrantzitsua da kalitatezko jokalariak edukitzea, eta guk badauzkagu. Baina beste gauza batzuk ere ezinbestekoak dira: helburua zein den argi eduki eta talde bat osatu, taldea beti jokalariaren gainetik ipiniz.

Eta disfrutatu.

Noski. Azken jardunaldian salbatzen bagara ere, denboraldia ona izango da. Aurretik lortu eta disfrutatzeko aukera badaukagu, askoz hobeto.

Ez diot etorkizunari buelta handiegirik ematen. 35 urte egingo ditut, kontratua amaituko zait eta gainera ez dut jokatzen. Baina inoiz baino gehiago disfrutatzen ari naiz nire lanaren egunerokoarekin.
Lehen aldiz etorri nintzenean ia denok hemengoak ginen eta horrek asko errazten du taldekideekin familia bat osatzea. Egun oso talde desberdina da, baina orain ere sekulako giroa daukagu, oso aldagela ona edukitzen jarraitzen dugu.