M.U.
AZKAINE

Ekologistei kasu egin eta mendia ez kaltetzea erabaki du Skyrhune probak

Azken asteotan antolatzaileekin harreman «aski zailak» izan badituzte ere, mendi elkarteak pozik dira gaur Azkainera ehunka korrikalari eta kirolzale erakarriko dituen Skyrhune mendi lasterketak Larhungo naturgunean izanen duen eragina mugatzea erabaki duelako.

Skyrhune mendi trial-aren antolatzaileek azken orduko erabakia hartu dute gaur arratsaldean, Azkaineko herri eta Larhun mendi tontorraren artean iraganen den kirol probarekin batera proposatzen diren besta ekimenak naturgunetik at kokatuz.

Azken asteotan antolatzaile eta talde ekologisten artean sorturiko ika-mika gaindituta, Larhungo eremuan igaroko den trailaren zaleek kirola eta besta uztartzen duen jardunaldiaz gozatzeko parada izanen dute.

Skyrhune mendi lasterketa gaur 14.00etan abiatuko da Azkaingo plazatik, eta Larhungo tontorra izanen dute helburu 21 kilometroko ibibidea bete beharko duten korrikalariek.

Eliteko kirolariei zuzenduriko lasterketak %85ean mendi bideetatik jarduten du eta bere ibilbidea oso zailtzat sailkatuta dago. Hala, antolatzaileek askoz errazagoak diren beste hainbat proba antolatu dituzte, haur zein helduei zuzenduta.

Antolatzaileen hasierako asmoak sortu zuen ika-mika; hots, ekimena ikustera joanen diren lagunentzako «fan zone»-a mendi aldean kokatu nahiak. Larhun babesteko lanean jarduten diren taldeek ohartarazi zuten kontzertuak eta taberna zerbitzua ez direla bateragarriak babesturiko eremu batekin.

Erakundeen utzikeria

CADE, Larrun Patrimoine Commun eta Larrun ez Hunki elkarteek salatu zutenez, antolatzaileek ez zituzten hasiera batean aintzat hartu babesturiko gunearen ezaugarriak. Era berean, aipaturiko elkarteek harriduraz hartu zuten Azkaingo Herriko Etxeak jarduera horiek Larhunen egiteko baimenak ematea.

Rafa Valdivielso CADE eta Larrun Patrimoine Commun elkarteen ordezkariak bere haserrea agertu zuen Mediabask-en: «Beste behin ere elkarteak bakarrik sentitu gara Natura 2000k babesten duen Larhun mendiaren defentsan».

Finean, Skyrhunen antolatzaileek eginiko atzera urratsa txalotzearekin batera, elkarteek naturgunearen defentsan ardura «serioski hartzea» galdegin zieten eskualdeko erakundeei zein Euskal Hirigune Elkargoari.