Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Arantxa eta Alan

Duela egun gutxi batzuk zendu zen Arantxa Goikoetxea Uriarte Zeanuriko pandero-jotzaile eta kantaria, ibilbide oparoko emakumea baina, batez ere, Alan Lomaxek, bere 50eko hamarkadako euskal ibileretan jasotako grabaketek, eta ateratako argazkiek, mundu osoan ezaguna egindakoa. Istorioak ez dauka misterio handirik; sorgin-ehizatik ihesi, Europara (Londresera) etorri zen etnomusikologo iparramerikarra, eta BBCren enkarguz Europako herri-musikaren lekukotasunak jasotzen hasi zen kontinente osoan zehar.

1952 eta 1953an ibili zen Euskal Herrian, eta bertan jasotakoekin bi bilduma atondu zituen, bata Bizkaia eta Gipuzkoari eskainitakoa, Nafarroan jasotakoekin osatutakoa bestea, tartean jakina Arantxari egindako grabaketak. Grabaketez gain, jakina, argazki asko atera zituen Lomaxek, tartean 2004an Rounder diskoetxeak material honekin kaleratu zuen diskoetako baten azalean agertzen dena. Ile beltzeko emakume gazte bat da, panderoa astintzen ari dena, eta kantatzeko posturan dagoena. Hura zen Arantxa.

Esandakoa, istorioak ez dauka garrantzi handirik, erromantizismo eta nostalgia apur bat suspertzeko ez bada, eta nahi gabe ere, protagonista bilakatutako euskal musikari baten miraritxoa gogoratzeko. Baina uste dut bi ideia azpimarragarri uzten dituela agerian. Lehenengoa, euskaldunekiko eta gure musikarekiko interesa, egon badagoela, munduan. Aspirina txiki bat, musikariak negarti jartzen garenerako. Baina nolakoa da interes hori? Hizkuntza arraro batean eta musika-tresna xelebreak erabiliz musika egiten duen jendea baino gehiago al gara?