Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Interview
JOSU MARTINEZ
ZINEGILEA

«Katoliko sutsua bazen ere, Jainkoak debekatzen duen guztia egin zuen»

«Gure Sor Lekuaren bila» (2015) audiorik gabeko film batetik abiatuta eraiki zuen bezala, kontrako bidea hartu eta irudirik gabeko audio batetik berreraiki du Josu Martinezek «Jainkoak ez dit barkatzen», Lezo Urreiztieta oinarri duen dokumentala.

Martin Ugalderen audio grabaketa batzuek gidatzen gaituzte dokumentalean. Nola eta non topatu zenituen?

Handik eta hemendik iritsi zitzaidan Lezo Urreiztietaren izena, banituen hari lotutako apunte interesgarri batzuk, eta, 2015-2016an ikertzen hastean, jakin nuen Martin Ugaldek egin zuen biografia txikitxo bat osatzeko audio elkarrizketak egin zizkiola. Zinta horiek Andoaingo Udalean zeudela jakin nuen; kartoi-kutxetan topatu nituen 35 orduko grabazioak. Ugalderen familiak poz handiarekin hartu zuen nire interesa, euren aitaren ondarea berreskuratzeko aukera ikusi zuten. Utzi zizkidaten, eraman nituen etxera eta berehala digitalizatu nituen.

Zer sentitu zenuen ondo entzuten zirela frogatu eta zintak entzuten hasi zinenean?

Zenbat eta gehiago entzun, orduan eta gehiago nahi nuen, ia konpultsiboki entzuten nituen, berehala konturatu nintzelako hor istorio oso potente bat zegoela, gauza askotan Euskal Herriko historiari eta kasu batzuetan baita Espainiakoari ere ñabardurak berriak egiten dizkiona.

Zerk harrapatu zintuen?

Pertsonaiak. Bizitza inposible horrek. Mende bakoitzean gizon gutxi batzuk sortzen dira horrelakoak, heroiak deitzen ditugunak, ehunka jenderen bizitza salbatzen dutenak, gerra gelditzeko gai direnak... Horrek, baina, baditu konplexutasun eta paradoxikotasunak ere. Horrekin batera, zinegintzan beti bereizten dira, nire ustez oker, azala eta mamia, eta hemen mamia bezain erakargarria zen azala; harribitxia da Lezo bera izatea bere bizitza kontatzen duena.

Pirata, kontrabandista, mugalaria, abertzalea... Nola deskribatu Lezo Urreiztieta?

Lehen-lehenik abertzalea, eta independentista. Eta idealista. Gero, pertsonaia paradoxikoa: katoliko sutsua bazen ere, Jainkoak debekatzen dituen gauza guztiak egin zituen, Luis Arana Goiri eta Indalecio Prieto bezalako pertsona antagonikoen seme kutun izateko gaitasuna zuen... Heterodoxoa zen, egoera konplexuak askatzeko gai. Akzio gizona zen.

Bere bizitzatik gauza askok ematen dute atentzioa. Franco hiltzeko prestatu zuen ekintza sortak, adibidez.

Eman dezake ameslari bat dela, eta bada. Baina pentsatu eta egin zituenak, eta ondo atera zitzaizkionak, ez dira gutxi. Egin zituen gauzek ematen digute egin ahal izan zituenen neurria. Franko akabatzea ez zuen lortu, baina 1948an Asturiasera joan eta inguratuta zeuden 30 gerrillari itsasoz ateratzeko gai izan bazen, ez zen ameslari hutsa.

Guadalupeko Euskal Estatua ere ametsean geratu zen...

[Barreak] Gaur egunetik bitxia da, baina asmo hori Sabino Aranaren garaian beste gizon batek –Kepa Altonagak aipatzen du “Patagoniara Hazparnen barrena” liburuan– izan zuen, kasu horretan Euskadi Berria Patagonian sortzekoa. Altonagak dio Sabino Aranak ere idatzi zuela Euskadi izan zitekeela edozein tokitan, baldin eta bere kultura eta arraza mantentzen bazituen. Baita uharte afrikar batean ere. Gaur egunetik begiratuta plan guztiz eroa dirudi, eta nik ez dut esaten eroa ez denik, baina testuinguruan jarri behar da. Israel ere hor dago. Eta nork saldu zien Florida amerikarrei? Horiek egin bazuten, guk zergatik ez?

Behin audioa lortuta, irudiak eskuratu behar. Dokumentazio lan gehiago eskatzen du horrek.

Lehenago “Gure Sor Lekuaren bila” dokumentala egin nuen eta hor banuen irudia baina audioa falta nuen, eta orain kontrakoa zen. Film gor bat egitetik film itsu bat egitera pasatzearen erronka artistikoa interesgarria zitzaidan: nola egin ikusezina dena ikusgai? Iruditzen zitzaidan Lezoren ahotsak bazuela aski indar gauza erabat ilustratiboa egiteko, eta saiatu naiz beste leku batzuetatik hartutako errekurtsoak erabiltzen.

Horrenbeste ertz eta bizipen dituen pertsonaia izanda, ezezaguna zaigu Lezo. Zergatik?

Muntatzen ari ginela, bigarren astean, muntatzaileak esan zidan Koldo Mitxelenan egona zela eta ez zuela Lezoren gaineko aipamen bakar bat ere topatu. “Esadazu egia, hau zer da, zuk asmatutako fikziozko pertsonaia bat?”, galdegin zidan. Entzuten ari zen guztiarekin, harrigarria zitzaion guztiz ezezaguna izatea. Lezo amerikarra edo frantsesa izan balitz, frantziar erresistentziako kidea adibidez, segur aski pelikulak eta liburuak aterako zizkioten. Baina Lezo pertsona independentea zen, heterodoxoa, bere bidea egin zuena, eta, orduan, inongo alderdi politikorentzat ez da ehuneko ehunean “gutarra”. Nik beti esaten dut, hala ere, imajinario kolektiboa osatzeko askoz ere interesgarriagoak direla Lezo bezalako pertsonaiak tatxarik ez duten heroi santifikatuak baino.