Maider IANTZI
ARNASGUNEEN PREBENTZIOTIK GARAPENERA

ARNASGUNEEN ALDE EGITEKO EDUKIA ETA EREDUA EMAN DUTE

EUSKARAREN ARNASGUNEEN ALDE EGOTETIK HORIEN ALDE EGITERA PASATU BEHAR DA. PREBENTZIOTIK GARAPEN OREKATU ETA JASANGARRI BATERA, SUBJEKTU JURIDIKO GISA EGITURATUTA. HORIEK DIRA ELKARLANEAN ANTOLATU DITUZTEN LURRALDEARI ETA HIZKUNTZARI BURUZKO LAUGARREN JARDUNALDIAREN ONDORIOAK.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk eskuz esku prestatu zuten “Lurraldea eta Hizkuntza” (LUHI) jardunaldiaren laugarren edizioa. Eta goizean goizetik hasi eta arratsaldera arte egitarau mamitsua bete zuten ostegunean Azpeitiko Sanagustin Kulturunean, aurkezpen, solasaldi, bazkari eta kafe artean.

Zazpi ondoriotan laburbildu zuten egunak eman zuena, eta heldu den urtean bosgarren LUHI bat egiteko adina material badenez, bertan elkartzeko itxaropenarekin agurtu zuten. Bitartean, ez dira geldirik egonen. Adibidez, euskararen arnasguneen garapena jorratuko dute, orekatua eta jasangarria izan dadin saiatuz. Zeharkakotasuna ere erdigunean jarri dute, jendartearen «antolaketa, egituraketa eta jardunean eragiten duten proiektu guztiek hizkuntzen normalizazio edo galera prozesuak bultzatzen dituztelako».

Arnasguneen alde egotetik horien alde egitera pasatzea da asmoa. Jardunaldian landu zutenak horretarako erreferentzia markoa eskaintzen du, baita bide posible batzuk ere. Aipatutako pausoak emateko, ezinbesteko ikusten dute «arnasguneak subjektu juridiko gisa egituratzea»; ikerketa aplikatuko lerro berriak irekitzea; eta Lurralde Antolaketarako Euskararen Plan Sektoriala garatzea. «Edukiaz gain, gizarte eragileon eta erakunde publikoen arteko lankidetza-eredu interesgarria ematen du jardunaldiak».

Zazpigarren eta azken puntua arnasguneetan bizi diren euskaldunen kontzientzian eragitea da, alde batetik euren ahalduntzea bultzatuz eta bertzetik identitatea balio aurrerakoien baitan landuz.

Kalitatearen aldarria

Jardunaldiaren solasaldietako bat Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariaren eta Xabier Amuriza bertsolari eta idazlearen artekoa izan zen. Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak elkarrizketa moduan gidatu zuen saioa, biei galderak eginez. «Zer egin geroan ere arnasguneek hiztun trebeak izaten jarraitzeko?», galdetu zien. «Herri txiki oso aktiboak ezagutzen ditut. Horiek lortzen dute kontzientzia praktikara eramatea. Hortik dator soluzioa», erantzun zuen Amurizak.

“Dragoi Bola” itzuli eta euskaldunoi manga kulturaren leihoa ireki zigun etxanoarrak hizkuntzaren kalitatea aldarrikatu zuen behin eta berriz. «Euskara ona egiten ez bada erosioa dator, eta hortik galera», ohartarazi zuen. Bere ustez, garrantzia eman behar zaio kalitateari, batez ere «maila erreferenteetan». Horrekin lotuta, euskalkiak galdu eta “sukalkiak” gelditu direla adierazi zuen. «Azpeitiera ez da euskalki bat. Gipuzkera da euskalkia. Euskara batutik etxeko hizkerara pasatu gara. Bost euskalki daude, ez 500».

Genero ikuspuntua

Elgarrestak erantsi zuen euskararen alde egiten denean genero ikuspuntua txertatu behar dela. «Emakumeok biztanleriaren erdia gara, baina gure presentzia ekonomiko eta soziala ez da hain handia. Alderantziz; gutxitzen doa. Arrakalak daude lan banaketan, ordainsarietan, landa eremuko jabetzen titulartasunean», agertu zuen nekazaritzarekin lotuta lan egin duen zumarragarrak.

Emakume nekazariek helarazitako proposamen batzuk aipatu zituen. «Nekazariak dira, baina zaintza alorreko ekintza guztiak euren bizkar gelditzen dira eta hori ez da baloratzen, ez dago prestigiatua. Omenaldi dezente egin dira, baina horiek ez dituzte emakumeak asetzen. Aintzat hartu eta merezi duten balioa eman behar zaie», defendatu zuen. Giltzarria oreka dela azpimarratu zuen.