GARA
BARTZELONA

Madrili begira mintzo da EAJ; Kataluniari so, EH Bildu

Euskal alderdi eta eragileek parte hartze zabala izan zuten Diadako ekitaldietan. EAJ eta EH Bildu nabarmendu ziren, goizeko lore eskaintzatik hasita, eta Gure Esku Dagok edota Independentistak sareak ere beren ur tanta jarri zuten Bartzelonako olatutzarra osatzeko.

Bi indar politikoen ordezkari nagusiak, Andoni Ortuzar zein Arnaldo Otegi, Kataluniara bidali zituzten EAJk eta EH Bilduk, hitzorduaren garrantzia nabarmenduz. Mezuak, ordea, nahiko ezberdinak izan ziren.

Madrili begira mintzo zen EBBko burua. «Baldintzarik gabeko elkarrizketa» eta «hizki handiz idatzitako politika» eskatu zizkion, «konponbidea ez delako errepresiotik eta judizializaziotik etorriko». Andoni Ortuzarren alboan zen Joseba Aurrekoetxea EBBko kidea.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, ordea, Kataluniako zein Euskal Herriko «erlojuak ordu berean jartzeko»&flexSpace;proposamena berretsi zuen, eta hango independentismoak eginiko apustuari atxikimendu osoa eman zion. «Kalitatezko demokrazia batean bizitzeko Errepublika sortzea ezinbestekoa da», erantsi zuen Otegik. Besteak beste, Bakartxo Ruiz eta Maddalen Iriarte izan zituen bidelagun Katalunia aldean.

Astelehenean Lledoners-eko kartzelan egon zen EH Bilduko ordezkari nagusia, hor preso diren bost agintari independentistekin batzartuz, eta gauza bera egin zuen atzo Andoni Ortuzarrek, baina kasu honetan PDCat-eko hirurak ikusteko bakarrik (jakina da abuztuan Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ERCko Oriol Junquerasekin egin zuela bilera). Josep Rull, Jordi Turull eta Joaquim Forn bisitatu nahi zituela zehaztu zuen Andoni Ortuzarrek, «Convergencia zenaren lagunak direlako». Espetxe horretan den bosgarren agintari presoa Raul Romeva da, ERCkoa hau ere.

EH Bildu osatzen duten alderdietako kideak ere izan ziren Diagonaleko mobilizazio erraldoian, esaterako Alternatibako Maria del Rio eta Josu Estarrona.

GED eta Independentistak

Alderdiez gain, Euskal Herriko bi mugimendu herritar bertaratu ziren. Gure Esku Dagoren ordezkaritzak Angel Oiarbide zuen buru eta mobilizazioetan parte hartzeaz gain solasaldi ugari izan du Kataluniako eragileekin, ANC eta Omnium Cultural barne direlarik. Honela ikusten du egoera Oiarbidek: «Sasiz betetako bidea zabaltzen ari dira kataluniarrak eta zati batzuetan sasi gehiago egongo da. Beraiei laguntzeko, gurean bultza egitea da hoberena».

Independentistak sareari dagokionez, kalejira antolatu zuen Diagonaleko mobilizazioarekin bat egiteko, euskal ekarpena nabarmenduz. Bertan zera adierazi zuen Txutxi Ariznabarreta eledunak: «Euskal Herrian benetako prozesu bat zabaldu eta Kataluniarekin sinkronizatzeko garaia da».

ELA eta LAB

Horiez guztiez gain, Kataluniako prozesuari babesa adierazi zioten euskal sindikatu nagusiek, oraingo honetan Euskal Herritik. ELAk hainbat estelada zintzilikatu zituen bere egoitzetan eta preso politikoak aske uzteko deia berretsi zuen.

LABek, bere aldetik, agerraldia egin zuen Gasteizen, ikurrinak, esteladak eta presoen aldeko lazo horiak erakutsiz, ‘‘Visca la Republica catalana, bi herri borroka bakarra’’&flexSpace;zioen pankarta baten atzean. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Katalunian jorratzen ari diren bideari sostengu osoa azaldu zion, eta hango presoekin batera euskal espetxeratu politikoen egoera konpontzeko beharra erantsi zuen.