Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Interview
KOLDO ALMANDOZ
ZINEGILEA

«Zinemak funtzionatzen badu klixeak hausten dituelako da»

Zinegintzan hogei urteko ibilbidea badu ere, New Director atalean lehiatuko da Koldo Almandoz (Donostia, 1973), «Oreina» fikziozko bere lehen lan luzearekin. Elkarri bizkar emanda baina elkarri begira bizi diren bi anaiaren bidez, bi munduren arteko talka islatzen du filmak.

Bi anaiaren bidez, elkarri bizkar emanda baina elkarri begira dauden bi mundu erretratatu dituzu. Zein da abiapuntua?

Pelikularen oinarrian bi anaia eta mundua ikusteko bi modu zeuden; hasieran ezberdinak dirudite, baina, sakonduz gero, ikusten da biak direla depredadoreak eta euren bakardadea oso era berezian bizi dutela. Khalil bi horiek lotuko zituen bigarren mailako pertsonaia bazen ere, gidoian zein muntaian, lekua jan die, bera delako mundu zahar baten eta gaur egungo munduaren edo badatorren beste mundu horren isla. Egile bezala, gero eta gehiago interesatu zitzaidan beste mundu hori.

Khalil bezala, pertsonaia gehienak dabiltza zerbaiten bila, halako noraez batean.

Pelikula garaikidea egitea zen asmoa, jende normala erakustea, edonoren aita, ama, osaba edo lehengusua izan daitekeena eta denok ditugun miseria eta beldur txikiak dituena, batzuk sozialagoak izanda eta beste batzuk aparterago geratuta. Pertsonaien ekosistema hori islatu nahi nuen. Padurako animalia migratzaileak bezala, badira Khalil bezalako pertsonak, kanpotik etorriak eta hemen eboluzionatu behar izan dutenak. Eta badira, gasolindegian lan egiten duena neska [Joana] bezala, alde egitea erabakitzen dutenak. Euskal Herri garaikideko pertsonaiak dira.

Padura aipatu duzu. Paisaiak, inguruneak, presentzia handia du filmean, ia pertsonaia bat gehiago bilakatzeraino.

Hori da, niretzat oso garrantzizkoa da ekosistema periferiko hori azaltzea. Euskal Herrian nagusi bada ere, ikusezin egiten zaigu periferia; erdigunetik gertu daude auzoak, industrialguneak eta horiek nekazaritzarekin lotutako munduari jandako lurrak; aldi berean, azken urteetan mundu basati hori lekua berreskuratzen ari da, orkatzak edo basurdeak ikus ditzakegu industrialgune edo auzuneetan. Bizitza hori guk transitoan ikusten dugu, industrialgunetik hirira goazenean, sekula ez gara geratzen ikustera ze jende edo ze bizitza klase dagoen hor.

Ibaitik hartutako irudiak daude. Erraza izan da filmaketa?

Pelikula dinamikoa izatea zen apustua, batzuetan badu kutsu dokumentala ere, eta filmaketa potentea izan zen: barkutik barkura egindakoa da, ibaian ordu asko sartuta eta ekipoak ura leporaino zuela... Asko eman du ekipoak, asko inplikatu da, eta ni zentzu horretan oso gustura nago emaitzarekin.

Elkarrizketa gutxi dago, irudia eta musika erabili dituzu istorioa kokatu zein kontatzeko.

Filmatu genuenean askoz testu gehiago zegoen, baina muntaketa prozesuan oinarrizkora jotzeko saiakera egin genuen. Iruditzen zitzaidan gehiago transmititzen zutela testurik gabeko sekuentzia horiek guztiek elkarrizketek baino, askok lehen aipatzen zenidan bakardade eta sentsazio horiek guztiak azpimarratzeko soilik balio zutela. Eta, beharrezkoa ez dena, soberan dago. Bestetik, pelikula honetan transitoa erakutsi nahi izan dut, normalki pelikuletan ageri ez diren elipsi horiek: adibidez, Khalil motoan doanean motoan doala ikusten da, eta, txalupan doazenean, txalupan doazela. Zati horiek normalki ezabatu egiten dira filmetan, eta badoaz zuzenean akziora edo zerbait garrantzitsua esan behar den uneetara. Kasu honetan, momentu horiek garrantzitsuak zirela iruditzen zitzaidan, pertsonaren egoera erakusten dizutelako.

Bada zineman ohikoa ez den sexu-eszena bat, non emakumea den gozamenaren protagonista.

Beno, ez da meditatua izan: Khalil eta Joanaren artean atrakzio bat dago, argi dago Joanak ez duela aurrera egingo Khalilekin eta honek hori frustrazio puntu batekin bizi du. Klixe eta topiko artean bizi gara eta ez gaude zenbait gauzetara ohituta, esaterako, emakume basozainak ikustera, baina irudipena dut Biologia ikasleen %50 emakumeak badira halako lanbideetarako joera ere igoko dela. Orduan, uste dut zinemak klixe horiek hautsi egin behar dituela eta hain justu horregatik funtzionatzen duela, klixeak hausten dituelako. Beraz, halako harreman batean, sexu-eszena hori ohikoa izan daitekeela uste dut.

Hainbat «cameo» daude, Marian Fernandez ekoizlearena, Harkaitz Cano idazlearena, zurea, «Plágan» filmaren bidez...

Batzuetan inguruko jendearekin lan egitea izan da asmoa, eta “Plágan” sartzeak badu horretatik, baina baita praktikotasunetik ere: zinema aretoan ikusten ari diren filma gurea izateak saihesten du egile eskubideak eskatzeko kudeaketa lana, horiek ordaintzea... Horiek saiheste aldera egin genuen. Harkaitzena, berriz, argi dago keinu bat dela.

Hogei urteko ibilbidea duzu zinegintzan, baina Zinemaldian zuzendari berrien atalean sartu zaituzte...

Bai, eta ez hori bakarrik, baizik eta saila New Directors da orain, ezta? Ingelesez? En fin...

Hori erabaki dute antza, bai.

Ez dakit... Azkenean, beste batzuek aukeratzen dute non kokatzen zaituzten zu, ez bakarrik Zinemaldian, baita zine munduko kritikan eta abar. Zu ados egon edo ez egon, kirolean bezala, tokatzen zaizuna da arbitroak esaten duena irenstea eta kito. Sail interesgarria iruditzen zait, lan interesgarriak hartzen dituena, baina, aurkezpenean bertan, oso kuriosoa egin zitzaidan Kutxako tipoak “la sección de los novatos” deitu izana, hitz horiekin. Zer esango dizut ba... gogoa sartzen zaizu beste zerbait esan edo egiteko, baina isildu eta asumitu egin behar duzu.