Idoia ERASO
BAIONA

Talde dinamizatzaile berri batek jarraipena emanen dio EHZ proiektuari

Euskal Herria Zuzenean elkarteak aurrera jarraituko du, eta hemendik goiti izango duen formatua zein izanen den erabaki ez badute ere, proiektu berri bat garatzeko taldea osatzea lortu dute. Irailaren 15ean Itsasun egin zen biltzar nagusiaren ondotik atera den hamar pertsonako talde dinamizatzaileak martxora bitarteko epea jarri du formatu berria osatzeko. EHZk festibala izaten jarraituko duen edo beste zerbait izanen den ez dago oraindik erabakita.

Uda honetan Baionako karrikek, Baigorriko plazak eta Itsasuko mendixkek hartu zuten EHZ festibalaren bertsio “Nomada”. Ibilbide hori etorkizunera begira nola egonkortu erabakitzen ari zirela plazaratu zuten hasiera batean antolatzaileek, baina, hilabete batzuetara, elkartearen eta ondorioz festibalaren etorkizuna arriskuan zela ezagutu zen. Desagertuko zen edo aurrera jarraituko zuten erabaki behar izan zuten sustatzaileek irailaren 15ean egin zuten biltzar nagusian.

Bada, erabaki dutenez, egitasmo berria sortzeko gogoeta abiatuko dute: «Egina izan dena baliatuko dugu, baina, aldi berean, egungo beharrei erantzungo dien proiektu bat izan beharko da». EHZk kaleratu agirian, elkarkidetzan egindako lana nabarmendu dute: «Elkartasun Erauntsian eta Zirimoletan jasotako elkartasunak indartzen gaitu, eta iaz hasitako gogoetari berrekiteko asmoa dugu orain».

Proiektuak jarraituko duela erabakita, gogoeta aitzina doa, eta, gainera, biltzarretik, zenbait pertsona gehiagok bat egin dute proiektuarekin. Itsasuko biltzarrean 55 pertsona inguru bildu ziren, eta, ordura arteko kopuruak kontuan izanik, pozik da Leire Fagoaga, taldeko kidea: «Kopuru ona da, eta, gainera, gazte berriak etorri ziren».

Talde berria

Hamar pertsonak osatzen dute talde dinamizatzaile berria, non bi sexuak era parekidean ordezkatuak diren eta Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako gazteek hartzen duten parte, Hendaiatik Zuberoara. Kide guztiak dira berriak, talde «aski gaztea» osatuz. Oso motibatuta daudela baieztatu du Fagoagak, eta, taldean diren gazteez gain, inguruan engaiatzeko prest den jende gehiago ere badela nabarmendu du. Hala ere, parte hartzeko gonbita ere luzatu du: «Motibatuak diren gazte gehiago baldin badira, hainbat hobe».

Talde berriko kideek baieztatu dutenez, «Arrosako zolatik Idauze-Mendira, Heletatik Lekornera bizi izan den herri honek dantzan segituko du». Bide horretan, taldean aurreko edizioko kiderik ez bada ere, elkartetik pasa diren belaunaldietako jendearen laguntza izanen dute. «Biziki hurbildik segitzen dute, beraiek ere biziki motibatuta dira. Hor ditugu, eta edozein zalantza edo galde badugu hor dira, eta hori eskertzekoa da».

Irailaren 22an eta 23an auzolanera deitu zuten EHZtik, Hazparnen zeukaten lokala hustu eta Lekorneko Garroa gaztelua txukuntzeko. Bertaratu zen jendearekin pozik agertu dira elkarteko kideak. «Auzolan horretan, biltzar orokorrean ikusi zen bezala, ageri da jendea atxikia dela elkarteari eta segitzen duela lanerako prest». Orain arteko EHZ festibaletan erabilitako materialaren hautaketa egin zuten auzolanean, jada zaharkituta gertatutako guztia botaz. Egoera onean ziren baliabide material guztiak, berriz, atxiki egin zituzten, sortuko duten proiektuan baliagarri izan daitezkeelakoan.

Aldi berean, Leire Fagoagak azaldu duenez, orain artean bezala aurrerantzean ere jarraituko dute dituzten komun idorrak horien beharra duten elkarte edo mugimenduei uzten. Aurreko asteburuan, adibidez, Irungo gaztetxean errefuxiatuei laguntza emateko antolatu gaualdiko antolatzaileei utzi zizkieten.