Pirinioetan bi hartz askatzearen asmoak kezka sortu die abeltzainei

Irailaren erdialdean Pirinioen mendebaldean Frantziako Gobernuak bi hartz askatuko dituen albisteak kezka sortu du eremu horretako abeltzainen artean, EHNEk jakinarazi zuenez. Abeltzainekin izandako bileran, 1998 eta 2010 urte artean Pirinioetako haran horietan gertatutakoak gogorarazi zizkiotela adierazi zuen sindikatuak, orduan hainbat eraso jasan baitzituzten abereek. «Lehen sektorea Pirinioetan biztanleak bertan mantentzeko eta ingurumena zaintzeko oinarrizko tresna» izanik, EHNEk elkarrizketarako deia egin die inplikatutako eragile guztiei, irtenbide adostua lortu ahal izateko.