GARA
GASTEIZ

Elkarrizketa soziala berriro martxan jartzeko bilerak ez du fruiturik eman

Elkarrizketa sozialerako mahaian berriz esertzeko asmoz, bilera egin dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Confebaskek eta CCOO eta UGTk, baina ez dira ados jarri eta ez dago data zehatzik hurrengo topaketarako.

Elkarrizketa sozialerako mahaiaren inguruan ez dago inor eserita momentu honetan. ELAk eta LABek urteak dira ez dutela parte hartzen. Agertu izan dutenez, ez daude ereduarekin ados. Patronalaren politikak sustatzen dituela uste dute eta horregatik utzi zuten foro hori aspaldi. Berriki Lakuako Gobernuak eta Confebask patronalak mahai hori kontuan hartu gabe enplegurako akordioa sinatu ondotik, bertan gelditzen ziren bi sindikatuek ere, CCOOk eta UGTk, alde egin zuten, aintzat hartu ez zituztela-eta haserre.

Atzo bilera batean elkartu ziren, Lehendakaritzan, Iñigo Urkullu lehendakaria bera, Roberto Larrañaga Confebaskeko presidentea eta Euskadiko CCOOko eta UGTko arduradunak, Loli Garcia eta Raul Arza, hurrenez hurren, parte-hartzaileek baieztatu eta Efe agentziak jaso zuenez. Bilera haren helburua geldirik zegoen elkarrizketa soziala berriz ere martxan jartzea zen, baina, iturri berek azaldu zutenez, momentuz «ez dute aurrerapen handirik egin». Ez zuten data zehatzik ere jarri hurrengo topaketarako.

Euskadiko CCOOko ordezkariek EFEri adierazi ziotenaren arabera, Lakuako Gobernuak eta Confebask patronalak sindikatuen bizkar sinatu zuten enplegurako akordio hori «bere osotasunean baliogabetzeko» eskatu dute. Bestela ez dutela elkarrizketa sozialerako hiru hankako mahaian parte hartuko berretsi zuten atzo.

Epaiketa, urriaren 9an

Joan den astean Lakuako Gobernu Kontseiluak Confebaskekin adostutako akordioaren edukia, garapena eta exekuzioa mahaira «birbideratzea» erabaki zuen. Maria Jesus San Jose Enplegu sailburuak adierazi zuenez, «behin betiko urrats bat izan zen elkarrizketa sozialerako mahaitik altxatu ziren sindikatuak bertara itzultzeko».

Oraingoz ez da hala izan. CCOOk demanda jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusian. Bertan aipatutako Lakuaren eta Confebasken arteko hitzarmena baliorik gabe uzteko eskatzen zuen. Sindikatuak berak atzeratzeko eskatu ondotik, datorren urriaren 9a da kausa honen epaiketarako jarri duten data berria, CCOOko iturriek jakinarazi zutenez.